Gorroto Diskurtsoen Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen atzo. Aurreiritziak betikotzeko balio dute estereotipoek, eta halakoak baliatzen eta elikatzen dituzte gorroto mezuek. Etorkinei dagokienez, migratzaile adingabeak kriminalizatzea izan da gisa horretako diskurtsoen helburuetako bat, eta hori gertatu da berriki Zizur Nagusian: hango udalak Nafarroako Voxen jarrera salatu du, eskuin muturreko alderdi horrek bideo bat zabaldu eta gero migratzaile adingabeak hartzeko Zizur Nagusiko zentroari buruz —Espainiako Gobernuak kudeatzen du zentro hori—. «Gazteok seinalatu dituzte», erran du Zizur Nagusiko Segurtasun zinegotzi Andoni Serranok.
Ikusi gehiago
Voxek apirilaren 19an zabaldu zuen bere bideoa sare sozialen bidez; maiatzaren 28an, berriz, Voxeko hainbat kide eta eskuin muturreko hedabide bateko kide batzuk Zizur Nagusian egon ziren, herritarrei adingabeen inguruan galdetzen. «Zentroko ateraino sartu ziren», azaldu du Serranok. Handik egun batzuetara, zentroko arduradunek erabiltzen duten furgoneta baten gurpilak zulatuta agertu ziren.
Nafarroako Gobernuak ere salatu du Zizur Nagusian gertatutakoa. «Eraso bat izan da, eta ez da bakarra. Antzekoak gertatu ohi dira guk kudeatutako zentroetan ere; eskuin muturra nahita ari da mezu jakin batzuk zabaltzen, eta jarrera horrek baditu ondorioak», erran du Nafarroako Gobernuko Haurren, Nerabeen eta Familiaren Arloko Zuzendariordetzako buru Amalia Cuarterok.
Iaz, Martzillan
Arrazakeria, xenofobia eta aporofobia elikatzen dituzten gorroto mezuen oinarrian botere harremanak daude, eta, anitzetan, erakunde publikoetako ordezkariak dira gorroto diskurtsoei eusten dietenak. Berriki, «gazte migratzaile adingabeen gaineko kontrola indartu» dezala eskatu dio Tuterako alkate Alejandro Toquerok (UPN) Nafarroako Gobernuari, ustez Eskubide Sozialen Departamentuaren babespeko etxebizitza bateko bi kidek lapurreta egin eta gero. «Batek egiten duena kolektibo oso bat kriminalizatzeko erabiltzen da», salatu du Cuarterok.

Nafarroako Gobernuak adingabeak behatzeko eta haiei harrera egiteko dozena erdi zentro ditu; adingabeak babesteko zerbitzuaren lehen maila da hori, Cuarterok azaldu duenez, eta adingabeon egoera aztertzeko eta jarraitu beharreko bidea zehazteko balio du.
Duela urtebete, hain zuzen, istiluak izan ziren Martzillako behaketa eta harrera zentroan. Cuarterok zehaztu du «behar baino adingabe gehiago» hartu zituztela han. Zentroak 40 lagunentzako tokia du, baina 94 ziren iazko udan. Herritarrek protestak egin zituzten, eta «segurtasunik eza» gaitzetsi. Zentroko langileek, berriz, salatu zuten herritar batzuek migratzaile adingabeak «estigmatizatzen» dituztela. Gobernuak tokiz mugitu zituen 23 gazte, istiluen ondorioz.
Behaketa eta harrera zentroetatik gobernuaren ardurapean dauden etxebizitzetara edo egoitzetara joaten dira adingabeak, eta 18 eta 21 urte bitartekoentzat, gainera, autonomia sustatzeko etxebizitzak dituzte. «Sisteman dauden 18 urte baino gehiagoko gazteen %77 formakuntza jasotzen ari dira, eta %19, berriz, lanean edo lan bila», erran du Cuarterok. Sare sozialen bidez zabaltzen diren gorroto mezuei kontra egin nahian, erantsi du gobernuaren babespeko zentroetan eta etxebizitzetan dauden adingabeek dauden herrietako egunerokoan parte hartzen dutela hezkuntzaren, kulturaren eta kirolaren esparruko jardueren bidez, eta esperientzia, oro har, «hagitz ona» dela.

«Ondokoa ezagutu nahi izatea, besteak esateko duena entzuteko jakin-mina izatea, hori da gakoa». Horixe azpimarratu du gazte migratzaileekin lan egiten duen Sei elkarteko kide Maite Zigandak. Gorroto mezuek talde jakin bat lehenetsi nahi izaten dutela azaldu du, eta «faktore askok» eragiten dutela. Unibertsitateak ikertzera deitu ditu, eta herritarrak jakin-minez jokatzera. Serranok eta Cuarterok adingabeak babesteko beharra berretsi dute.
Elizondon, ikasketak eta kirola
Nafarroako Gobernuak bakarrik ailegatutako migratzaile adingabeentzako hainbat zentro ireki ditu azken urtean, horietako bat Elizondon. Gobernuko arduradunek herriko erakunde publikoekin eta eragileekin batera egin dute zentroa irekitzeko prozesua, eta jarraipen batzorde bat osatu, bizikidetza sustatze aldera. Gizain erakundeak kudeatzen du zentroa, eta 26 lagun ari dira hartan lanean; haietako hogei hezitzaileak dira.
Ikasten edo lanerako trebatzen ari dira Elizondoko zentroan bizi diren gazteak. Bi, gainera, Baztan errugbi taldearekin entrenatzen aritu dira maiatzera bitarte. Unai Mugiro kirol taldeko kideak nabarmendu du gazteok «gustura» aritu direla, eta aukera badute taldera itzuliko direla urrian. Hain zuzen ere, e
rrugbi taldea da zentroa martxan jartzeko osatutako batzordean parte hartu dutenetako bat. Mugirok garbi erran du gazteak «ederki» moldatu direla taldearen martxara. Oroitu du, halere, gobernuak martxoan zentroko gazteen inguruko bideo bat zabaldu zuenean, irainak helarazi zizkietela sare sozialen bidez. «Gazteoi babesa erakusteko jardunaldi bat antolatu genuen erantzun gisa».