Euskaraz bizi nahi dut leloa irakurri nuenetik eta, batez ere, bere esanahia ulertu nuenetik sartuta geratu zitzaidan gogoan. Otoitz baten gisa, buruan eta bihotzean daramat gordea. Modu koherentean saiatzen naiz bere esanahiaren araberako euskalduna izaten. Ez da batere erraza, baina ez da ezinezkoa. Ez da. Nafarroan euskaraz bizitzeko guneak egunero elikatu eta berriak sor ditzakegu, eta, bertan, Hamleten intxaur-oskola balira bezala, euskaraz normaltasunez bizi.
Badakigu ez dela ofiziala, eta ofiziala izan beharko lukeela. Badakigu zein zaila den instituzioetan eta administrazioan euskara erabiltzea. Badakigu zaila dela. Badakigu orokorrean zer pentsatzen duen jendeak: zertarako ikasi hizkuntza hori? Zergatik hitz egin euskaraz, gaztelaniaz dena errazagoa izanda? Badakigu. Gainera, euskara ikasteko ordaindu egin behar dugu, nahiz eta doakotasunaren bidean urratsak egiten hasia den Nafarroako Gobernua. Badakigu historikoki gutxietsia eta debekatuta egon dela eta zer-nolako zigorrak ezarri diren euskaraz hitz egiteagatik. Badakigu nola borrokatu den herri hau euskara bizirik mantentzeko. Badakigu zenbat oztopo jartzen dituen zenbaitek euskararen erabilera zabaltzeko edo, zuzenean, hizkuntza desagerrarazteko, badakigu. Badakigu ze konplexua den euskararen egoera Euskal Herri osoan. Nola ez! Badakigu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak euskararen presentzia murriztuko duela hezkuntza sisteman eta badakigu eskubideak babestea oso zilegia eta garrantzitsua dela, badakigu.
Batzuetan gai honek nekatu eta gainditu egiten nau. Eta pentsatzen dut hemen, Euskal Herrian, euskaraz hitz egitea izan beharko lukeela arruntena, naturalena. Eta hori gogoan izanda, euskaldunok euskaraz arituko bagina toki eta egoera guztietan, zer gertatuko litzateke? Ni sinetsita nago horixe dela gure boterea, euskararen kontrako jarreraren gurpil zoro honetatik ateratzeko bidea dela, istorio amaigabe horri bukaera emateko modua.
Angela Davisen esaldi bat gogora ekarri nahi nuke: Ez da nahikoa arrazista ez izatea, arrazisten aurkakoak izan behar dugu. Uste dut ideia bera aplikatu beharko genukeela euskararekin. Hemen, Nafarroan, ez da nahikoa euskara ikastea, eskolan edo euskaltegian; garrantzitsuena euskaraz egitea da.
Hemen, Nafarroan, ez da nahikoa euskara ikastea, eskolan edo euskaltegian; garrantzitsuena euskaraz egitea da
Herriak bakarrik salbatzen du herria dio herri elkartasun eta autoantolakuntzaren leloak, maiz Antonio Machado poeta espainiarrari egozten zaiona Espainiako Gerra Zibilean. Nik uste dut gaur egun indarrean jarraitzen duela esaldi horren mezuak.
Ukaezina da erakunde publikoek bete beharreko paper garrantzitsua dutela euskararen biziberritze bidean eta guk bere lana egiteko exijitu behar diegula. Baina, horrekin batera, gainerakook ere gure ardura dugu, eta nork bere ahalegina egin beharra duela uste dut. Dena erraz, ahaleginik gabe eta azkar lor daitekeela sinetsarazi diguten honetan, ibilbide eskaseko mezua dirudi esfortzua eskatzeak. Baina ez dugu ahaztu behar euskararen egoera konplexua dela, ez dela arinkeriaz moldatzeko kontua, eta gure hizkuntza maite badugu merezi duen lekua eman behar diogula gure bizitzetan. Euskararen biziraupenaren ardura ez dago soilik, ezta nagusiki ere, euskaldunon gain, baina denok jar dezakegu gure alea bide horretan.