Maria Jose Brust: «Kalabazinarekin egin nuen marmelada, baina ez zitzaidan batere gustatu»

Askotariko barazkiak eta frutak erabiliz, Maria Jose Brust artisauak marmeladak egiten ditu. 25 urte daramatza Iruritako Mermeladas Irular familia enpresan lanean.

Maria Jose Brust marmelada egilea
Iruritako Irular marmelada etxeko arduradun Maria Jose Brust. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2023ko azaroaren 27a
05:00
Entzun

Etxeko barazki eta fruta ekologikoak erabiliz, zapore berriak bilatzen ditu Maria Jose Brust artisauak (Arrosa, Nafarroa Beherea, 1961). Mugurdiekin esperimentatzen hasi zen, eta ordutik marmelada ugari sortu ditu; hala nola onddoak tipularekin, pikuak Ezpeletako piperrekin eta sagarrak fruitu lehorrekin. Duela 25 urte sortu zuen Iruritako Irular familia enpresa, eta Xabi Arraztoa semeari pasatuko dio lekukoa. 

Mugurdi plantazio batekin hasi zen dena. Nola gogoratzen dituzu hasierako egunak?

Udan laguntzen ibili nintzenez eta ezin zutenez gehiago egin, lagun batek mugurdi plantazio bat eman zidan. Mugurdiak ez duenez irauten eta egun batean sartu behar denez, izugarrizko estresa izan zen. Egun batzuetan laurehun kilo genituenez, arras zaila zen sartzea. Orduan, bakarrik uda bat aritu nintzen. Ostean, Elizondoko azoka batera joateko esan zidaten, baina ez nuen bakarrik fruta jarri nahi postuan. Hortaz, erabaki nuen guk egiten genituen gauzak eramatea; hala nola marmeladak eta likoreak.

Arrakasta handia izan zuen, ezta?

Marmeladak eta likoreak probatu ostean, ate joka etortzen ziren. Ezin nuenez saldu, ez nuelako erregistrorik, erabaki nuen ikastaro batzuk egitea Donezteben, fiskalitateari eta horrelako gauzei buruz ikasteko. Galdetu nuen ea lantegia jartzeko aukerarik zegoen, eta esan zidaten galdetuko zutela, baina, ez zutenez egin, Erremendiara joateko aukera eman zidaten. Hiru portu pasatu behar nituen Iruritatik Erremendiara joateko, eta ia bi ordu ziren. Astean bi egunetan joaten nintzen, ezin nintzelako egunero joan. Orduan, gutxiago produzitzen nuen. Bi urte eman nituen Erremendian, eta arras zaila zen.

Horregatik erabaki zenuen zeure kabuz sortzea lantegia?

Bai, baina trabak nituen alde guztietatik. Zerbait txikia sortu nahi nuen, baina enpresa handiei eskatzen dietena eskatzen zidaten. Erraten dute herri txikiak ez husteko landa eremuaren garapena sustatu behar dela, baina informazio gutxi dago. Arras gogorra izan arren, azkenean lortu dugu 25 urtez aritzea.

Nola egiten duzue lan?

Dena egiten dugu; landatu, fruta jaso, marmeladak egin, kontabilitatea, eta beste gauza asko. Frutaren arabera egiten dugu lan; fruta batzuk, esate baterako pikuak, azkar egin behar dira, ozpindu egiten baitira. Sagarrek, aldiz, bi aste iraun dezakete. Aurten sagarrak soberan izan ditugu. Ez dugunez tratatzen, frutak kolpe handiak izaten ditu, baina zapore eta usain aldetik beste mundu bat da.

Gainerako uzta nola joan da?

Piku anitz izan ditugu. Baina arazoak izan ditugu liztor asiarrarekin, fruta pila bat jaten baitu. Batzuetan kanpotik ematen du sagarra ongi dagoela, baina gero barrutik hutsik dago, eta liztorra barrenean nago. Ez didate hozkarik egin orain arte, baina beldurrez ibiltzen naiz. 

Sumatu duzu klima larrialdiaren eraginik uztan?

Baztanen zaila da jakiten, beti izan delako uzta irregularra. Adibidez, nahiz eta eguraldi aldetik baldintza onak izan, normalean sagarrak urte batean pila bat ematen du eta hurrengoan gutxiago. Joan den urtean sagar gutxi izan genituen, baina tomate pila bat. Aurten, aldiz, tomateak etxerako bakarrik lortu ditugu, udan eta abuztuan lainoa, freskoa eta ipar haizea egin baitu.

Zergatik erabaki zenuen zapore tradizionaletatik urruntzea?

Hasieran jelea egin nahi nuen. Jelea marmeladaren antzekoa da, baina bakarrik frutaren zukuarekin egiten da. Iparraldean anitz egiten da, baina, saiatu nintzenean, Hegoaldeko jendeari ez zitzaion deigarria egin. Orduan, erabaki nuen marmeladak nik nahi nuen bezala egitea; ez nuen marmelada tradizionalik egin nahi. 

«Erraten dute herri txikiak ez desagertzeko landa eremuaren garapena sustatu behar dela, baina informazio gutxi dago»

Zer-nolako harrera izan zuten?

Lehenengo urteetan kostatu zitzaidan, eta azoka batetik bestera joaten nintzen jendeak probatzeko. Gainera, zalantzan jartzen zuten egiten ari nintzena.

Zein da egin duzun marmeladarik xelebreena?

Gehien saltzen dena da albertxikoa laranja zukuarekin; eta bigarrena marrubia mendarekin. 

Nolatan hasi zinen gauza gaziekin marmeladak egiten?

Ez nuen bakarrik postrerako edo gosaltzeko egin nahi. Orduan, ikusi nuen tipularekin egindako marmelada zegoela, baina nahiko zozoa iruditzen zitzaidan. Etxean oso onddo zaleak garenez, guk bildutako onddoekin eta tipularekin egitea pentsatu nuen. Gero, pikillo piperrarekin egiten hasi nintzen, pikua Ezpeletako piperrarekin, eta sagarra fruitu lehorrekin. 

Nola ikasi zenuen egiten?

Gure etxean beti egin izan ditugu marmeladak. Oroitzen naiz txikitan eskolatik atera, masustak bildu, eta niretzako marmelada egiten nuela meriendatzeko. Beti esperimentatu izan dut; ez daukat irudimenerako problemarik.

«Erabaki nuen marmeladak nik nahi nuen bezala egitea; ez nuen marmelada tradizionalik egin nahi»

Gaizki ateratako saiakera asko egin dituzu?

Pila bat. Adibidez, kalabazinarekin egin nuen marmelada, baina ez zitzaidan batere gustatu.

Semeak hartuko du lekukoa. Marmeladak egiten jarraituko duzu?

Nire helburua da semeak bere egitea enpresa, eta poliki-poliki nik ardura gutxiago izatea. Aurten, adibidez, patxaran marmelada egin dugu, hari ilusioa egiten ziolako. Hala ere, nik badakit guztiz ez dudala utziko; lan handia denez, laguntza beharko baitu. Gainera, ez naiz geldirik egotekoa. Beraz, osasunak uzten digun bitartean, ondoan egongo gara. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.