«Antzerki sorkuntza prozesu baten barruan, harremanak eta taldeari buruzko kontakizun propioa sortzeko elkartu garen talde bat gara. Hau da, kolektiboki erabakitzeko, sortzeko eta komunikatzeko nortzuk garen, zein gauzak zeharkatzen gaituzten, nola amesten dugun, nola salatzen dugun inguratzen gaituen mundua eta zer bilakatzen garen hori egin bitartean». Hitz horiekin azaldu du Maialen Diaz aktoreak antzerki komunitarioa zer den. Inshallah / Oxala / Ojalá antzezlaneko zuzendaria da. Ekainaren 24an estreinatuko dute, 20:00etan, Iruñeko Geltokin. Calatea antzerki konpainiak diseinatu du, Lantxotegi elkartearekin batera, Teatrodix proiektuaren barruan.
Nirekin bidaiatzen diren kantak, B aldea antzerki laborategiaren bitartez sortu dute lana, eta musikari lotutako galdera irekiak izan dira abiapuntua. Diazen arabera, horrek modua ematen du taldean daudenek nahi duten arlotik harremanak egitea sorkuntzarekin: «Asmoa ez da jendeari galdera intimo eta biografikoak egitea. Batzuetan ematen du profil zaurgarriekin lan egiten duzunean minak kontatzeko esparru bat sortu behar duzula. Horrek batzuetan eragiten du jendeari traumaren eta minaren inguruko oso galdera sarkorrak egitea. Agian jendeak amets egitera etorri nahi du antzerkira, jolastera, ligatzera, jendea ezagutzera edo kalean hotzik ez pasatzera».
Bat egin du horrekin Arantxa Caminos Lantxotegi elkarteko langileak eta obrako zuzendari laguntzaileak. Uste du «oso aukera ona» dela norberak erabaki dezan zenbateraino landu nahi dituen gauza batzuk edo besteak: «Laguntza prozesu bat da, eta oso ariketa sakona amesteko, edota egunerokoan ateratzen ez ditudan nortasunaren ezaugarri batzuk antzerkiaren bidez ateratzeko. Adibidez, nik ez badut inoiz mugarik jartzen, antzerkian jarriko ditut».

Taldeko kide batek proposatutako kanta bati esker, munduan aldatu nahiko lituzketen gauzen inguruan gogoetatzen hasi ziren. Horregatik, taldearen desioak biltzen dituen pieza bat sortu dute. Besteak beste, etxebizitzaren arazoa landu dute, auzolana, maitasuna eta adina, deportazioak, arrazakeria eta Palestinaren kontrako genozidioa. «Modu batean baino gehiagotan lantzen ditugu gaiak: umorea baliatuz, fantasia oinarri hartuta edo salaketa sozial zuzenak eginez. Ez ditugu galdera zuzenak egiten, baina, gaiak hor daudenez, agertu egiten dira. Ez gara problema indibidualetan sartzen, baina saiatzen gara egoera zaurgarriak egiturazkoak diren gauzekin lotzen», esan du Diazek.
Marko narratibo berriak
Iruditeria zabaldu, rol ezarrietatik eta estereotipoetatik ateratzeko aukera eskaini, eta marko narratibo berriak sortu nahi dituzte. «Ematen du zaurgarria den norbaiten istorioa kontatu nahi badugu zaurgarria den norbaitek kontatu behar duela. Akaso pertsona horrek ez du hor egon nahi», esan du Diazek. Horregatik, taldean gai edo istorio jakin bat landu nahi badute, norberak erabakitzen du rol hori jokatu nahi duen edo ez, eta nola kontatu nahi duen: «Tresna batzuk ditugu, eta, horien bidez, aukera dago kontatu bai baina berriz gorpuztu nahi ez diren istorioak azaldu ahal izateko».
Proiektuan parte hartzea doakoa da, eta atea zabalik lan egiten dute, hau da, noiznahi batu daiteke jendea. Alabaina, lekua eta jendea zaintzeko konpromisoa eskatzen dute. «Harrera leku bat izatea nahi dugu. Ez da erraza hori sorkuntza prozesu batekin uztartzea, baina bai ederra», aitortu du Diazek. Antzerkiko tekniken eta lengoaiaren bidez, zenbait gaitasun lantzen dituzte; esate baterako, entzuteko gaitasuna, konpromisoa, elkarlana eta irudimena. Horrez gain, Caminosek dio identitate kolektiboa sortzeak «asko» laguntzen duela ongizatean.
Proiektuaren asmoa ez da laguntza zerbitzu bat izateko asmorik. Alta, harreman estuak sortzeko esparru bat dela eta taldekideak elkarren sostengu direla azaldu du Caminosek: «Denok ditugu argiak eta itzalak. Batzuetan, ni egonen naiz oso zaurgarri ,eta laguntza beharko dut, eta, beste batzuetan, zuk beharko duzu». Horretarako entseguetatik kanpo saretzeko espazioak sortu dituzte. Hizkuntzez ere baliatzen dira elkarrengana hurbiltzeko. Gaztelania nagusi den arren, euskaraz eta arabieraz ere sortzen dute. Fatima Elmourabit arduratzen da itzulpenaz. «Hizkuntza da bazterkeriaren lehen faktorea. Hizkuntza barneratu arte, berez ezin da inklusioa bermatu. Hori sekulakoa da», esan du Caminosek. Horregatik, ez dute nahi hizkuntza oztopo bat izatea.