Laba sareak aukeratu ditu Hazitegia beken lehen aldiko irabazleak: elkarteak mila eurorekin lagunduko du Iruñeko Arrotxapeko gazte talde batek auzoko libertimendua prestatzeko martxan jarri duen proiektua, eta bertze mila eurorekin Iker Colomo eta Harritxu Atxa artistek Iruñeko Alde Zaharrean garatuko duten auzo jolasa. Denera zazpi proposamen jaso dituzte, eta, bekak birentzat baino ez badira ere, gainerako proiektuak «ahal den neurrian» lagunduko dituztela nabarmendu du Maialen Sagues Laba sareko kudeatzaileak: «Oso pozik gaude, Labaren jarduerarekin bat egiten duten proiektu askotarikoak eta oso interesgarriak jaso baititugu; jendea martxan den erakusgarri dira».
Irabazleek ere «oso pozik» hartu dute Labak emandako bultzada. Elkarteak Nafarroako Gobernuarekin sinatutako akordioari esker sortu ditu Hazitegia proiektuko bekak. Labako ordezkari Igor Lopez de Uraldek eta Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok sinatu zuten lankidetza hitzarmena, ekainaren 10ean, eta 26.000 euroko aurrekontua du aurtengo. Akordioaren helburua da euskaldunen komunitatea saretzen laguntzea, eta euskaraz ez dakitenei hizkuntza hurbiltzea.
Labako kideek garbi dute beka jasotzeko aukeratu dituzten bi proiektuek bat egiten dutela helburu horiekin. «Proiektuak garatzeko prozesuek ere badute komunitatea saretzeko eta sendotzeko ahal handia», zehaztu du Saguesek. Arrotxapeko libertimendua prestatzeko, auzoko hainbat elkartetako gazteek bat egin dute, eta hasiak dira lehen urratsak egiten. Asmoa da libertimendua datorren urteko otsailean aurkeztea. Labako kideek azaldu dute libertimenduak irri egiteko aukera ematen diela herritarrei, eta, aldi berean, kritika sozialerako tresna bat ere badela. Arrotxapeko gazteek, gainera, auzoko euskal komunitatea sendotu nahi dute, antzerkia, dantza eta bertsoa baliatuz, bertzeak bertze.
«Labaren jarduerarekin bat egiten duten proiektu askotarikoak eta oso interesgarriak jaso ditugu»
MAIALEN SAGUES Laba sareko kudeatzailea
Arrotxapeko libertimenduak, hain zuzen, segida emanen dio Iruñeko bertze auzo batzuetan hasitako bideari. Azken bi urteotan, Arrosadiko libertimendua antolatu dute auzo horretako eragileek, eta, Alde Zaharrean, Iruinkokoen libertimenduak astindu ditu karrikak 2019az geroztik.
Colomok eta Atxak aurkeztutako proposamenean ere komunitatea da ardatz; bi artistok, zehazki, Iruñeko Alde Zaharra aukeratu dute beren proiektua garatzeko eta herritarren parte hartzea sustatzeko, auzo jolas baten bidez. Jolasa diseinatzeko prozesua hasiko dute orain, bekari esker. Laba sarearen egoitza baliatuko dute auzokideekin bilerak egiteko eta beren egitasmoa kolektibo bilakatzeko. Prozesu osoan inplikatu nahi dituzte herritarrak. Datozen hilabeteotan eginen dute gogoeta eta sormen lan hori, eta azken emaitza datorren udan aurkeztuko dute, Alde Zaharreko karriketan.
Bertze programa batzuk
Hazitegia bekak jaso dituzten proiektuetako kideek lan eta lan emanen dituzte datozen hilabeteak. Labako arduradunek ere badute zer egin. Batetik, Saguesek azpimarratu du sareko kideak prest direla aurkeztutako bertze egitasmoak ahal duten neurrian babesteko; Labaren agendan txertatu ahal izanen dituzte batzuk, adibidez. Bertzetik, sarea bere proiektu propioak garatzen ari da.
Ongi Etorri Iruñera programa da Labak sortutako proiektu horietako bat. Lantxotegiren Kabia egitasmoko kideekin batera garatu dute, gazte migratzaileak euskarara eta hemen jaiotakoak migratzaileon hizkuntzetara eta errealitatera hurbiltzeko asmoz. Iaz egin zuten lehen aldiz, otsailetik maiatzera; bigarren aldia urriaren 30ean abiatuko dute.
Ez da hori izanen Labak datorren astean antolatuko duen jarduera bakarra: azaroaren 1ean, Erupzioa izeneko besta eginen dute elkarteko kideek Iruñeko Arrosadian. Jarduera horren bidez, hirigunetik auzoetara mugitzea da Laba sarearen asmoa, eta hiriko txoko guztietara eramatea bai euskararen erabilera sustatzeko egiten duten lana eta bai hizkuntzaren aldeko aldarria.

Broken Brothers Brass Band taldeak lagunduta eginen dute Labako kideek Gazteluko plazatik Arrosadira joateko bidea, 11:00etan hasita. Musika, dantza eta bertze izanen dituzte auzoan, egun osoan: Lander Veronaren bakarrizketa 11:15ean, zirku ikuskizuna 11:50ean, dantza emanaldia 12:20an, kontzertu akustikoa 13:00etan; bazkaria 14:30ean, eta euskaraokea 17:00etan, bertzeak bertze.
Harrerarekin pozik
Bekak, programak, bestak... Labako kideek ez dute atseden hartzeko aukerarik izan Gazteluko plazako egoitzako ateak berriz ireki zituztenetik. Otsailean itxi zituzten, berritze lanak egiteko. Sei hilabetez aritu dira egoitza atontzen eta handitzen. Irailaren 1ean ireki zuten berriz, eta irailaren 6an besta bat egin zuten Laba sareak bertze etapa bat hasi duela ospatzeko.
«Oso pozik gaude herritarrek egin diguten harrerarekin. Oso polita da Laba beteta ikustea», nabarmendu du Maialen Sagues kudeatzaileak. Saguesek erantsi du urriko eta azaroko agenda «betea» dutela, eta horrek erakusten duela eskaintza zabal eta askotariko bat prestatzeko ahala badutela. Urriaren 28an, Tribialaba eginen dute, eta urriaren 29an, berriz, Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza liburua aurkeztuko dute.