Kamerak eta mariatxiak. Alfonbra gorriko estreinaldia izan zuen Iruñeko Laba sarearen egoitza berrituak, astelehen arratsaldean: Luca Medici zuzendari italiarra Buon camino izenburuko laneko hainbat eszena filmatzen aritu zen Gazteluko plazan, Laba sareko kideek bazkideentzat antolatutako bisitak hasi zituzten ordu berean. Laba film bat balitz, sareko kideek erraten ahalko zuten bigarren zatia aurkeztu dutela, egoitza berriz ireki baitute sei hilabetez itxi eta gero; eraberritu dute, proiektua sendotzeko.
Labak 09:00etan ireki zituen ateak astelehenean; bisitariek sumatu zuten aldea, elkarteak, hasierako mamiari eutsi badio ere, itxura nabarmen aldatu baitu: batetik, handitu egin da, Labak bat egin baitu ondoan itxi zuten tabernarekin; eta bertzetik, orain arte ez zituen gune batzuk sortu ditu. Nabarmentzekoa da musika entzuteko taberna edo listening bar delako bat izanen duela Labak, Nafarroako lehena. Sareko kide Iker Tubiak horixe azaldu zien astelehenean egoitza ezagutzera joan ziren bazkideei, haiekin egindako bisitan. Barraren ondoko txoko batean, hi-fi motako soinu ekipo bat jarri dute. Larra etxeko tailerrean egin dute, eskuz, Ultzamako oholekin. Binilo bilduma bat osatzen hasi dira Labako kideak, herritarrek entzun ditzaten.
Areto nagusia aurretik zutena baino dezente handiagoa da, eta han jarri duten eszenatokia ere bai. Gainera, Labako kideek Gazteluko plazako egoitzako ekitaldiak zabaldu ahal izateko tresneria jarriko dute laster, antolatutako jarduerak Interneten bidez ikusgai izateko. «Kontua da hemen egiten duguna kanpora zabaltzea», azaldu zien Tubiak bazkideei.

Berrikuntza nagusia, dena den, ostalaritzaren esparruan egin du Laba sareak, orain arte kafetegi soila zena jatetxe eta taberna ere izanen baita oraingo etapan. Torino Berriak izanen du ostalaritza proiektu hori kudeatzeko ardura. Gosariak ez ezik, bazkariak eta afariak ere emanen dituzte. Egun, hamabi langile daude tabernan eta sukaldean. Haietako hainbat, hain zuzen, Labak eta Ilundain fundazioak Nafarroako Gobernuaren babesarekin sortutako euskarazko ostalaritza ikastarotik pasatutakoak dira.
Akordioa eta kudeatzailea
Laba sareak 2020. urtean egin zituen lehen urratsak; herritar talde bat elkartu zen gogoeta egiteko, eta euskararekin lotutako proiektu bat pentsatzeko. 2021eko urrian aurkeztu zuten egitasmo hori jendaurrean, eta 2022ko urtarrilean ireki zuten Gazteluko plazako egoitza. Iruñeko erdigunera eraman zuten euskaraz eta euskararen alde aritzeko aldarria.
Ekainean, Labak eta Nafarroako Gobernuak akordio bat egin zuten euskararen erabilera soziala sustatzeko, eta, hitzarmen horri esker, sareak kudeatzaile bat kontratatu du, koordinazio lana egiteko. Maialen Saguesek hartu du ardura. «Kontent» ekin dio Labaren etapa berriari: «Duela bi hilabete eta erdi hasi nintzen lanean; agenda eta programazioa koordinatzea da nire zeregin nagusia, betiere talde eragilearekin lankidetzan», erran du.
Labako kideek besta bat antolatu dute egoitza berritua zabalik dela ospatzeko; gaur eginen dute, Iruñeko Alde Zaharrean, 10:30ean. Kalejira eginen dute Broken Brothers Brass Bandekin, O-ko Andre Mariaren plazan hasita. 12:00etan, Amets Aranguren, Julen Goldarazena, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga izanen dira Laban, leihotik kantuan. 12:30ean izanen da inaugurazio ekitaldi nagusia, eta 14:00etan bazkaria. Musika izanen da nagusi arratsalde partean.
180Zenbat bazkide dituen. Iruñeko Laba sareak 180 bazkide ditu egun, eta haiek dira elkartearen ardatz. Labak 2022ko urtarrilaren 7an ireki zuen Gazteluko plazako egoitza.
195Egoitzak zenbat metro koadro dituen. Laba sareak 195 metro koadroko egoitza du orain Iruñeko Gazteluko plazan, eraikina berritzeko lanak amaitu eta gero. Otsailean itxi zuten kafetegia, obrak hasteko, eta astelehenean ireki zuten berriro. Gaur inaugurazio besta eginen dute.