Ines Castiella
IRITZIA

Laugarren xedapen iragankorra

2026ko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

CI izeneko emakume batek esan omen du asteotan laugarren xedapen iragankorra kendu nahi duela; IC izeneko beste batek erantzungo lioke beranduegi dabilela, ez lukeela ezertarako balioko jada, aspaldiko kontuak direla, gutxi gorabehera 1981eko estatu kolpearen garaikoak. Arakatzen jarrita, ziurrenera, horiek bezain zikinak eta usain txarrekoak. Bat baino gehiago egoera lotsagarrian utziko lituzkeenak.

Bestalde, azalduko lioke hemengo gizartearen ardurak eta lehentasunak beste batzuk direla, hala nola gizonezkoen eskutan eraildako emakumeen afera, tratu txar fisiko eta psikologikoak jasaten dituztenenena, ikusita munduaren norabidea, jatekorik, are jaterik, izango ote dugun etorkizunean, edota gaixotzen baldin bagara, guztiak sendatuko ote gaituzten edo soilik euro, dolar edota bere esku petrolioa dutenen luxuzko ondasun bilakatuko ote den. Hobe lukeela berak ere horretan pentsatzen hastea, ez dadila izan halako batean ezustekoren bat gertatu eta behin sekula egingo ez zuela zin egin zuen zerbait egiten jarri beharrean izatea.

Noski, gehituko lioke euskara eta euskal nortasuna ukitu ezinezkoak direla, horrekin negoziatzerik ez dagoela. Eta ibili dadila tentuz. Bidean, zati gogorrena laguntza askorik gabe eta oztopo askorekin egina izan baldin bada, xedapenarekin edo xedapenik gabe, zer da aldatuko litzatekeena? Nago herritar xeheok ezer gutxi nabarituko genukeela. Aspaldi geratu zen zaharkituta eta alboratuta lau lurralde historikoek osatuko zuketen entitate politiko-administratiboaren izena. Aitzitik, berreskuratu egin da, lau ez, sei lurraldeek bat eginda izan bazeukaten betiko izendapena.

Bidean aurrera egin ahala, gorabehera asko tarteko, gauza batzuk galdu, beste batzuk irabazi, eta orain balantzea egiteko ordua iritsi zaigu

Ordea, ezin uka izututa nagoela. Oso ikaratuta eta beldurtuta. Emakumearen nazioarteko eguna pasatu berri dugularik, sinetsarazi ziguten feminismotik mundu hobeago bat eraiki ahal izango genuela; ingurura begiratuta, ordea, ez zait iruditzen bizitzaren erdigunean gizakia, ingurunearen zaintza eta jasangarritasuna direnik balioesten direnak. Zerbaitetan okertu egin gara edota beste aldera begira eduki nahi izan gaitu betiko heteropatriarkatuak? Ezin uka ere mendeetan zehar sendotutako giharrak jiraka mantendu izan duen gurpilaren inertziari aurre egin eta kontrako zentzuan mugitzen hastea lortzeko gimnasio ordu gehiago behar ditugula. Ezin uka, azkenaldian, Galeanoren utopiarena datorkidala burura, alegia, pauso bat aurrera egiten dugun bakoitzean balirudikeela lortu nahiko genukeen dena delako hori ehun aldiz aldentzen dela atzeraka. Azken batean, utopia ortzi-muga baldin bada, inoiz ukitzera iritsiko ez garela jakitun ere, utopiak aurrera egiten soinketa lan horretan lagunduko digulakoan egoten segitu nahi dudala.

Ditxosozko xedapenarekin, mende erdia igaro da jada; bidean aurrera egin ahala, gorabehera asko tarteko, gauza batzuk galdu, beste batzuk irabazi, eta orain balantzea egiteko ordua iritsi zaigu. Nondik begiratzen zaion, bakoitzari berea aterako zaiola ez dut zalantzan jarriko; bai, berriz, batzuoi bidean aurrera egitea eragotziko dien mehatxu moduko erabilpenaren zilegitasunari dagokionez: edozerk edonola ezin baitu balio. Horretan, zalantzarik gabe, trinko eutsi beharrekoan bainago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!