Lehen arretan hitzordua eskatzeko sistema «irisgarriagoa» abiarazi dute Nafarroan

Herritarrek telefonoz, Osasun Karpetaren bitartez edo aurrez aurre hartu ahalko dituzte «eguneko hitzorduak». Karpetaren algoritmoa ere aldatu dute, eta bertako galdetegi batek medikuaren edo erizainaren agendara bideratuko du pazientea.

Tuterako ospitaleko hiru osasun langile. IÑIGO URIZ / FOKU
Tuterako ospitaleko hiru osasun langile. IÑIGO URIZ / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko maiatzaren 18a
12:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur arte, Nafarroako osasun zentro batzuetan 08:00etan jendetza pilatzen zen «eguneko hitzorduak» eskatzeko. Bada, Osasunbideak jakinarazi du gaurtik aurrera aukera dagoela hitzordu horiek sakelako telefonoaren bidez hartzeko. Eta ez da lehen mailako arretan hitzordua eskatzeko sisteman egin duten berrikuntza bakarra: Osasun Karpetaren algoritmoa aldatu dute, eta galdetegi bat gehitu diote. Galdetegi horrek herritarraren adinari, sintomei eta horien iraupenari buruz galdetuko dio, eta, horren bitartez, dagokion profesionalaren —medikuaren, erizainaren edo prozesu azkarretako erizainaren— agendara bideratuko du. Horrez gain, profesionalen agendak eskuragarri egongo dira webgunean, Osasun Karpetan eta aurrez aurre. Aldaketa horien bitartez sistemaren irisgarritasuna hobetzea espero dute, eta goizean goiz osasun zentroetan «hainbeste jende ez pilatzea».

Halaber, herritarren lankidetza eskatu dute. Izan ere, azaldu dute aurtengo lehenengo lauhilekoan 65.796 hitzordu galdu direla «eria ez delako bertaratu edo ez diolako deiari erantzun». Hori eragozteko, pazienteak gehienez har ditzakeen hitzorduak mugatu dituzte, eta hitzordua baino bi egun lehenago jakinarazpen bat jasoko dute: hitzorduaren eguna, ordua eta lekua adieraziz.

Adierazi dute gaur egun 535.000 pertsonak dutela edo izan dutela Osasun Karpeta, eta horietarik 250.000 erabiltzaile «aktiboak» direla. Inoiz erabili ez dutenei formakuntza saio batzuk eskainiko dizkiete, hura nola erabili eta zer aukera ematen dituen jakin dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA