Liburu bat, Nafarroako flora baskularraren berri jasotzeko eta zabaltzeko

Mikel Lorda botanikariak azken berrogei urteotako lanaren emaitza jaso du ‘Nafarroako flora baskularraren atlasa’ izenburuko liburuan. Nafarroako Gobernuak argitaratu du. Lordak nabarmendu du herrialdeko flora «askotarikoa» dela.

Mikel Lorda botanikaria, Iruñeko bere bulegoan, abenduaren 8an. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Lorda botanikaria, Iruñeko bere bulegoan, abenduaren 8an. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko abenduaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ia 1.500 orrialdeko liburua ondu du Mikel Lordak (Iruñea, 1959) Nafarroako flora baskularraren atlasa izenburupean. Nafarroako Gobernuak argitaratu du, eta, atera bezain pronto, agortu egin dira salgai jarritako ale guztiak. «Jakin-min handia piztu du», erran du egileak. Herrialdeko ia 3.000 lore espezieren berri jaso du Lordak liburuan. «Azken berrogei urteotan egin dudan lanaren emaitza da», zehaztu du botanikariak, bere liburuari so. «Oso kontent» da, eta lanean segitzeko irrikan. 

Han eta hemen egindako loreen argazkiak ikus daitezke Lordak Iruñeko Arrosadia auzoan duen bulegoan. Apalategiak liburuz beteak ditu, eta hozkailu bat du izkina batean. «Nire herbarioa hor dut; ongi gorde behar dira lehortutako loreak, honda ez daitezen. Duela berrehun urte lehortutako landareak erabili ditut nik ikasteko», azaldu du. Lordak eskuz egindako loreen marrazkiak ere erruz ikus daitezke. Loreon usaina bertzerik ez da falta botanikariaren aterpe bilakatutako bere bulegoan.

Beren ehunean bertan ura eta salbia garraiatzeko hodiak dituzten landareak dira landare baskularrak, hau da, landare gehienak, likenak eta goroldioak baino ez baitira sailkapen horretatik kanpo gelditzen. Lordak, beraz, herrialdeko landare gehienen berri jaso du liburuan. Mendian ibiltzea gustuko zuelako hasi zen txangoetan bidean aurkitzen zituen landareei eta loreei so, eta florari behatzea bilakatu du, azkenean, bere zaletasunaren helburu. Argazki kamera, GPSa, libreta eta aitzur txiki bat eramaten ohi ditu mendira abiatzen denean. «Asteburuero joaten naiz; udaberri eta uda garaian, aste tartez ere bai».

Lordak garbi erran du Nafarroa «aberatsa» dela, florari so eginez gero. «Gure herrialdea berezia da dituen klima ezberdinen eta orografiaren eraginez. Mendiko flora dugu Pirinioetan, eta ibaiertzean aurki dezakeguna, berriz, Ebroko arroan, besteak beste. Askotarikoa da, eta oso interesgarria». Gizakiaren jarduerak zizelkatu ditu herrialdeko herriak eta hiriak, eta toki bateko eta bertzeko floran ere sumatzen da gizakien jarduera horrek utzitako arrastoa. Aldi berean, gizakiei lotutako jarduera horiek habitatean duten eragina da florak egun duen erronka nagusietako bat. «Habitatean gertatzen diren aldaketak dira loreentzako eta landareentzako arriskurik handiena», azpimarratu du Lordak.

«Habitatean gertatzen diren aldaketak dira loreentzako eta landareentzako arriskurik handiena»

MIKEL LORDA Botanikaria

Arrisku horrek hainbat lore espezie babestera eraman du Nafarroako Gobernua. Berrehun espezie inguru dira herrialdean babestutakoak, eta horiek oinarri hartuko ditu Lordak bere hurrengo lana osatzeko. Herrialdeko floraren balioa ezagutarazi nahi du botanikariak, eta asmo horrekin egiten ditu ikerketa guztiak. Orain ondu duen atlasak ere xede hori du: «Informazioa jaso nahi izan dut, herritar ororen esku jartzeko». Zer dagoen ezagutzea «ezinbestekoa» dela erran du, zaindu eta babestu ahal izateko.

Mendiko loreak, «bereziak»

Lorda duela berrogei urte hasi zen bidean aurkitzen zituen loreen inguruko informazioa biltzen. Orduan, halere, ez zuen orain argitaratu duenaren gisako atlas bat osatzeko asmorik. «Duela hogei urte inguru hasi nintzen atlasa argitaratzeko ideia mamitzen», zehaztu du.

Lordak Nafarroa osoa zeharkatu du loreen eta landareen bila, baina aitortu du Pirinioak dituela kutunen, eta loreen artean, hain zuzen, Pirinioetako mendi garaietan hazten direnak. «Mendiko loreak oso bereziak dira, baldintza oso gogorretan egin behar baitute aurre». Harrien artean ikus daitezkeen betibiziak aipatu ditu, bertzeak bertze.

Lordak zohikaztegietako landareak ere nabarmendu nahi izan ditu. Oro har, hezeguneen inguruan hazten diren landareak «bereziak» eta «zaurgarriak» direla zehaztu du botanikariak, hezetasun gune horretan gerta daitekeen «edozein aldaketak» eragina izan dezakeelako landareongan. «Animalientzako aska bat egitea nahikoa da inguruko landareei eragiteko», erran du.

Atlasaren bidez, Lordak erdigunean jarri nahi izan du herrialdeko flora, eta herritarrak deitu inguruan dutena ezagutzera. «Mendizaletasun handia dago Nafarroan, baina jende askok inguruan dagoenari so egin gabe egiten du mendian gora. Pena da inguruan dugun altxorrari kasurik ez egitea». Herrialdeko florari duen balioa eman nahi izan dio botanikariak, eta erantsi du gizakien jarduera batzuk «arautzeko beharra» badela. «Jende asko ibiltzen da mendian; askok ez diote balioa ematen inguruko florari, eta beste batzuek neurririk gabe hartzen dute eskura dutena», salatu du.

Azken urteotan tenperaturak gora egin izanak ere izan du eraginik herrialdeko floraren osasunean. Bakarrik Baztan-Bidasoa inguruan aurki daitezkeen iratze espezie batzuk nabarmendu ditu Lordak. «Egoera gero eta zailagoa da iratze horientzat, beroak ez baitie onik egiten. Iratze espezie oso bereziak dira, eta udako tenperatura gero eta handiagoak kalte egiten die», azaldu du.

Iratze horien eta bertze ia 3.000 espezieren berri jaso du Lordak Nafarroako florari buruzko bere liburuan. Garbi erran du «lasaitua» hartu duela lana argitaratu eta gero, urte anitz aritu baita liburuan jasotako materiala prestatzen. Loreen argazkiekin batera, floraren marrazkiak egiten aritu da Lorda azken garaian, eta marrazki horiek ere jaso ditu argitaratu berri duen atlasean.

Laurehun ale

Lordak udaberriko eta udako hilabeteak maite ditu gehien mendian ibiltzeko, baina neguak ere «altxorrak» badituela nabarmendu du. Mendira joaten denaren interesak zehazten du, finean, zeri so egin. Lordak landareak eta loreak maite ditu, eta landareen eta loreen inguruan ikasitakoa zabaltzea. Asmo horrekin osatu du Nafarroako flora baskularraren atlasa. 

Lordaren atlasaren laurehun ale argitaratu dituzte, baina haietako ehun baino ez ditu salgai jarri Nafarroako Gobernuak, 60 euroan. «Azkar saldu dira denak!». Lordak ezagutarazi du gobernuari eskatuko diola liburu gehiago jar dezatela salgai. «Oso kontent» da bere lanak jaso duen harrera beroa ikusita. Atlasa amaituta, lanean segitzeko prest da Lorda. Nafarroan babestuta dauden landareen berri emanen du, eta segituko du asteburuero herrialdeko bazterrak zeharkatzen lore bila.

1

Moricandia moricandioides

Moricandia moricandioides landarea. MIKEL LORDA
Moricandia moricandioides landarea. MIKEL LORDA

Kruziferoen familiako landare bat da, eta babestua dago Nafarroan. Mediterraneoko paisaietan aurki daiteke, Lizarrerriko eta Tutera inguruko herri bakar batzuetan. 

2

Ruscus aculeatus

Ruscus aculeatus landarea. MIKEL LORDA
Ruscus aculeatus landarea. MIKEL LORDA

Isuskia oihanpeko landare bat da. Nafarroako iparraldean erruz aurkitu daiteke. Kultur interesa duen landare bat da, eta apaintzeko ere erabiltzen dute. Hartzeko baimena behar da.

3

Dryas octopetala

Dryas octopetala landarea. MIKEL LORDA
Dryas octopetala landarea. MIKEL LORDA

Arrosaren familiako lore bat da, eta Pirinioetako haitzez betetako paisaietan aurki daiteke. Habitat garaietako lorea da.

4

Roemeria hybrida

Roemeria hibridoa. MIKEL LORDA
Roemeria hybrida. MIKEL LORDA

Tonu lila ikusgarria duen mitxoleta bat da. Nafarroa hegoaldeko labore lurretako ohiko lore bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.