«Biologiaren ikuspuntutik, arrazak ez dira existitzen, baina kontua da fenotipo jakin bat dutenek esperientzia jakin batzuk bizi ohi dituztela egunerokoan, itxura fisikoaz harago doan fenotipo jakin horri ezaugarri jakin batzuk lotu zaizkiolako. Arraza eraikuntza sozial bat da, eta arrazakeriak aurreiritziak eta boterea ditu oinarri». Horixe nabarmendu du Lucia Asue Mbomio Rubiok (Alcorcon, Espainia, 1981) Iruñean, Flor de Africa, Black Power eta Munduko Medikuak elkarteek ekainaren 13an Kondestablearen jauregian antolatutako saioan.
Mbomio kazetaria da, eta Espainiako Telebistako Aquí la Tierra saioan aritzen da, bertzeak bertze. Idazlea eta zinemagilea ere bada: Las que se atrevieron, Hija del camino eta Tierra de la luz idatzi ditu, eta hainbat dokumental ondu; Afromayores proiektuaren bidez, hain zuzen, adineko afrikarren eta afrikar jatorriko zaharren testigantzak jasotzen ari da, Laurent Legerrekin batera. Zahar horien memoria biltzen ari da bideo eta argazki bidez, Youtube eta Instagram sare sozialetan zabaltzeko.
Memoria horren bidez, Mbomiok zalantzan jarri nahi ditu arrazakeriaren oinarri diren aurreiritziak, eta agerian utzi zer botere harremanek bilakatzen duten arrazakeria egiturazko auzi. «Madrilen jaioa izan arren, etengabe galdetzen didate nongoa naizen, edo zoriondu egiten naute, gaztelaniaz ‘hain ongi’ hitz egiteagatik. Gure aitari gauza bera gertatzen zaio, Ekuatore Gineakoa baita. Jendeari ahazten zaio Ekuatore Ginea Espainiaren menpeko lurralde bat izan zela 1968. urtera arte», azaldu du.
«Espainia izan zen Amerikan esklabotza debekatu zuen Europako azken herria: 1886. urtean debekatu zuen»
LUCIA MBOMIO Kazetaria
Kolonialismo horren aurretik, milioika pertsona mugitu zituzten kontinente batetik bertzera Afrikako beltzak esklabo bihurtzeko prozesuen barrenean; prozesu horiek justifikatzeko, erran behar zuten esklabotzat hartutakoak «kulturarik gabekoak» zirela, «basatiak» zirela, eta horrela hasi zuten beltzei gizatasuna ere kentzeko prozesua. «Prozesu horretan, gizataldeen arteko hierarkia bat sortu zuten», zehaztu du Mbomiok, eta salatu orduan sortutako estereotipoak, neurri handi batean, indarrean direla oraindik. «Espainia izan zen Amerikan esklabotza debekatu zuen Europako azken herria: 1886. urtean debekatu zuen», oroitu du kazetariak.
Mbomiok erantsi du Ilustrazioaren garaian erlijioa aurretik izandako pisua galduz joan zela, eta zientziaren esparruan hasi zirela «ezberdintasunak nabarmentzeko lanean». Sara Baartman hegoafrikarraren kasua aipatu du: sorterritik Ingalaterrara eraman zuten, «zirku batera». Ipurmasailetan ehun adiposoa metatzea eragiten duen eritasun bat zuen Baartmanek, baina ezaugarri horren ondorioz muturreraino esplotatu zuten. «Londrestik Parisera eraman zuten. Alkoholiko bilakatu zuten, eta hil zenean, 26 urterekin, haren gorpua disekzionatu, eta hezurdura, burmuina eta organo genitalak Parisko museo batean erakutsi zituzten». Frantziak 2002. urtera arte ez zituen Baartmanen gorpuzkiak Hegoafrikara itzuli.
Mendez mende sortutako eta zabaldutako estereotipoek indarrean dirautela azpimarratu du Mbomiok, eta arrazaren inguruko mito horiek generoaren eraikuntzan ere eragina izan dutela. «Giharraren eta garunaren arteko antitesia sortu dute: beltzek giharra dute. Bada betikotu duten bertze ideia bat: beltzek hobeki jasan dezaketela mina. Ameriketako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, sintoma berak izanik ere, beltzei botika dosi txikiagoak ematen dizkiete».

Estereotipoek eragin dute, bertzalde, emakume eta neskato beltzen «hipersexualizazioa», Mbomiok azaldu duenez. «Egia da emakume guztiei eragiten diela hipersexualizazioak, baina emakume beltzon kasuan, kontuan hartu behar da bertze eredurik ez dugula izan, falta izan ditugula estereotipo horiei aurre egiteko bertzelako narratibak».
Talde bat Tuteran
Flor de Africa eta Black Power taldeetako kideek adi entzun dute Lucia Mbomioren hitzaldia, eta buruarekin keinu eginez berretsi dute kazetariak azaldutakoak beren egunerokoaren parte ere badirela. Flor de Africa elkarteak kontinente horretako hamaika herritako emakumeak biltzen ditu. Hamabost urte bete zituen iaz, eta, orain, bideo baten bitartez ospatu dute egindako bidea. Flor de Africatik sortutako bertze talde bat da Black Power, Afrikako eta afrikar jatorriko emakume gazteek osatua.
Elkarteok «zabaldu» egin nahi dute aurrerantzean ere, eta, Flor de Africako sortzaile eta kide Fatima Djarak nabarmendu duenez, laster Tuteran abiaraziko dute bertze proiektu bat. «Ez da erraza emakume afrikarrek osatutako talde bat martxan jartzea, baina ahalegin hori egin nahi dugu. Saretzeko, eta elkarrekin denon eskubideak defendatzeko», erran du Djarak. Wattek erantsi du azken hamabost urteotako bidea «zaila» izan dela, baina «anitz» lortu dutela.