Milagroko Gerezia marka kolektiboak hasiera eman dio aurtengo gerezi sasoiari

Marka kolektiboak milioi erdi kilo gerezi baino gehiagoko ekoizpena aurreikusi du aurten. Apirilean eta maiatzean izandako euriteen ondorioz, sasoiaren hasiera zaila izan da zenbait ekoizlerentzat; hala ere, kalitate oneko ekoizpena espero dute.

Milagroko Gerezia marka kolektiboko ekoizle den Inna Rusalovskaren gerezien argazkia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Milagroko Gerezia marka kolektiboko ekoizle den Inna Rusalovskaren gerezien argazkia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iruñea
2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maiatzaren bigarren erdian giro beroa heldu da Nafarroara, eta, egun bero horiekin batera, aurtengo gerezi sasoia ere iritsi da lurraldera. Nafarroako hainbat nekazarik fruitua biltzeari ekin diote; tartean, Milagroko Gerezia marka kolektiboa osatzen dutenek. Izan ere, markak hasiera eman dio aurtengo gerezi sasoiari, eta aurreikusi du sasoi honetan milioi erdi kilo gerezi baino gehiago ekoitziko dituela, marka osatzen duten hamahiru ekoizleen artean. Dena den, zenbait ekoizlerentzat sasoiaren hasiera zaila izan da. Intiako teknikari eta Milagroko Gerezia markako idazkari Josune Egozkuek azaldu duenez, aurtengo sasoian, iazkoan gertatu zen moduan, apirilean eta maiatzaren hasieran izandako euriteek kalte egin diete gerezi barietaterik goiztiarrenei. Hala ere, Egozkuek esan du gainerako barietateekin «kalitate oneko» ekoizpena espero dutela. 

Milagroko Gereziarekin etorkizuna ereiten lelopean aurkeztu du aurtengo gerezi sasoia marka kolektiboak. Sasoiari hasiera emateko, ekitaldi bat egin du markak Milagron, eta, ekitaldi horretan, Milagroko Gereziaren balioa azpimarratu eta tokiko produktua kontsumitzearen garrantzia aldarrikatu dute. Esaterako, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Maria Aierdik nabarmendu du Milagroko Gereziak erakusten duela «Nafarroako ekoizpen txikiek bikaintasuna, nortasuna eta garapena» eskain diezaieketela lurraldeko herriei. Gereziaren aldeko manifestua irakurri eta sinatu ere egin dute. Manifestu horrek Milagroko Gereziaren kontsumoa sustatu nahi du, eta Nafarroako lehen sektoreari eta tokiko produktuari babesa erakutsi.

Dena den, belaunaldi berriei landa hurbiltzea izan da Milagron egindako ekitaldiaren helburu nagusietako bat. Horretarako, Milagroko Gereziaren enbaxadore izendatu dituzte Milagroko Nuestra Señora del Patrocinio ikastetxe publikoko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako 50 ikasle inguru. Enbaxadore direla egiaztatzen duten diplomak eman dizkiete ikasle horiei, eta Milagroko Gereziaren eta Nafarroako tokiko produktuen kontsumoa sustatzera animatu dituzte. Intiako teknikari Josune Egozkuek esan du «garrantzitsua» iruditu zaiela ikasleak ekitaldi horretan egotea, eta erantsi du lehen sektoreak Nafarroan duen garrantziaren inguruan kontzientziatu nahi izan dituztela gazte horiek. 

Nekazaritzaren belaunaldi arteko erreleboari dagokionez, Egozkuek esan du hori «zaila» dela, baina Nafarroako Gobernua erreleboa bultzatzeko programak eta laguntzak bultzatzen ari dela. «Landu behar diren erronketako bat da», adierazi du.

2023an sortutako marka

Milagroko Gerezia marka kolektiboa 2023an sortu zuten, eta Reyno Gourmetek babestutako kalitate marka da. Nafarroako Gobernuak 2007an sortutako zigilu bat da Reyno Gourmet —Intia sozietate publikoak kudeatzen du—, eta Nafarroan «bereizgarriak» diren «kalitatezko elikagaiak» babesten ditu, Reyno Gourmetek dioenez. 

Marka sortu zenetik, hirugarren gerezi sasoia da aurtengoa. Milagroko Gerezia «fruitu tradizional bat» da, eta «berezko kolorea eta zaporea» ditu, Reyno Gourmeten arabera. Dena den, ekoizleek zenbait baldintza bete behar dituzte, fruitua Milagroko Gerezia izendapenarekin saltzeko; esaterako, Nafarroako Erriberako hamaika udalerritan soilik landa daiteke, laborantza ureztatua izan behar du, eskuz bildu behar da, eta gereziak kalibre jakin bat izan behar du. Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko, Intiak prozesu guztiak ikuskatzen ditu. 

Inna Rusalovska gerezi ekoizleak Milagron dituen gereziondoak. IDOIA ZABALETA / FOKU
Inna Rusalovska gerezi ekoizleak Milagron dituen gereziondoak. IDOIA ZABALETA / FOKU

Nahiz eta marka kolektiboak hiru urte besterik ez duen, Intiako ekintzailetza eta balio katearen kudeatzaile Beatriz Preciadok Milagron egindako ekitaldian azpimarratu du esku artean «altxor bat» dutela, eta zaindu eta bultzatu egin behar dutela. Horrez gain, Preciadok dio Milagroko Gereziak «dagoeneko izena eta abizena» dituela, eta norbaitek marka hori erosten duenean badakiela gereziak «jatorri lokala eta kalitate bereizgarria» dituela. 

Egozkuek esan du Milagroko Gerezia marka pixkanaka aurrera egiten ari dela. Gaur egun, gehienbat publizitate kanpainak eta zenbait ekitalditan kolaborazioak egiten ari direla kontatu du Intiako teknikariak. Ekitaldiei dagokionez, datorren asteburuan ospatuko den Milagroko Gereziaren Jaian parte hartuko du markak aurten ere. Ekitaldi horren 25. aldia izango da aurten, eta ekainaren 12tik 14ra egingo dute, Milagron bertan.

Etxauriko gerezia

Milagroko gereziaz gain, Nafarroan ezagunenetako bat Etxauriko gerezia da. Hori ez du Reyno Gourmet zigiluak babesten, baina Intiak duela zenbait urte Etxauriko gereziaren inguruan lan egin zuen, besteak beste, Etxauribarko gerezi barietate autoktono batzuk biltzen. Izenean Etxauri soilik daraman arren, Etxauribar osatzen duten herrietan landatzen dute gerezia.

Duten «zapore eta distira bereziagatik» nabarmentzen dira Etxauriko eta Milagroko gereziak, Reyno Gourmetek dioenez. Milagroko gereziari dagokionez, hori ureztapen bidez lantzen da; Etxaurikoa, berriz, lehorrean.

«GEREZIA JAN NUEN LEHEN ALDIAN, MAITEMINDU EGIN NINTZEN»

 

Inna Rusalovska gerezi ekoizlea, Milagron, ekainaren 1ean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Inna Rusalovska gerezi ekoizlea, Milagron, ekainaren 1ean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Milagroko Gerezia markako ekoizleetako bat da Inna Rusalovska (Berditxiv, Ukraina, 1988). Cerecinna deitzen da haren enpresa, eta markako ekoizleen artean emakumea den bakarra da. 

Nolakoa izan da aurtengo sasoiaren hasiera?

Maiatzean izandako euriteek kalte dezente egin zieten nik landatutako lehen gereziei. Dena den, hurrengo barietateari dagokionez, nahiko kalitate ona du. 

Zer onura ekarri dizkizu marka kolektiboaren parte izateak?

Esaterako, ni gereziaren sektorean hasi nintzenean, ez nekien non saldu gerezia, nori saldu… Baina marka kolektiboan sartutakoan, besteak beste, promozioaren arloan laguntzen gaituzte. 

Zer dela-eta hasi zinen gereziak ekoizten?

Nire herrialdean bizi nintzenean, etxean baratze bat genuen. Nik gustuko dut gauzak landatzea eta baratzean egotea, eta Milagrora iritsi nintzenean [2010ean], sentitzen nuen zerbait falta zitzaidala. Hortaz, baratze bat hartu genuen. Hasiera zaila izan bazen ere, herriko jendearen laguntzarekin aurrera egin nuen. 

Zer iruditu zitzaizun Milagroko gerezia lehen aldiz dastatu zenuenean?

Nire aitak Milagroko gereziak lehen aldiz ekarri zituenean etxera, tripako minez amaitu nuen gerezi gehiegi jateagatik. Zapore berezia du. Gozoa da, baina, aldi berean, apur bat garratza. Gogor samarra ere bada fruitua. Gerezia jan nuen lehen aldian, maitemindu egin nintzen. 

Markako ekoizleen artean, zu zara emakume bakarra. Zer presentzia dute emakumeek landan?

Uste dut azkenaldian emakume gehiago daudela lanean landan. Ni gereziaren sektorean hasi nintzenean, jendeak arraro begiratzen ninduen. Hala ere, munduak aurrera egiten du. Nire ustez, zerbait gustatzen bazaizu, beti borrokatu behar da horren alde.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE