Mendigorriko alkatea

Jon Erro: «Nafarroako Gobernuak kapitala mugitzea lehenesten du»

Kutsadurak kezka sortu du Mendigorrian; Jon Erro alkateak kontrola eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Jon Erro Mendigorriko alkatea, maiatzaren 31n, Altsasun. IÑIGO URIZ / FOKU
Jon Erro Mendigorriko alkatea, maiatzaren 31n, Altsasun. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko ekainaren 6a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Mendigorriko EH Bilduko alkate Jon Errok (Barañain, 1981) abeltzaintza industrialarekin lotu du inguruko putzuetako kutsadura. Errok kezka agertu du Greenpeacek eta udalak berak egindako neurketetako emaitza batzuekin, eta salatu Nafarroako Gobernuak garrantzia kendu nahi izan diola auziari.

Noiz eta nola sortzen da kezka zuen herrian?

Mendigorrian biometanizazio planta bat zabalik da 2009tik. EH Bildu 2015ean sartu zen udalean, eta ohartu zen planta horren gaineko inolako kontrolik ez zela. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuari eskatu zioten kontrola ezar zezala.

Eta zer erantzun jaso zenuten?

Eskatu zaie hainbat aldiz kontrol zorrotzago bat ezar dezatela, eta erantzuna da ez dutela uste inolako arriskurik dagoenik Mendigorriko herritarren osasunerako. Greenpeacek egindako neurketak erakutsi genizkien departamentuko kideei, eta esan zuten ez dituztela ontzat ematen, ez dituelako laborategi ofizial batek egin. Ondorioz, udalak erabaki zuen laborategi bati eskatzea neurketak egin zitzala.

Zein izan da emaitza?

Egia da emaitzak aldatu egiten direla, besteak beste, eguraldiaren arabera. Euri asko egin badu, ura pixka bat garbitzen da; batez ere, herri ondoko putzu naturaletan. Dena den, legezko mailatik gora dauden neurriak jaso izan ditugu, eta, hala ere, esaten ziguten gurea ez zela nitratoz kutsa daitezkeen eremuetako bat, eta ezin genuela deus ere egin.

Erantzun horrek lasaitu zintuen?

Herriarekin dugun konpromisoa errespetatu nahi dugu, eta udal langileak hasi dira hilabetean behin uraren kalitatea neurtzen. Gainera, nekazarien eta abeltzainen batzorde bat osatu dugu, informazioa zabaltzeko. Arduraz jokatu nahi dugu, eta gure esku dagoena egin. Kartelak jarriko ditugu, kutsadura mailak gora egiten badu tokiren batean, herritarrek jakin dezaten.

Dekretu berriaren arabera, nitratoz kutsa daitezkeen eremuen barruan zaudete orain. Horrek ez du egoera aldatu?

Kutsa daitezkeen eremuen zerrendan sartu gaituzte, baina, oraingoz, horrek ez du inolako ondoriorik izan. Mendigorrian 19.000 zerri inguru daude haztegietan; haztegi berri bat baimentzeko, Ebroko Ur Konfederazioak eman behar du baimenetako bat, eta azkenaldian baimen hori ukatzen ari da konfederazioa, abeltzaintza industriala zuzenean lotuta dagoelako lurraren eta uraren kutsadurarekin. Inguruan hainbeste haztegi izatea ez da batere gauza ona. Gu ere saiatzen ari gara ahal ditugun trabak jartzen, eta espero dugu kutsa daitezkeen eremuen zerrendan egoteak bide hori erraztea.

Gobernuak dekretu berria aurkezteko bilerak egin zituen; San Adriangoan parte hartu zenuten martxoan. Zein izan zen mezua?

Bileran garbi ikusi nuen Nafarroako Gobernuak kapitala mugitzea lehenesten duela. Iruditu zitzaidan auziari garrantzia kendu nahi ziotela. Guretzat, ordea, gauza larria da. Nafarroako ubideak eragin du nekazaritza guztiz eraldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.