Nafarroako hamar biztanletik lauk minarekin edo ondoezarekin loturiko arazoren bat dute

Gizarte eta bizi baldintzei buruzko inkestaren bidez, Nastatek osasunaren inguruko galderak egin dizkie herritarrei, eta berriki zabaldu ditu emaitzak; 2025ari dagozkie. Ongizate psikologiko «gogobetegarria» dutenen portzentajea 5,6 puntu jaitsi da.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2026ko urriaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nastat Nafarroako estatistika erakundea 2016an hasi zen gizarte eta bizi baldintzen inkesta egiten, eta, ordutik, osasunari buruzko galderak ere egin dituzte haren bidez zenbaitetan. Azken inkesta iaz egin zuten, eta berriki zabaldu dituzte, preseski, osasunarekin loturiko datuak. Datuoi erreparatuta, besteak beste, ikus daiteke Nafarroako hamar biztanletik lauk minarekin edo ondoezarekin loturiko arazoren bat dutela. Gainera, joera argi bat ikusten da: Nafarroako biztanle gehienek 2024an baino okerrago baloratu zuten beren osasuna 2025ean. Esaterako, ongizate psikologiko «gogobetegarria» duen biztanleriari dagokionez, 2024an inkesta erantzun zutenen %83,7k multzo horretan kokatu zuten beren burua; iaz, berriz, %78,1ek. Familia etxebizitzetan bizi diren eta 15 urte edo gehiago dituzten Nafarroako biztanleen erantzunak izan ditu kontuan Nastatek. 2.403 pertsonak erantzun zuten galdetegia.

Besteak beste, Nastatek zera eskatu zien iaz zabaldutako inkestaren bidez herritarrei: ebaluatu zezatela inkesta betetzen ari zirenean zein zen haien osasun egoera. Hori azaltzeko, zerotik ehunera bitarteko zenbaki bat aukeratzeko galdegin zitzaien. Orokorrean, erantzunak ikusita, balorazioek okerrera egin dute urte bateko tartean; izan ere, norberaren osasun egoera ebaluatzeko batez besteko zenbakia 75 izan zen 2024an, eta 74,8 2025ean.

Nastatek, gainera, banaketak egin ditu, besteak beste, sexuaren arabera. Konparazioan, 2025ean, gizonek beren osasunaren pertzepzio hobea azaldu zuten emakumeek baino —75,5 eta 74,1 dira batez besteko balorazioak, hurrenez hurren—. Eta, adin tarteei eta egoera sozioekonomikoari dagokienez, hau uzten dute datuek agerian: batetik, 15 eta 29 urte bitartekoek hautematen dutela beren burua osasun egoera hoberenean, eta, bestetik, etxean diru sarreren maila handiagoa dutenek dutela pertzepzio baikorrena. Nazionalitatearen eta ikasketa mailaren araberako erantzunak ere aztertu dituzte, gainera. Bi kategoria horiei dagokienez, atzerritarrek —Espainiako nazionalitatea ez dutenek— eta goi mailako ikasketak dituztenek hobeto ebaluatzen dute beren osasun egoera, beste herritarren aldean.

Ongizate psikologiko «gogobetegarria» aztertzen duten iazko datuei dagokienez, gizonen %81,6 daude multzo horretan, eta emakumeen artean %74,6 daude. Adina eta etxeko diru sarreren maila kontuan izanda, 15 eta 29 urte artean dituztenek eta diru sarrera handienak dituztenek dauzkate daturik hoberenak.

Osasun arazoren bat

Nastatek hainbat tresna erabiltzen ditu osasunaren inguruko datuak lortzeko; EQ-5D-5L izeneko galdetegia da haietako bat. Euroqol izeneko taldeak diseinatutakoa da. Bi zati ditu, eta zatietako batean inkestatuek erantzun behar dute nolako arazoak dituzten hurrengo bost arloekin lotuta: mugitzeko gaitasuna, eguneroko jarduerak, autozainketa, mina edo ondoeza, eta antsietatea edo depresioa.

Bost arlo horiek kontuan hartuta, Nafarroako biztanleek osasunarekin lotuta duten bizi kalitatea aztertu du Nastatek. Minaren edo ondoezaren arloan izan dira daturik okerrenak, eta, horren ostean, antsietatearen edo depresioaren arloan; izan ere, inkestatuen %23,2k adierazi dute antsietatearekin edo depresioarekin loturiko osasun arazoren bat dutela. Kontrastean, autozainketaren arloan izan dira daturik hoberenak, baina, dena dela, %6,1ek esan dute arazoren bat dutela arlo horretan. Bost arlo horiei dagokienez, Nastatek nabarmendu du 2024ko inkestako datuak hobeak izan zirela 2025ekoak baino, baina, hala eta guztiz, are makurragoak izan ziren 2017an eta 2021ean jasotakoak.

Gizonen eta emakumeen erantzunak alderatuz, emakumeek proportzio handiagoan adierazi dute azterturiko bost arlootan osasun arazoren bat dutela. Eta minaren edo ondoezaren arloan izan da alderik handiena bi taldeen artean: gizonen %33,4k esan dute arazoren bat dutela arlo horretan; emakumeen artean, aldiz, %43,3k. Adinari dagokionez, biztanleriaren adinak aurrera egin ahala, arazoen adierazpenak gora egiteko joera du. Ikasketa maila eta etxeko diru sarreren maila txikienak dituztenek proportzio handiagoan adierazten dute arazoak zituztela, azterturiko bost arloetan. Espainiako nazionalitatea dutenek, antsietate edo depresioaren arloan izan ezik, atzerritarrek baino pertzepzio okerragoa dute osasunarekin loturiko arazoei dagokienez.

Ariketa fisiko gehiago

Nahiz eta orokorrean 2025eko datuak okerragoak diren 2024koekin alderatuta, bada salbuespenen bat: jarduera fisikoa da bat. Izan ere, 2024an inkesta erantzun zutenen %52,7k astean «hainbat aldiz» egiten zuten jarduera fisikoren edo kirol jardueraren bat, eta iaz, aldiz, %64,6k. Sexua kontuan izanda, emakumeetan are handiagoa izan da gorakada; 2024an, inkesta erantzun zuten emakumeen erdiek baino gutxiagok egiten zuten ariketa astean hainbat aldiz; 2025ean, berriz, %63,3k.

Biztanleriak tabakoarekin duen erlazioa ere aztertu du Nastatek, eta eremu horretan okerrera egin dute datuek. 2024an, inkestatuen %53,1ek ez zuten inoiz erre; iaz, aldiz, %48,8k. Egunero erretzen dutenei dagokienez, alde nabarmena dago gizonen eta emakumeen artean; izan ere, gizonen artean egunero erretzeko maiztasunak gora egin du urte batetik bestera; behera egin du, aldiz, emakumeen artean. Adinari dagokionez, datu azpimarragarri bat dago: 2024an, 45 eta 59 urte arteko biztanleen %49,8k esan zuten ez zutela inoiz erre, eta, iaz, adin tarte horretako inkestatuen %41,3k eman zuten erantzun hori.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA