Nafarroan 4.000 emakume inguru daude mutilazio genitala jasateko arriskuan

Munduko Medikuak elkartearen Nafarroako adarrak eman du datua, eta prebentzioan jarri du arreta. OMEren arabera, nazioartean hirurehun milioi neskatori eta emakumeri baino gehiagori eragiten die praktika horrek.

Ezkerretik eskuinera: Farmata Watt, Djamila Djalo, Alexandra Requiz eta Maria Flamarique, otsailaren 5ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ezkerretik eskuinera: Farmata Watt, Djamila Djalo, Alexandra Requiz eta Maria Flamarique, otsailaren 5ean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2026ko otsailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakumeen Mutilazio Genitalaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen otsailaren 6an. Munduko hainbat herrialdetan ohiko praktika da oraindik emakumeen genitalak mutilatzea, nahiz eta giza eskubideen aurkakoa den eta emakumeak hil ere egin daitezkeen horren ondorioz. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaur egun bizirik dauden hirurehun milioi neskatok eta emakumek baino gehiagok dituzte genitalak mutilatuak, eta kalkulatzen dute urtero lau milioi neskatok izaten dutela praktika hori jasateko arriskua. Bada, arriskua Nafarroan bertan ere bada. Izan ere, Munduko Medikuak elkartearen Nafarroako adarraren buru Alexandra Requizek adierazi duenez, 4.000 neskato eta emakume inguru daude mutilazio genitala jasateko «arriskuan», haiek edo haien familiak «praktika hori oraindik indarrean den herrialdeetatik etorriak direlako». 

Inoiz ez dute izan Nafarroan egindako mutilazio genitalen berri, baina prebentzioa garrantzizkotzat jo du Requizek: «Prebentzioak lehentasuna izan behar du giza eskubideei, osasunari eta berdintasunari buruzko politika publikoetan». Munduko Medikuak elkarteak hainbat urte daramatza Nafarroan lanean emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko eta desagerrarazteko. 2008tik praktika horri aurre egiteko proiektu «aitzindari» bat bultzatzen du, eta elkarteak dio proiektu hori «jatorri afrikarreko emakumeen ahalduntzean, kulturen arteko bitartekaritzan eta profesionalen prestakuntzan» oinarritzen dela. Komunitate, osasun eta gizarte arloan 10.141 pertsona artatu ditu elkarteak Nafarroan, eta aipatu du «aurrerapenak» izan direla. Nabarmendu duenez, zera izan da lanean aritu diren urteetan izandako «mugarririk garrantzitsuenetako bat»: emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko eta haren aurka jarduteko protokoloa, Nafarroan 2013an onartua eta 2025ean berritua. Hala ere, elkarteak ohartarazi du «premiazko erronkak» daudela oraindik.

Profesionalen prestakuntza 

Munduko Medikuak elkartearen Nafarroako adarrak emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko duen proiektuan bitartekari dabil Farmata Watt, eta zenbait erronka aipatu ditu: protokoloaren inguruko ezjakintasunari aurre egin eta profesionalen prestakuntza indartzea, baliabide espezializatuetara iristeko oztopoak kentzea, eta genitalen berregitean aurrerapausoak ematea. Funtsezkotzat jo du profesionalak prestatuta egotea : «Jakina da emakume bati genitalak mutilatu badizkiote litekeena dela haren alabak arriskuan egotea. Profesionalak prestatuta ez badaude, ordea, ezin arriskua antzeman».

«Prebentzioak lehentasuna izan behar du giza eskubideei, osasunari eta berdintasunari buruzko politika publikoetan»

ALEXANDRA REQUIZ Munduko Medikuak elkartearen Nafarroako adarreko burua

Elkartea 2008tik ari da prebentzio proiektua lantzen, eta, haren bitartez, emakumeak buru dituzten sare komunitarioak bultzatu ditu; esaterako, Flor de Africa elkartea eta Black Power taldea, afrikar jatorriko hainbat neska gaztek sorturikoa. Watten ustez, «oso garrantzitsua» da genitalak mutilatzeko arriskurik handiena dagoen herrialdeetatik datozen emakumeek proiektua gidatzea. Aipatu du mutilazio genitala gehienbat «Afrika beltzean» egiten dela, baina bost kontinenteetan gertatzen dela.

«Jakina da emakume bati genitalak mutilatu badizkiote litekeena dela haren alabak arriskuan egotea»

FARMATA WATT Prebentzio proiektuaren bitartekaria

Genitalak mutilatu dizkieten eta Nafarroara iristen diren emakumeei dagokienez, Wattek esan du «beharrez beteta» iristen direla. Adierazi duenez, behar horiek ekonomikoak edo etxebizitzarekin loturikoak izan ohi dira, eta egoera irregularrean egoteak ere zailtasunak ekartzen dizkie. Horren harira, Wattek aipatu du Munduko Medikuak elkartearen Nafarroako adarrean «ontzat» jotzen dutela Espainiako Gobernuak berriki migratzaileentzat iragarritako ezohiko erregularizazioa.

Tabu bat

OMEk dio oraindik umeak direla mutilatzen dizkietela genitalak neska gehienei, eta praktika horrek ez duela inongo onurarik osasunerako. Watten esanetan, baina, herrialde batzuetan «errotua» dago mutilazioa, «tradizionala» da, eta «borrokatzeko oso zaila». «Isilpean gordetzen da. Tabu bat da, eta horregatik ez da hitz egiten horri buruz», adierazi du. Mutilazioak erlijioarekin loturiko arrazoiengatik ere egiten direla dio Flor de Africa elkarteko kide Djamila Djalok, baina azaldu du praktika horrek «ez duela zerikusirik» erlijioarekin. «Ez dago inon Koranean. Sinetsarazten digute emakumeak garbitzeko modu bat dela, baina ez du zerikusirik horrekin», adierazi du. Wattek azpimarratu du erlijio bakar batek ere ez duela mutilazio genitala defendatzen. 

«Ez dago inon Koranean. Sinetsarazten digute emakumeak garbitzeko modu bat dela, baina ez du zerikusirik horrekin»

DJAMILA DJALO Flor de Africa elkarteko kidea

Emakumeen mutilazio genitalaren aurkako borrokan, emakumeek ez ezik, gizonek ere jardun behar dute, Watten iritziz. Horren harira, erlijioa ekarri du berriz hizpidera; esan du emakume gehienek ez dakitela Korana interpretatzen, hori gehienbat gizonek egiten dutela, eta gizon horiek berek «engainatu» egiten dituztela emakumeak, esanez erlijio musulmanak praktika horri eusten diola. Emakumeen mutilazio genitalaren inguruko kontzientziazioari dagokionez, Wattek dio hasieran «askoz zailagoa» zela kontzientzia piztea, gizonek esaten zietela «saldu» hutsak zirela, baina aipatu du gerora gizon batzuk aritu direla haiekin elkarlanean. Hala ere, esan du gai honen inguruan kontzientziatzeko garai eta modu egokiak baliatu behar direla.

Etorkizunari begira, Munduko Medikuak elkartearen Nafarroako adarrak azpimarratu du emakumeen mutilazio genitala desagerraraztea lan komunitarioaren, erakundeen inplikazioaren eta giza eskubideen defentsaren bitartez baino ez dela posible. Djalok erronka zein den azaldu du: «Erronka da hamazazpi urtean baino gehiagoan eraikitakoa indartzea, eta erantzun integrala eta oztoporik gabekoa bermatzea, emakumeak erdigunean jarrita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.