Nortasuna behar zuen intxaurra

Nafarroako Intxaurra marka kolektiboak hasiera eman dio fruituaren aurtengo sasoiari. Tokiko intxaurra identifikatzeko «beharra» zegoelako sortu zuten marka.

Mario Iliberri nekazariaren Nueces Monte Sesma enpresaren intxaur uzta. NUECES MONTE SESMA
Mario Iliberri nekazariaren Nueces Monte Sesma enpresaren intxaur uzta. NUECES MONTE SESMA
2025eko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Heldu da intxaurraren uztaren garaia, eta fruitua biltzeari ekin diote Nafarroako Intxaurra marka kolektiboaren ekoizleek. Iaz, Iruñean marka ezagutzera emanda eman zioten hasiera sasoiari, eta aurten, Artaxoan Intxaurraldia, Nafarroako Intxaurra biltzeko jardunaldia kanpainaren lehen edizioa aurkeztuz. Bertan, besteak beste, fruitu horren ezaugarriak eta horren elaborazio prozesua azaldu dituzte, eta Intiako teknikari eta Nafarroako Intxaurra markako idazkari Ana Barandiaranek (Beasain, Gipuzkoa, 1966) kontatu du fruitua ekoizten den tokira eraman nahi izan dutela aurtengo sasoiaren hasieraren aurkezpena. Artaxoan egindako ekitaldian, markako presidente Emilio Gurreak adierazi du aurten «kalitate bikaineko uzta» eta 200 tona inguruko ekoizpena espero dutela.

Intia sozietate publikoarekin batera antolatu du kanpaina Nafarroako Intxaurrak. Izan ere, Intiak eta marka kolektiboa osatzen duten zortzi ekoizleek hiru urte baino gehiago daramatzate elkarlanean, 2022ko apirilean lehen bilerak egin zituztenetik. Urte hartako abenduan, Nafarroako Intxaurra Sustatzeko Elkartea sortu zuten, eta, marka kolektiboa sortzeaz gain, duela bi urtetik hona Reyno Gourmetek babestutako kalitate marka da Nafarroako Intxaurra. Horren ekoizleetako bat da Nueces Monte Sesmako Mario Iliberri nekazaria (Lizarra, 1980), eta esan du marka kolektibo bat sortzeak eta fruitua Reyno Gourmeten zigilupean saltzea lagungarria izan zaiela, esaterako, leku gehiagotara iristeko.

Identifikatzeko beharra

«Marka sortzea oso garrantzitsua da, ekoizleen intxaurra identifikatzeko beharra zegoelako, kalitate handiko intxaurra delako, eta Nafarroakoa delako. Orain, hori guztia kontsumitzaileari transmititu ahal izango zaio». Hori adierazi zuen Emilio Gurreak iaz markaren aurkezpenean. Nafarroako intxaurrari «balioa» emateko sortu zen marka, Iliberrik nabarmendu duenez. Izan ere, 2022an ekoizleek kezkatuta jo zuten Intiara, atzerriko intxaurra lortzen ari den nagusitasuna dela eta, eta tokikoa identifikatu nahi zuten. Azken urteetan batez ere Frantziatik eta Txiletik datorrena «merkatua bereganatzen» ari dela irakur daiteke Reyno Gourmeten webgunean. Txinatik eta AEBetatik ere iristen direla azaldu du Barandiaranek. 

«Ni Sesmako intxaurra dela jartzen duten lekuetara joan naiz, nirea hala baita, eta esaten duzu: 'Nola izan dezakezu intxaurra irailerako, oraindik ez bada bildu?'»

MARIO ILIBERRI Nekazaria

Intxaurra identifikatzeko beharrari dagokionez, Barandiaranek eta Iliberrik aipatu dute denda batzuetan ekoizleek iruzurrak aurkitu dituztela, esanez intxaurra Nafarroakoa dela, horrela izan ez arren. «Ni Sesmako intxaurra dela jartzen duen lekuetara joan naiz, nirea hala baita, eta esaten duzu: 'Nola izan dezakezu intxaurra irailerako, oraindik ez bada bildu?'. Eta pixka bat begiratzen duzu, eta frantsesa da», adierazi du Iliberrik. Beste herrialde batzuetan fruituaren ekoizleek egiten duten praktika bat ere aipatu dute Barandiaranek eta Iliberrik. Biek diote zenbaitetan lixibarekin garbitzen dutela intxaurra, zuriagoa gera dadin. 

Alde horretatik, Intiak eta marka osatzen duten zortzi ekoizleek zenbait baldintza adostu dituzte, fruitua Nafarroako Intxaurra izendapenarekin saltzeko: intxaurrek oso-osorik Nafarroan ekoitzitakoak izan behar dute; ekoizleek ezin dute produktu kimikorik erabili, eta fruitua urarekin garbitzen dute; oskoldun intxaurrek gutxienez 28 milimetroko diametroa dute; eta azala kendu eta 48 ordu igaro baino lehen lehortu behar da, onddoak ez ugaltzeko. Horrez gain, Barandiaranek azaldu du fruituen %10 baino gehiago ezin direla atera «txarrak», eta haren iritziz «baldintzarik garrantzitsuena» da sasoiko intxaurra saldu behar dela, eta ez aurreko uztakoa. Intxaurra ekoizteko prozesu osoa ekoizleen esku dago, eta, baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko, prozesu guztiak Intiak ikuskatzen ditu. 

Nueces Monte Sesmaren intxaurrondoak. J.P URDIROZ - INTIA
Nueces Monte Sesmaren intxaurrondoak. J.P URDIROZ - INTIA

Errelebo «zaila»

Nafarroa osoan zehar banaturik daude intxaurrondoak, baina ekoizpen eremu nagusiak Lizarraldea, Erdialdea eta Goi Erribera dira. Dena den, Barandiaranek esan du Nafarroan nekazaritzaren eta abeltzaintzaren belaunaldi arteko erreleboa «oso eskasa» dela. Ilibarrik aipatu du Sesma inguruko herriren batean hasi dela gazteren bat nekazaritzan lan egiten. Hala ere, kontatu du marka kolektiboa osatzen duten ekoizleen artean bera dela gazteetan bigarrena, 45 urterekin, eta belaunaldi arteko erreleboa «zaila» dela.

«Lanean jarraitu behar dugu honekin. Produktu ona daukagu, Nafarroakoa; zergatik ez bultzatu hori, ez?»

ANA BARANDIARAN Intiako teknikaria eta Nafarroako Intxaurra markako idazkaria

Erreleboa bultzatzeko «baldintza onak» jarri behar direla nabarmendu du Barandiaranek. Horrez gain, Nafarroako intxaurra bultzatzearen garrantzia ere azpimarratu du Intiako teknikariak: «Lanean jarraitu behar dugu honekin. Produktu ona daukagu, Nafarroakoa; zergatik ez bultzatu hori, ez?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.