Osasun mentaleko arreta eredua «irauli» behar dela aldarrikatu dute

Isem sareak, Tuterako UNEDek eta Mejorando Cada Dia fundazioak jardunaldi bat egin dute Iruñean. Mikel Valverde psikologoak parte hartu du, bertzeak bertze, eta nabarmendu sufrimendu psikosozialeko esperientziak dituztenen historiari so egin behar zaiola.

Osasun mentaleko erabiltzaileen, senideen eta profesionalen plataformak egindako elkarretaratzea, urriaren 10ean, Iruñeko Udaletxe plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Osasun mentaleko erabiltzaileen, senideen eta profesionalen plataformak egindako elkarretaratzea, urriaren 10ean, Iruñeko Udaletxe plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko azaroaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Buruko osasunari buruzko jardunaldi bat egin dute azaroaren 6an, Iruñean, Berdinen artean, hitzen artean: osasun mentaleko esperientzia eraldatzaileak izenburupean, eta Isem sareak, Tuterako UNEDek eta Mejorando Cada Dia fundazioak antolatuta. Asmoa izan da, hain zuzen, egungo arreta ereduaren aurrean, pertsona erdigunean jartzeko asmoz garatzen ari diren esperientziak jorratzea eta zabaltzea. Berdinen arteko laguntza agenteen lanaz aritu dira, bertzeak bertze, eta aldarrikatu dute «irauli» egin behar direla buruko osasunaren egungo moldeak.

Aitortza ofizialik gabeko figura bat da oraindik berdinen arteko laguntza agentearena. Proiektu horren oinarria da sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan eta osatzeko bidean urratsak egin dituzten pertsonak trebatzea, esperientzia horietatik abiatuta, sufritzen ari diren bertze batzuk beren prozesuetan lagundu ahal izateko.

Mikel Valverde psikologo klinikoak argi du berdinen arteko laguntza agenteen gisako eta bertzelako «bide berriak» landu behar direla osasun mentalaren esparruan. 2018an erretiroa hartu zuen, baina segitu du buruko osasunaren arlora lotuta: Las voces de la asistencia en salud mental liburuaren egilea da. Osasun mentalaren esparruko zerbitzuen erabiltzaileen, beren senideen eta profesionalen ahotsak jaso ditu, sufrimendu psikosozialeko esperientziak dituztenen historiek «garrantzi handia» dutela nabarmentzeko.

Ohera lotuta

Diagnostikoaren gainetik, Valverdek osasun mentaleko zerbitzuetara jotzen duenaren historia jarri du erdigunean. Salatu du, ordea, egungo arreta ereduak bazter uzten duela. «Zer gertatzen zaion, edo nola dagoen galdetzen zaio erabiltzaileari, eta erantzunaren arabera, sailkapen baten araberako diagnosi bat ematen zaio. Diagnosia eman eta gero, etiketa horren arabera aurretik zehaztutako tratamendua ematen zaio, erabiltzailearen historiari erreparatu gabe», azaldu du.

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari Carmen Maeztu, ezkerretik hirugarrena, eta Sara Txibite Osasun Mentaleko kudeatzailea, laugarrena, azaroaren 6an, Iruñean. TUTERAKO UNED
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari Carmen Maeztu, ezkerretik hirugarrena, eta Sara Txibite Osasun Mentaleko kudeatzailea, laugarrena, azaroaren 6an, Iruñean. TUTERAKO UNED

«Oihuka ari nintzen. Ohera lotu ninduten. Ez zen inor etorri». Esaldi hori da Valverdek bere liburuan jaso dituenetako bat, osasun mentaleko zerbitzuen erabiltzaile batek errana. Psikologoaren lanean parte hartu duten profesionaletako batzuek ere salatu dute ospitaleratze psikiatrikorako unitateetan jendea lotu izana. «Jendea lotzea ohiko kontu bat zen lan egin dudan tokietan; uste dut onartu behar dugula bertzeak mindu dituzten pertsonak garela», azpimarratu du horietako batek.

Valverdek uste du egoerak hobera egin duela azken urteotan, baina oraindik lan handia badela egiteko. «Gauza anitz dago aldatzeko». Eredua iraultzeko ahalegin horretan ari dira berdinen arteko laguntza agenteak, baina bide hori ere oztopoz beteta dago. Egun, agente horiek Burgosko Unibertsitateak (Espainia) garatutako programarekin ari dira trebatzen Nafarroan. Urte amaieran, unibertsitate ikastaroaren bigarren aldian parte hartu dutenek jasoko dute diploma.

Aitortza ofizialik gabe, halere, gutxi dira arlo profesionalean egin ahal izan dituzten urratsak. Trebatzeko bidean, Avanvidak kudeatzen dituen herrialdeko errehabilitazio psikosozialerako zentroetan egin dituzte praktikak. Etxe horrek, gainera, berdinen arteko laguntza agente bat kontratatu du etxebizitza babestuetan bizi diren erabiltzaileak artatzeko.

Asmoez harago

Nafarroako Gobernuak ere berdinen arteko laguntza agenteen alde egin du Iruñeko jardunaldian. Ez da figura hori babesten duen lehen aldia, baina babes horrek, hitzez harago, bide motza egin du, orain arte. Osasun mentaleko profesionalei zuzendutako formakuntza saio bat antolatu zuen duela bi urte, eta osasun mentaleko zentro bateko lantaldean agente bat gehitzeko proiektu pilotu bat prestatu du orain.

«Diagnosia eman eta gero, etiketa horren arabera aurretik zehaztutako tratamendua ematen zaio, erabiltzailearen historiari erreparatu gabe»

MIKEL VALDERDE Psikologo kliniko erretiratua

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari Carmen Maeztuk eta Nafarroako Gobernuko Osasun Mentaleko kudeatzaile Sara Txibitek hitza hartu dute Iruñeko jardunaldiaren hasieran, eta berretsi gobernuaren asmoa dela erabiltzaileak «erdigunean» jartzea. Valverdek garbi erran du egungo arazoa ez dela baliabiderik eza, eta eredua aldatzea dela «premiazkoena»: «Irakatsi diguten eredu biomedikoak ez du funtzionatzen, baina segitzen dugu ikasi dugun bezala lan egiten. Hori aldatu behar da».

Bertzelako bideak jorratu behar direla berretsi dute saioan parte hartu duten berdinen arteko laguntza agenteek eta osasun zerbitzuetako erabiltzaileek ere. Mikel Valverdek bezala, erabiltzaileon historia entzun behar dela nabarmendu dute. Maeztuk eta Txibitek, halere, ez dituzte hitzok aditu, jardunaldia inauguratu bezain pronto alde egin baitute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.