Soka luzeko proiektu bat da Muga, Geoalcalik Zangoza inguruan potasa ustiatzeko egin nahi duen meategiarena. Enpresak 2012. urtean egin zituen lehen urratsak, baina egitasmoa behin-behinean geldirik dago 2024ko urritik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aginduz. Epaileek emandako kolpe hori ez da azkena izan egitasmoaren bultzatzaileentzat: iazko ekainean, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak txosten batean jaso zuen Santos Cerdanen, Koldo Garciaren eta auzi horretan inplikatutako enpresen arteko harremana Nafarroan harilkatu zela, eta Muga meatokia eraikitzeko egitasmoa izan zela abiapuntua, 2015ean. Epaileek proiektuaren inguruan hartutako erabakien eta plazaratutako informazioen ondorioz, Mugari buruzko kezkak eta zalantzak ugaritu baino ez dira egin. «Partida irabazten ari gara, baina oraindik ez da amaitu», erran du meategiaren aurkako plataformako kide Enrique Mirandak Iruñean, Ahal Dugu-k antolatutako mahai inguru batean.
Antonio Aretxabala geologoak eta Aliantza Berdea taldeko Carmen Tejerok parte hartu zuten, Mirandarekin batera, Ahal Dugu-k, urtarrilaren 15ean Iruñeko Kondestablearen jauregian egindako mahai inguruan. Nafarroako Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Neniques Roldan aritu zen aurkezle.

Miranda Undiokoa da, eta 2013tik dago sartua Muga meatoki egitasmoaren aurkako borrokan. Urte hartan, Geoalcaliko orduko arduradun Pedro Rodriguez Undion agertu zen, proiektuaren berri ematera. Erreniegako potasa meatoki zaharra berriz ireki nahi zuela azaldu zien herritarrei. «Haurrak kenduta, denak ginen batzar hartan. Rodriguezek solasaldia bukatu zuenean, herritar batek, batzarreko zaharrenak, alde egiteko eskatu zion; erran zion nahikoa izan genuela meategi zaharrarekin, ez genuela bertzerik nahi; denok txalotu genituen hitz haiek», oroitu du.
Geoalcaliko arduradunek hasieratik topo egin zuten inguruko toki entitate gehienen eta herritarren oposizioarekin Erreniegan. Enpresak, ondorioz, Zangoza aldera jo zuen; inguru hartan ere bazuen potasa ustiatzen hasi aurreko ikerketak egiteko baimen bat, eta bertze bat Unduesen, Aragoin (Espainia), hango gobernuak emana.
«Parlamentari anitzen babesa jaso genuen, baina batek gogor egin zuen gure kontra. Zalantza jarri zuen Oscar Pueyo geologo ospetsuaren profesionaltasuna. Parlamentari hura PSNko Santos Cerdan zen»
ENRIQUE MIRANDA Muga meategiaren aurkako plataformako kidea
Mirandak, hain zuzen, «harrigarritzat» jo du Geoalcalik behar zituen ikerketarako baimenak lortu izana. Izan ere, indarrean dagoen meategien inguruko legearen arabera —1973. urtekoa da—, baimena eskatzen duen enpresak erakutsi behar du kaudimenduna dela. «Nola egin zuen hori Geoalcalik? Sortu zenean, 3.000 euroren kapitala bertzerik ez zuen, eta proiektu bakar bat ere ez aurretik egina», nabarmendu du Mirandak.
Egoera horrek atentzioa eman izan dio beti Antonio Aretxabala geologoari ere, eta, Geoalcaliren hastapenei so eginda, «harrigarria» zaio ikustea Nafarroako Gobernuko hainbat agintarik zein harrera beroa egin zioten Muga proiektuari. «Hedabide batzuetako azaletan agertu zen Uxue Barkos, bertzeak bertze, nabarmenduz Muga hagitz proiektu ona izanen zela nafarrentzat».
«Saltzeko» ahala
Mirandak eta Aretxabalak, hain zuzen, enpresak bere proiektua «saltzeko» izan duen ahala azpimarratu dute. «Espekulazio hutsa da meategia. Zer izan litekeen salduz, dirutza lortu dute enpresa sortu zutenek».
Mirandak zehaztu du Geoalcalik Australiako Highfield Resources enpresari saldu ziola Muga proiektua. «Ustez meatzaritzaren esparruko enpresa bat da, baina, Geoalcali erosi zutenean, ikerketarako baimen bat baino ez zuen, Australia iparraldean». Mirandak berretsi du Australiako enpresak ez zuela deus, baina Geoalcali erosi eta gero burtsan kotizatzen hasi zirela. «Geoalcali sortu zutenek Highfiel Resources enpresaren akzioak eskatu zituzten beren enpresaren truke. Ondorioz, Geoalcali 3.000 eurorekin sortu zuten, eta Australiako 75 milioi dolar irabazita utzi, deus egin gabe».
Ez ziren potasa interesatzen zitzaien bakarrak. Horixe uste dute Mirandak eta Aretxabalak. Mirandak, hain justu, gogora ekarri du 2016an Nafarroako Parlamentuko Industria Batzordean egindako agerraldi bat: «Ahal Dugu-k eta EH Bilduk eskatuta joan ginen. Parlamentari anitzen babesa jaso genuen, baina batek gogor egin zuen gure kontra. Zalantzan jarri zuen Oscar Pueyo geologo ospetsuaren profesionaltasuna. Parlamentari hura PSNko Santos Cerdan zen. Orain badakigu zergatik aritu zen hain gogor». 2015eko abenduan, Geoalcalik eta Accionak meatzea eraikitzeko kontratua izenpetu zuten, eta aldi baterako enpresa elkarteko beste bazkidea Servinabar zen. Hala, Guardia Zibilaren txostenean ondorioztatu dute Alonsoren bi enpresak Servinabar eta Noran kooperatiban batu zirela «Muga meatokia gauzatu ahal izateko».
Egun, behin-behinean geldirik dago proiektua, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi baitzuen administrazio bakar baten aurrean tramitatu behar dela, eta ez hirutan —Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuak—, enpresak egin bezala. Aliantza Berdea taldeko Carmen Tejerok nabarmendu du alderdiek «adi» egon behar dutela Mugaren gisako egitasmoak agertuz gero, eta herritarrak, alderdiak eta erakundeak «indarrak batzera» deitu ditu.
500Zenbat kamioi pasatuko liratekeen Zangozatik. Muga meategiaren proiektuak aurrera eginen balu, egunean bostehun kamioi pasatuko lirateke Zangozatik, egitasmoaren arabera.