Helburu argi batekin sortu zen MIG Pertsona Migratuentzako Informazio Gunea, Iruñean; hain zuzen ere, migratuek kudeaketa administratibo guztiak egiteko dagoen informazio faltari aurre egitea. 2019ko irailean hasi ziren itzultzen administrazioak erabiltzen duen hizkuntza «korapilatsua». Ordutik, poliki-poliki geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte. Esate baterako, gaztelaniazko eta antzerki eskolak; migratzaileei informazioa ematea eta egin behar duten bidean laguntzea dute helburu. Informazio gunea astelehenero dago zabalik, 18:00etatik 19:00etara, Iruñeko Alde Zaharreko kale Nagusiko Plazara gunean. 2024tik 2025era 259 pertsona berri pasatu dira bulegotik informazio eske.
Isabel Diaz Diez hasieratik dago taldean: «Ikusi genuen Iruñean eta Nafarroan orokorrean ez zegoela informazio guztia biltzen zuen gunerik. Hona etortzen diren pertsonak, batez ere, kale gorrian dauden pertsonak dira, eta bizitzeko gela batengatik, zerbitzuengatik eta tresnengatik galdetzen dute». Espazio fisikoaz gain, webgune bat daukate (Pim-mig.info), eta, bertan, azaltzen dute zer baliabide dauden etxebizitza edota errolda lortzeko, nola ikasi gaztelania edo euskara, eta zer zerbitzu dauden indarkeria matxista eta LGTBIfoboa salatzeko. Informazioa arabieraz, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez dago.
Baliabide falta zela eta, Iruñeko Udalarekin behin baino gehiagotan bildu ostean, 2022an udalak Migrazioen Arloko Orientaziorako eta Oinarrizko Informaziorako Zerbitzua sortu zuen. «Informazioa ematen dute soilik. Guk, informazioa emateaz gain, guregana jotzen dutenak beren bidean lagundu ere egiten ditugu», esan du Diazek. Adibidez, larrialdietara laguntzen dituzte, behar izanez gero, eta abokatu bila eta erroldatzea lortzeko egin beharrekoak argitzen laguntzen dituzte. Nafarroako Gurutze Gorriak kudeatzen du udalak ematen duen zerbitzua, eta Diazek salatu du diru «asko» dutela baina «deus gutxi» egiten dutela: «Gainera, ez dakite deus: guri galdetzen digute dena».
Iratxe Espartza Chueca taldeko kideak gehitu du kale gorrian edota baztertuta dagoen jendearen errealitatetik «urrun» bizi direla zerbitzua kudeatzen dutenak: «Gauzak antolatzen dituztenean jendea eramateko eskatzen digute, ez dutelako harremanik kaleko bizitzarekin. Iaz lo zakuak banatu behar zituzten, eta guri eskatu ziguten zerrenda egiteko. Gurutze Gorriak ez dakit zenbat mila euro eramaten ditu, eta guk egin behar dugu zerrenda?». Haserre mintzo dira kudeaketaz; gaineratu dute bitartekari lana egin behar dutela maiz, eta, elkarte autogestionatu bat izan arren, udalaren lana egiten dutela. «Auzoetako unitateetako gizarte langileek gure gaztelaniazko eskoletara bidaltzen dute jendea. Alderantziz izan beharko luke; guk baliabide publikoetara bideratu beharko genituzke», salatu du Espartzak.
«Informazio gunean inolako baldintzarik gabe artatzen zaituzte,
SADDAM DILMI MIGeko erabiltzailea eta boluntarioa
eta ez dute erroldarik eskatzen»
Bat egin du horrekin Saddam Dilmik, eta nabarmendu du kale gorrian daudenentzako aterpeak, janaria eta gaztelania eskolak falta direla. Dilmi duela ia hiru urte iritsi zen Iruñera. Hasieran ez zekien ez gaztelaniaz eta ez euskaraz, eta ez zekien ongi nora jo. Informazio gunera joatea gomendatu zioten: «Jakin nahi nuen nola lortu errolda, nola ikasi hizkuntza, nola egin jarduerak… Inolako baldintzarik gabe artatzen zaituzte, eta ez dute erroldarik eskatzen». Esan du erroldarik gabe «oso zaila» dela edozer egitea, eta zerbitzu asko ukatzen dizkietela, eta urteekin «geroz eta zailagoa» dela errolda eta lana lortzea. Izan ere, Espainiako Atzerritarren Legeak «asko zailtzen» du prozesua. Kontatu dute lanean hasi ahal izateko zazpi urte pasatzen direla batez beste.
Bizitoki duinik ez
Erroldaz gain, etxebizitzaren afera kontuan hartu behar da. Foessa fundazioaren arabera, Nafarroako biztanleen %22k bizitokiari lotutako bazterkeria arazoak dituzte. AROPE txostenak dio gabezia material eta sozial larria dutenen kopurua %7,7tik %9ra handitu dela Nafarroan. 2015etik izandako daturik altuena da. Dilmik azaldu du pisu bat ikusteko deitu eta etorkina dela ikusten dutenean ukatu egiten diotela alokatzea. Alokairuen igoerak ere zaildu egiten du etxebizitza duin bat izatea. Espartzak azaldu du gaur egun gutxieneko errolda lortuta ere pertsona «asko» kalean daudela. Joseba Asiron Iruñeko alkatearen jarrera ere kritikatu du: «Asironek erran zuen ez zuela inork kalean lo egingo, eta karguan dagoenetik jende gehiago bizi da kalean. Lehen, neguan, Damas Apostolicas aterpea prestatzen zuten, baina aurten ez dute zabaldu, baldintza txarretan dagoelako. Hobe hori, kalean egotea baino».
Jatekoaz ere mintzatu dira. 2024ko ekainetik astean hirutan jantoki komunitario bat jarri dute martxan. Astelehenetan Arrosadia auzoan egoten dira, asteartetan Arrotxapeko El Hadji gune autogestionatuan, eta ostegunetan alde zaharreko Matalaz txokoan. Bazkaltzeko ordua iristen denean, lapikoa iritsi orduko denak prest dira ilara egiteko. «Oso garrantzitsua da janaria bermatzea. Azken finean, jaten ez badute, hotzari aurre egiteko beste substantzia batzuk kontsumitzen dituzte. Horrek eragin zuzena dauka osasunean, eta askok osasun arazo asko dituzte», esan du Diazek.