Irantzu Gonzalez (Iruñea, 1987) nerabezaroan hasi zen dantza klasikoa ikasten. Altsasun aukerarik ez zegoenez, Iruñera joan behar izan zuen. Madrilen aritu da lanean urte luzez, eta duela hamar urte Irantzu Gonzalez dantza eskola sortzea erabaki zuen. Hirurogei ikasle ingururekin abiatu zuen eskola, eta egun berrehun ikasletik gora ditu. Azaroaren 22an ospatu zuten urtemuga.
Hamar urte betetzea ez da gutxi; zer moduz zaude?
Alde batetik, oso harrituta nago, oso azkar pasatu baitira hamar urte hauek; eta beste aldetik, oso hunkituta. Eskola irekitzea amets bat betetzea izan da, eta hamar urtez eskolari eusteko indarra eta energia izatea, beste amets bat betetzea. Ilusioz eta energiaz beteta nago.
Sakanan dantza klasikoa ikasteko aukerarik ez izateak bultzatu zintuen eskola sortzera?
Bai, hori izan da helburu nagusia. Txikitan euskal dantzetan aritu nintzen, baina gaztetan dantza klasikoa, garaikidea edo modernoa egin nahi nuen. Altsasun horretarako aukerarik ez zegoenez, nire gurasoentzat esfortzu handia zen Iruñeraino joan behar izatea. Amak esan zidan: «Hamabost urte betetzean, eta autobusean bakarrik joan zaitezkeenean, autobusez joan, eta zure bila joango gara». Pena handia ematen zidan ikasteko Iruñera edo beste leku batzuetara joan behar izateak.
Ahalegin handia al zen Iruñera joan behar izatea?
Lehenago gimnastika erritmikoan aritzen nintzen, eta, beraz, gauza bera ez den arren, banuen formakuntza pixka bat maila korporalean eta teknikoan. Goizetan eskolara joan behar izaten nuen, eta etxeko lanak oso ongi antolatu arratsaldean autobusa hartzeko. Oso garai polita izan zen, baina gogorra ere bai.
«Ez da soilik lagunekin egoteko eskolaz kanpoko jarduera bat, dantza ikasi nahi dutenentzako leku bat ere bada»
Dantza estiloei dagokienez, zer-nolako aukerak zeuden Altsasun?
Hemen beti izan ditugu euskal dantzak eta gimnastika erritmikoa. Beste bi lagunekin batera, gimnastika erritmikoko klub bat sortu genuen. Ez zeuden aukera asko. Iruñeko dantza klasikoko irakasle bat euskal dantzetako saioetara etortzen zen tarteka. Niri euskal dantzak beti gustatu izan zaizkit; gainera, aita dantzaria izana da. Horrek piztu zidan pixka bat grina, baina dantza klasikoko irakaslea etortzen zenean, txundituta geratzen nintzen. Argi nuen hori zela gehien gustatzen zitzaidana.
Eskolak, orduan, beste bide batzuk ireki dizkio dantzari?
Bai, dantza klasikoa, garaikidea eta modernoa egiteko bideak ireki ditugu. Leku egin diegu dantza estilo horiei. Horretaz gain, tarteka flamenko, saltsa edo estilo horietako ikastaro trinkoak egiten ditugu.
Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Ilusio handiz. Buruan zerbait sartzen zaidanean, oso burugogorra naiz. Oso argi nuen zein zen nire ideia eta nolakoa izan behar zuen. Egunez egun ikasiz joaten nintzen. Dena berria zen, baina ilusioz eta energiaz beteta nengoen. Denetarik ikasi nuen, arkitekturaz, kontratuez eta dantzarekin zerikusirik ez duten milaka kontuz.
Herrietan aukera gutxiago egoten dira normalean. Iruditzen zaizu hutsune bat bete duela eskolak?
Ni gaztea nintzenean ez zeuden gauza asko, baina orain, Altsasun behintzat, jarduera pila bat daude. Polita da herrian gauzak egiteko aukera edukitzea eta kanpora joan beharrik ez izatea. Behintzat aukera izatea herrian probatzeko, eta gero profesionala izan nahi baduzu eta kanpora joateko beharra ikusten baduzu, orduan joatea.
Horrelako proiektuak sustatzeak lagundu dezake herrietako biztanleria handitzen edo mantentzen?
Nik uste dut baietz. Mugimendua dagoen herri batean bizitzeak herrian geratzera animatzen zaitu. Eta ez soilik dantzak, edozein jarduerak laguntzen du.
Eskola dantzara hurbiltzeko leku bat izateaz aparte, profesionalizatzeko aukera bat ere bada?
Eskola honetan ibili ziren orain profesionalak diren bi dantzari. Beti esaten dut Altsasun eskola bat dagoela, baina Altsasutik mundura joateko. Eskola honetatik zuzenean joan dira Bilboko Dantzertira [Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako Eskola] edo Madrilera, dantza profesionala ikastera. Egia da beste formakuntza batzuen babesa ere izan dutela. Nire ustez, ez da soilik lagunekin egoteko eta jolasteko eskolaz kanpoko jarduera bat, dantza ikasi nahi dutenentzako leku bat ere bada.
«Pisuak ez dauka zerikusirik dantzarekin; barrutik datorren sentimendu bat da, arte bat»
Dantzarima konpainia ere sortu duzu. Zer helburu dauka?
Madriletik bueltatu nintzenean pentsatu nuen polita litzatekeela dantza taldean elkarrekin aritutako adin bereko jendea elkartzea. Bazeuden batzuk dantzarekiko atxikimendua zutenak, baina helduak zirenez ez zutenak lekurik aurkitzen. Nire helburua zera zen, hemengo dantzari batzuk inoiz dantzatu ez dutenekin elkartzea. Eskola ireki baino urtebete lehenago sortu zen, eta eskolatik aparte. Urteekin pixkanaka eskolarekin elkartzen ari da.
Atzera begiratuz gero, espero zenuen horrelako ibilbidea egin ahal izatea dantzaren bidez?
Ezta pentsatu ere. Beti joan naiz egunez egun eta gauzak pixkanaka egiten. Ez ditut oso luzerako helburuak jartzen. Ez nuen espero horrelako zerbait sortzea. Urtero ikasle gehiago etortzen dira. Txikiak oso pozik daude, eta batzuek zortzi edo bederatzi urte daramatzate.
Badago joera dantza klasikoa gorputz kanon batzuekin lotzeko. Zure iritziz, irakasteko moduan aldatzen ari da hori?
Gorputz guztiak dira ongi etorriak eta guztiok dantzatu dezakegu. Niretzat, adibidez, pisuak ez dauka zerikusirik dantzarekin; barrutik datorren sentimendu bat da, arte bat. Dena dela, kirol bat denez, zenbat ordu sartzen dituzun dantzan, egia da gorputzeko atal batzuk edo beste batzuk garatzen direla.