Imanol Urbieta musikariaren kantek osatutako hainbat liburu ekarri ditu NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko campuseko bere bulegora, eta argazkilariari erran dio argazkian erakutsi nahiko lituzkeela. Itziar Perez de Ziriza Makaiak txikitan ikasi zituen Urbietaren kantak, eta orduko ilusio beraz mintzatu da musikariari buruz, haren liburuak eskuetan. Urbieta 2016an zendu zen (Zarautz, Gipuzkoa, 1934), baina milaka partitura utzi zituen. Perez de Zirizak (Atarrabia, 1985) lan hori aztertu eta kantak sailkatu ditu bere tesirako.
Zergatik Imanol Urbietari buruzko tesi bat?
Txikitan Urbietaren abestiak kantatzen nituen; orduan ez nekien abesten nituen kanta haiek nork eginak ziren, baina maite nuen abestea. Ikastolan asko kantatzen genituen Urbietaren abestiak, eta etxean ere bai; aitak autoan jartzen zituen, behin eta berriz. Nire haurtzaroaren musika banda bilakatu ziren. Gero, alabak jaio zirenean, haiei kantatzen nizkien. Urbieta ezagutzen nuen, baina azaletik. Sakontzeko aukera sortu zen arte...
Zarauzko Udalaren beka baten bidez, ezta?
Hala da. 2019an eman zidaten. Bekaren helburua zen Imanol Urbietaren kantutegia aztertzea. Sei hilabetez lan horretan aritu nintzen. Urbieta hil eta gero, Kontxi Aizarna haren bikotekide izandakoak bi kutxatan sartu zituen etxean aurkitu zituen partiturak eta liburuxkak, eta udalaren esku utzi. Material hori guztia aztertzea zen bekaren asmoa.
Eta zer aurkitu zenuen han?
Milaka partitura zeuden. Urbietak eskuz idatzitako partiturak baziren, eta liburuetatik kopiatutako beste batzuk ere bai. Berehala galdera bat etorri zitzaidan burura: hau guztia argitaratuta egonen al da? Partiturei so, sumatzen zen batzuk lehen garaikoak zirela, eta beste batzuk azken urtetakoak. Idazteko moduan sumatzen zen.
«Ikastolan asko kantatzen genituen Urbietaren abestiak, eta etxean ere bai; aitak autoan jartzen zituen, behin eta berriz»
Argitu duzu, azkenean, argitaratu gabeko zenbat lan zituen?
Bekarekin sei hilabetez aritu nintzen, baina ohartu nintzen lan handiagoa bazela egiteko, eta erabaki nuen tesia Urbietaren inguruan egitea. Urteotan guztietan materiala biltzen aritu naiz, eta argitaratu gabeko 1.700 lan aurkitu ditut denera.
Eta material horrekin zer egiteko asmoa duzue?
Ziur naiz tesiaren proiektuak beste batzuk abiaraziko dituela; hasteko, orain esku artean dugu webgune bat sortzeko asmoa, haren bidez Urbietaren kanta guztiak herritarren esku jartzeko. Julia Urreaga Aizarna ari da diseinua egiten; Kontxi Aizarnaren iloba da. Argitaratu gabeko kantak ere hor sartuko ditugu. Horiek ez dute musikarik; beraz, herritarrak deitu nahi ditugu abesti horien musika sortzera, edo beste kantak moldatzera...
Urbietaren lanak aztertu eta gero, nola azalduko zenuke hura nor izan zen?
Herriarekin eta euskararekin konpromiso handia izan zuela nabarmenduko nuke, eta musika hezkuntzari emana bizi izan zela. Nik uste dut, halere, Urbietarentzat musika haurrak euskalduntzeko aitzakia bat edo tresna bat izan zela. Esanen nuke Urbietaren lanaren ardatz nagusia euskara izan zela, musika bainoago. Haurrak euskaldundu nahi zituen musikaren bidez, eta haurren bidez, gizarte osoa euskaldundu.
Urbietaren nolabaiteko biografia musikala osatu duzu tesiaren hiru ataletako batean; zer nabarmenduko zenuke?
Asko mugitu zela, gauza asko egin zituela, eta lan eta lan aritu zela. Gainera, garaian garaiko beharretara egokitzen jakin zuen; hau da, kaseteak bazter gelditu zirenean, disko konpaktuak ateratzen hasi zen, eta, bideoak zabaltzen hasi zirenean ere, Urbieta bere abestien bideoak egiten hasi zen. Beti bilatu zuen euskarririk egokiena haurrengana iristeko. Ez zuen atsedenik hartu, bizitza osoa eman baitzuen materiala sortzeko lanean; eraginkorra izan zen, gainera, zeuden beharrei erantzuten baitzien. Webgunearen bidez, gauza bera egin nahi dugu guk: egungo moldeetara egokitu, eta kantak Interneten jarri. Nire tesiaren ataletako bat izan da Urbietaren kanta guztien katalogoa osatzea, eta hori da webgunera eraman nahi duguna. Horretan ari gara.
«Asko abesten dugu nire eskoletan, eta ikasleei nabarmentzen diet abestu egin behar dutela haurrekin»
Urbietaren arlo pedagogikoa ere landu duzu. Zer eman zuen bide horrek?
Musika eskola bat sortu zuen, eta, arlo horretan, Imanol Urbietaren seme Joxean Urbietak hartu du aitaren lekukoa [ikasturte honen amaieran erretiroa hartuko du]. Egia esan, tesia egin bitartean, askotan sentitu dut neure burua Urbietaren lanarekin eta lan egiteko moduekin erabat identifikatua; mimetizatua, esanen nuke! Umeak jartzen zituen erdigunean, eta umeen sormena sustatu zuen.
Zuk ere uste duzu musika hezkuntzarako tresna inportante bat dela?
Bai, oso inportantea. Baina tamalez gero eta gutxiago abesten dugu. Gutxiago abesten da etxean, kalean... Eskolan ere tresna oso inportantea da, besteak beste, hizkuntza sendotzeko. Urbietak hori nabarmentzen zuen, eta horregatik erabiltzen zuen hainbeste onomatopeia bere abestietan, hain zuzen. Ni kezkatuta nago, gutxi abesten delako.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduetan irakasten duzu; esparru horretara eraman duzu zure kezka?
Bai, eta eskoletan asko lantzen dudan auzi bat da. Nik neuk musika erabiltzen dut, asko abesten baitugu nire eskoletan, eta ikasleei nabarmentzen diet abestu egin behar dutela haurrekin. Musikak errazten du ikasleen eta irakasleen arteko lotura sortzea, eta kohesioa sustatzen du. Musikak, gainera, edozer gauza irakasteko balio du.