Zangoza karrikako aparkalekuaren inguruko inkesta kritikatu du azpiegitura horren aurkako plataformak

Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak abuztuan iragarri zuen galdeketa bat eginen zutela. Inkesta bat prestatu dute azkenean, auzokideek erantzun dezaten. Aparkalekuaren aurkako plataformak zalantzan jarri du udal gobernuak hori egiteko eskumena duenik.

Iruñeko Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformaren agerraldia.
Iruñeko Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformako kideen agerraldia, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2023ko abenduaren 01a
05:00
Entzun

Iruñeko Zangoza karrikako lur azpiko aparkalekuaren aurkako plataformako kide Mertxe Zufiak «zuhurtasunez» jokatzeko beharra nabarmendu zuen irailean, eta Iruñeko udal gobernuarekin ez fidatzeko «arrazoiak» bazituztela berretsi du orain, udalak azpiegitura horri buruz eginen duen inkestaren berri jaso eta gero: «Udalak ez ditu auzotarrak entzun orain ere; eta ez du aparkatzeko beharren inguruko ikerketarik egin oraindik. Inkestak ez du parte hartzea bermatzen», salatu du.

Uztailaren 17an hasi zituzten Zangoza karrikako aparkalekua egiteko lanak, baina, handik hilabete batera, obrak «behin-behinean» bertan behera uzteko agindu zuen Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak, auzotarren eta bertze talde politikoen babesa lortzeko. «Orain ez dugu bermerik herritar gehienak asebeteko dituen proiektu bat osatzeko», erran zuen Ibarrolak, orduan. Kontsulta bat egiteko aukera ere aipatu zuen alkateak abuztuan, baina hil bukaeran argitu zuen horrelakorik ez zutela eginen, eta hiritarren parte hartzea sustatzeko prozesu bat abiatzeko aukera jarri zuen mahai gainean, prozesu hori nola eginen zuten zehaztu gabe. Aparkalekuaren aurkako plataformako kideek «zalantza anitz» izan dituzte prozesu horri buruz hasieratik, eta, haren inguruko xehetasunen berri izan eta gero, kezkak gora bertzerik ez du egin haien artean. Jendaurrean agertu dira —azaroaren 23an—, Iruñeko Gurutzeko plazan, kezka hori eragin duten kontuen berri emateko.

Plataformako kideek, batez ere, Iruñeko Udalak inkesta egiteko duen eskumena jarri dute ezbaian. Arazoa da, haien ustez, inkesta horretan bi auzi nahasi dituela Iruñeko udal gobernuak: batetik, Zangoza karrikako aparkalekuari buruzko galderak prestatu ditu, eta, bertzetik, Gurutzeko plaza urbanizatzeko proiektuari buruzkoak. «Kontua da udal gobernuak ez duela plaza urbanizatzeko proiektuari buruzko eskumenik; auziari buruzko erabakia udalbatzaren esku dago. Udal gobernuak, beraz, ezin du galdetu bere esku ez dagoen auzi bati buruz», azaldu du aparkalekuaren aurkako plataformako kide Ignacio Bidegainek.

Ondorioz, plataformako kide batek Iruñeko udal gobernuak prestatu duen inkestaren aurkako helegite bat aurkeztu du udalean, eta plataformak, gainera, ez du baztertu auzitara jotzeko aukera.

Aldeko jarrera sustatu

Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformako kideek garbi dute Ibarrolak obrak bertan behera uzteko erabakia hartu zueneko egoera ez dela aldatu, eta Iruñeko Zabalguneko auzotarren gehiengoak ez duela azpiegitura hori babesten, uztailean bezala orain ere. Mertxe Zufiak nabarmendu du lanak gelditu zituztenetik udal gobernuak ez duela urratsik egin auzotar horien iritzia jasotzeko eta herritarrak entzuteko, eta auzoko dendariekin ere ez dutela inolako prozesurik egin, haien ikuspuntua jaso ahal izateko.

Iruñeko Zangoza kaleko aparkalekuaren aurkako protesta, uztailean, Iruñean.
Iruñeko Zangoza kaleko aparkalekuaren aurkako protesta, uztailean, Iruñean.

Zufiak berretsi du udalak prestatu duen inkestak ez duela balioko auzotarren iritzia jasotzeko, eta Ignacio Bidegainek salatu du, gainera, egindako galderen bidez eta galdera horiek egiteko moduaren bidez aparkalekuaren aldeko jarrera «sustatu» nahi duela udal gobernuak. Udalak iragarri du 16 urtetik goitiko lagunek izanen dutela inkesta egiteko aukera; telefonoz eta aurrez aurre egin ahal izanen dute, abenduaren 11tik 17ra. Udal gobernuko kideek bi eremu ezberdindu dituzte: batetik, aparkalekuaren eraginpean egonen litzatekeena, eta, bertzetik, auzoko gainerako eremua. «Udal gobernuak, baina, ez du azaldu zer irizpide erabili duen eremu horiek banatzeko; erroldari buruzko argibiderik ere ez dute eman. Auzi anitz daude zehaztu gabe», erran du Mertxe Zufiak. «Beldur gara inkesta hori ez ote den aparkalekua egiteko lanak justifikatzeko boto kopuru bat lortzeko aitzakia bat bertzerik», erantsi du.

Aparkalekuaren aurkako plataformako kideek berretsi dute auzoan ez dela bertze aparkaleku bat behar, eta udal gobernuari egotzi diote horri buruzko ikerketarik egin ez izana, Zangoza karrikako aparkalekuaren alde egin baino lehen. Izan ere, aparkalekua egitasmo pribatu bat da. Proiektuak 13,7 milioi euroko aurrekontua du, eta haietako 2,5 udalak ordainduko lituzke. Gainerakoa inbertsio pribatua izanen litzateke. Toki bakoitza 30.000 euroan salduko lukete.

Zangoza karrikako aparkalekuak 346 toki izanen lituzke autoentzat, eta 45 motoentzat. Hamabost metro sakon eginen lukete, proiektuan jasotako lau solairuak sartzeko. Lanak egiteko, Zangoza karrikan dauden 46 zuhaitz kenduko lituzkete —Navarro Villoslada eta Tafalla karriken artean—: haietako 33 moztu egingo lituzkete, eta bertze hamahiru, «birlandatu».

700

ZENBAT TOKI BETE GABE. Iruñeko Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataformak egindako ikerketaren arabera, zazpiehun toki gelditzen dira bete gabe Gurutzeko plazaren inguruko lur azpiko aparkalekuetan, batez beste.

Plataformako kideek auzoko lur azpiko aparkalekuen egoerari buruzko txosten bat egin dute; zehazki, Gurutzeko plazatik oinez hamar minutura dauden azpiegiturak aztertu dituzte —Nafarroako Blanca plazakoa, Karlos III.aren etorbidekoa, autobus geltokikoa, zezen plazakoa eta Baluarte auditoriumekoa—, eta baieztatu dute aparkaleku horietan dauden tokien erdiak egoten direla hutsik, batez beste. Plataformako kideek uste dute Iruñeko udal gobernuak sakon aztertu beharko lukeela aparkaleku horietan txandaka erabiltzeko dauden tokiak auzoan bizi direnentzat gordetzeko aukera.

Zangoza karrikako aparkalekuaren aurkako plataforma iazko abenduan sortu zuten, eta, geroztik, hamaika protesta eta agerraldi egin ditu azpiegitura horren aurka. Uztailean obrak hasi zirenean, plataformako kideek Gurutzeko plaza bilakatu zuten euren protesten toki nagusi, eta txandaka aritu ziren Zangoza karrikako zuhaitzak zaintzen. Lasaitua hartu zuten Iruñeko udal gobernuak obrak gelditzea erabaki zuenean, baina lanean segitu dute, behin-behinean hartutako erabaki hori behin betiko bihurtzeko asmoz. Nabarmendu dute Zabalguneko auzotarrek ez dutela bertze aparkaleku bat nahi, eta ez dutela behar ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.