Jotaria

Uxue Lotero Torres: «Zirraragarria izan da gure kontra builaka ari zen jendearentzat kantatzea»

Jotak gai sozialak plazaratzeko bide izan daitezkeela uste du Torres jotariak. Haren esanetan, berrikuntzarako tartea ere badago: jotak autotunearekin eta bertsoekin nahastuta.

Uxue Lotero jotaria abuztuaren 27an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Lotero jotaria abuztuaren 27an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2025eko irailaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Madrilen Arte Ederrak ikasten ari zelarik hasi zen jotak kantatzen Uxue Lotero Torres jotaria (Iruñea, 2001). Pinturako irakasgaian, irakasleak zerbait margotzeko eskatzen zien, eta, horretarako gogorik ez zuenez, kantuari heldu zion. Ordutik, jotekin esperimentatzen ibili da, autotunearekin nahasten eta jota berriak sortzen.

Nola heldu zinen joten mundura?

Bat-batean izan zen, nolabaiteko krisi baten erdian. Madrilgoentzat nafarra nintzen, eta nafarrentzat, berriz, kanpora joan den hori. Erdibide horretan, Madrilen nengoenean eta kantatzen nuenean, etxetik gertuago sentitzen nintzen. Nafarroara itzultzean, leku horren parte izateari zilegitasuna ematen zioten jotek. Horrez gain, gustuko nituen gorputzaren postura eta esaldi gutxi batzuekin bidali daitezkeen mezuak.

Zerk piztu dizu bereziki arreta joten munduan?

Ez dut sentitzen mundu horren parte naizela. Eskola batean ikasi beharrean, etxean, logelan, lagunekin, Youtubeko bideoak ikusten eta imitazioaren bidez ikasi dut. Sentitzen dut errezitaletan dena oso instituzionalizatua dagoela eta oso endogamikoa dela. Iruditzen zait jotak jada ez direla herriarenak, baizik eta pertsona gutxi batzuenak.

Autotunearekin kantatzen duzu; horrek esan nahi du jotak tradizionalak izan arren berrikuntzarako tartea ere badagoela?

Bai, beti dago lekua horretarako. Gakoa da zerbait freskoa eta baliagarria egin nahi ote duzun, edo lasai geratu, inor molestatu gabe. Zalantzan jarri beharko genuke zer den tradizionala izatea. Arreta piztu zidaten gauzetako bat da joten iraun egiten dutela ez jakin arren autorea nor den. Gaur egun, ordea, egiletzaren kontua oso garrantzitsua da. Bestalde, egilea nor zen jakin gabe ere, identifikatuta sentitzen nintzen, herriaren praktika bat baitzen. Jotak ez ziren aberatsen eta burgesen kontu bat. Egia da, aldi berean, lan ideologiko handia egin dutela jota batzuk desagerrarazteko eta beste batzuk bizirik iraunarazteko. Hori asko lotzen da eskuinarekin [Francisco] Francok folklorearen kontra egindakoarengatik, baina jota errepublikazaleak eta antifrankistak ere bazeuden. Erregimenari ez zitzaion interesatzen horiek lantzea.

Zerk piztu zizun autotunearekin esperimentatzeko grina?

Unibertsitatea amaitu ostean, Xabier Erkizia soinu artistak Tafallan performance bat egiteko deitu ninduen. Bat bitan. Oharrak, zirriborroak, partiturak eta beste hainbat belarrirako idazkera izeneko erakusketaren parte zen. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak urtero antolatzen duen Uholdeak egitasmoaren barruan egin zen. Ordutik, kontakizun bat sortzen dut elkarren artean lotura duten joten sekuentzia baten bidez. Jotak behin baino gehiagotan kantatzen ditut: lehenengo ahotsa grabatzen dut, gero bigarrena gainetik, eta azkenik, dena erreproduzitu. Senak gidatuta, autotunea sartzea erabaki nuen. Gainera, oso gustuko dut autotunearen soinua. Autotunea daukan ahots bat entzutea orgasmikoa iruditzen zait. Akordeoiaren soinuarekin ere lotzen dut.

Zer-nolako harrera izan du?

Ona. Zaharrek eta jotariek ematen zidaten errespetu handiena. Haiengandik ikasi dut, eta ez dut nahi pentsatzea aurretik egindako lana zaborretara botatzen ari naizela. Azkeneko aldiz kantatu nuenean, joten munduan garrantzitsuak diren hiru lagun etorri ziren, eta esan zidaten hasieran ulertzea kostatu zitzaien arren gero izugarri gustatu zitzaiela. Bide horretatik jarraitu nezan animatu ninduten, eta esan zidaten ez sartzeko eskola batean, esentzia galduko nukeelako bestela. Jotak instituzionalizatzean, bat-batekotasuna eta ahotsen aberastasuna galtzen dira.

Jotak faxismoarekin ere lotu diren arren, borrokarako tresnatzat dauzkazu zuk. Adibidez, San Fermin eguneko prozesioan etxegabetzeen kontrako jota bat kantatu zenuen. Nolakoa izan zen egun hura zuretzat?

Hori egin dugun bigarren urtea da, baina aurten biralagoa izan da errepresio polizialarengatik. Oso pozik, ilusioz beterik eta urduri samar nengoen. Aurtengoa jasangaitza izan da, karrikan zegoen jendea Polizia xaxatzen ari baitzen gure kontra oldartu zedin. Kantatzen hasi ginenean, oihuka eta txistuka hasi ziren, ez baitzekiten zer egin behar genuen. Gu babesten ari zirela uste nuen, baina amaitutakoan esan zidaten kontrakoa zela. Alabaina, zirraragarria izan da gure kontra builaka ari zen jendearentzat kantatzea. Erdi Aroko kontu bat dela dirudi. Halere, ez luke inork oihukatu beharko egiten ari ginen horren kontra.

Egun Motelak eta Plazeratu kolektiboek Iruñeko Matalaz gunean antolatutako ekitaldi batean, bertsoak eta jotak nahastu zenituzten. Nolatan sortu zen hori?

Plazeratuko Lara Molinak proposatu zigun. Queer-en bizipenez, maitasunaz, jaiaz eta beste hainbat gauzaz hitz egin genuen. Ana Isla eta biok jotak prestatu genituen, ez baitute bertsoek duten bat-batekotasuna. Hasieran, jota heretikoak aztertzen hasi ginen. Jota heretikoak ACAB modukoak dira. [All Cops Are Bastards ingelesez, «polizia guztiak sasikumeak dira»]. Hau da, jota lotsagabeak eta molestatzen duten horietakoak. Horiek aurkitzea zaila zenez eta denboraz larri geundenez, guk geuk idaztea erabaki genuen.

Esperientzia ona izan zen?

Bai. Oso ongi pasatu genuen. Lehenengo aldia zenez, arraro samar geratu zen. Gainera, bertsoaren ondoan, jotak dirdira gutxiago du. Bertsoak gehiago harrapatzen du jendea, rap bataila baten modukoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.