Ibilbide honek dagoeneko ia galduta edo apenas erabiltzen den GR-34 xendari jarraituz betetzen du lehen zatia, eta, zenbaitetan, Barrualdeko Donejakue bidearen trazatuarekin bat egiten du. GR-34 ibilbidea (82 km), Donostia eta Arantzazuko santutegia lotzen zituen bidezidorra zen. XI. mendean aziendaren urtaroko migrazioen ondorioz sortutako trazaduratik igarotzen da xenda, nahiz eta bederatzi mende hauetan izandako aldaketek ia ezinezko egiten duten hari erabat fidel jarraitzea.
Andatzarrateko mendatean dagoen atsedenlekutik abiatuko gara. Autobusaren geltokiaren ondoan dauden porlanezko hiru bideen artean erdikoa aukeratuko dugu. Malda txiki bat igo eta gero, abeletxe handi bat inguratzen duen pistatik jarraituko dugu. Hemendik aurrera zaila da, ezinezkoa ez esateagatik, GR-34aren bidea zein den antzematea, apenas dagoen bide seinalerik. Ingurua ez badugu ondo ezagutzen, komeni da tracka erabiltzea, batik bat ibilbidearen lehen hiru kilometroetan. 2018ko apirilean, Gipuzkoako Mendi Federazioak homologaziotik kanpo utzi zuen GR-34 zidorra. Oro har, GRa nahiko ondo seinaleztatuta eta garbi dago oraindik —eremu batzuk besteak baino gehiago—, baina desegiten ari diren zantzuak antzematen dira, kasu askotan markak nahita kenduta/ezabatuta daudela ikusten baita.
Gorabehera txikiak dituen xenda honek Goiballara auzoko Bulano Berri baserriaren ondora eramango gaitu. Bide asfaltatuarekin bat egingo dugu aurrerago, eta handik XVII. mendeko Saskarateko baserri ederraren ondora iritsiko gara. Lurrezko pistatik aurrera egingo dugu parez pare ikusiko dugun Zarateaitz aldera. Lepo txiki batera iristean, bide nagusia utzi, eta eskuinetik igoko gara. Hasieran bidea nabarmena da, baina altuera hartzen dugunerako baso txiki batean murgildu, eta ikusgaitz egiten da. Tontorraren gertutasunak lagunduko digu buzoia jarrita dagoen haitzaren gainera heltzen.
Haitz malkartsu hauetatik dagoen ikuspegi ederraz gozatu eta gero, Zarateko benta aldera jaitsiko gara. Gaur egun itxita dagoen baserri hau garai batean benta izan zen, Gipuzkoako barrualdea eta kostaldearen arteko bidegurutze estrategikoa baitzen lekua. Zarateko bentari buruzko idatzizko lehen aipamena XVII. mendearen hasierakoa da (1619), nahiz eta ziurrenik zaharragoa den. Zarateko bentan eskola bat egon zen. Etxeko haurrak eta inguruko baserrietakoak joaten ziren hara. Espainiako Gerran, Saseta defentsa sistemaren barnean, Eusko Gudarostearen kuartela izan zen 1936ko abuztuaren 29tik irailaren 18ra. Benta izandakoaren albo batean, XVII-XVIII. mendeetako Zarateko proba harria (1153 kg) ikus daiteke.
Abiapuntura itzultzeko tenorean, bide nagusia hartuko dugu —Donejakue bidea—, eta, basoan zehar hedatzen den lurrezko pistan barrena, berehala iritsiko gara Palankalekuko trikuharriaren ondora. Gaur egun oso kaltetuta dago megalito hau. Trikuharria atzean utzi, Saskarateko baserriaren ondotik berriro pasatu eta hara iristeko erabiltzen den bide asfaltatu eta zabaletik aurrera egingo dugu. Pagoetako mendiak eta haien magalean dagoen Aia herriaren ikuspegi ederra izango dugu ibilbidearen hurrengo zatian. Pinudian sartzen den pistak ibilbidearen hasieran ikusi dugun abeletxera eramango gaitu, eta azken malda jaistea besterik ez zaigu geratuko abiapuntura ailegatzeko.