Gaur goizean aurkeztu dute Gorbeia Suzien lasterketaren hamabigarren ekitaldia, Bilboko BBK Aretoan. Aurtengoa Nazioarteko Skyrunning Federazioak (ISF) antolatzen duen Munduko Kopako proba izango da, eta, beraz, puntu erabakigarriak egongo dira jokoan Gorbeiako aldapetan, emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan Munduko Kopa irabazi nahi duten korrikalarien artean.
Zirkuitua martxoaren 22an hasi zen, La Palmako Acantilados del Norte Skyrace lasterketarekin, eta guztira 24 proba izango dira.
Bai emakumezkoen sailkapena bai gizonezkoena oso estu iritsi dira 2025eko Gorbeia Suzienera. Emakumezkoetan, Denisa Dragomir da liderra (425 puntu), Karina Carsolio da bigarrena (424), eta Anastasia Rubtsova hirugarrena (385). Gizonezkoetan, berriz, Luca del Pero da liderra (454 puntu), Alain Santamaria da bigarrena (427), eta Jose Manuel Quispe hirugarrena (380). Azaroaren 8an Marato del Dements proba (Herrialde Katalanak) izango da munduko txapelketako finala, eta hor erabakiko dira irabazleak, baina hemendik aurrera puntu guztiak dira garrantzitsuak. Gorbeia Suzien Skyrunner World Serieseko hemeretzigarren proba da, eta, beraz, beste bost geratuko dira bukatzeko.
Lehiakideak bihar 09:00etan irtengo dira Zeanuriko (Bizkaia) plazatik. San Justoko ermitan gora egin ondoren. Gorbeiako parke naturalean barneratuko dira. Igoera aldapatsuak izango dituzte hasierako tarte horretan. Malkar horiek gainditu eta Zanburura iritsita, Lekanda ingurura abiatuko dira, ahalik eta biderik zuzen eta bizkorrena hartuz. Gain harritsu horretara iritsi baino lehen, Arrabako zelaietarantz joko dute. Arraba osteko gailurretik Zastegiko eremura helduko dira, eta hortik abiatuko dira Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura jaitsi, eta azken igoera gogorrari helduko diote, Aldamin tontorrera. Amaitzeko, jaitsiera luze bati ekingo diote, Zeanuriko helmugara iritsi arte. Guztira 32 kilometro eta 2.400 metroko desnibel positiboa du Skyrace lasterketak.
Lasterketa laburrak, berriz, 21 kilometro ditu, eta 1.200 metroko goranzko desnibela. Proba horretan lehiatuko diren 200 korrikalariak 11:00etan abiatuko dira.
Boluntarioei eta babesleei esker ona
«Urte hauetan lortutakoa ezinezkoa izango litzateke erakundeen eta babesleen inplikaziorik gabe eta Zeanuri bezalako herri baten ahaleginik gabe, duen guztia ematen baitu. Lasterketan 300 boluntario baino gehiago aritzen dira, eta lan izugarria egiten dute guztiek. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu lasterketaren egunean, aurreko egunetan eta ondorengoetan Gorbeia Suzien aurrera ateratzeko egiten duten ahaleginagatik», azpimarratu du Jurek Ziemkiewicz lasterketaren zuzendariak.
Pagomakurretik Gorbeiara igo nahi dutenentzat doako autobus zerbitzua jarri du antolakuntzak; Zeanuritik eta Areatzatik abiatuko dira autobusak, eta etengabeko zerbitzua eskainiko dute 07:00etatik 16:00etara; beraz, nor bere autoan igo ordez, autobus zerbitzua erabiltzeko eskatu dute, ibilgailuak ez pilatzeko eta ingurumena zaintzeko.
2012an egin zen Gorbeia Suzien proba lehen aldiz. Ekitaldi hura Euskal Kopako azken lehia izan zen, eta ordudanik izugarri hazi da lasterketa. 2014an Skyrunner National Championship eta Euskal Kopa hartu zituen barruan, eta harrezkero nazioarteko froga izan da. 2017ko ekitaldia Skyrunningeko Europako Txapelketa ere izan zen.
Gorbeia Suzien lasterketa zuzenean ikusi ahal izango da ETB1en. Horrez gain, streaming bidez ere ikusi ahal izango da, Gorbeia Suzien probaren Youtubeko kanalean.