Mendia

Abian da berriz ere

Bi urteko etenaldia izan eta gero, Ehunmiliak mendi lasterketaren 11. ekitaldia jokatuko da uztailean. Ostegunean hasiko da izen ematea

Duela bi urte jokatu zen azken aldiz Ehunmiliak. Irudian, korrikalari andana irteeran. IÑAKI ERAUSKIN.
Unai Ugartemendia.
2021eko azaroaren 09a
00:00
Entzun
Bi urteko etenaldia egin eta gero, mendi lasterketetako egutegira itzuliko da berriro ere Ehunmiliak. Iaz eta aurten, pandemiagatik jokatu gabe gelditu zen proba, baina datorren urterako berriro ere gogo biziz azaldu da antolakuntza taldea.

2010az geroztik urtero jokatu izan ohi da Beasainen (Gipuzkoa) proba erraldoia, eta Euskal Herriko mendi korrikalarien artean lasterketa ezagun bihurtu da dagoeneko. Datorren urtekoa uztailaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko da, eta ostegunean irekiko da izen ematea, 17:00etatik aurrera. Mikel Valdibielso lasterketaren zuzendari teknikoa da, eta irrikaz dago. «Gogotsu gaude jakiteko jendeak zer erantzun emango duen. Azkenekoz izen emateak ireki genituenean, dortsal guztiak amaitu ziren. Baina bi urte dira jada jokatzen ez dela, eta ez dakigu oraingoan nolako harrera izango duen».

Valdibielsok aipatu bezala, iazko aldirako izen emateak bukatu egin ziren, baina, jokatu ez zenez, korrikalari guztiei dirua itzultzea erabaki zuten. Zergatiagatik galdetzean, ez du zalantzarik egin. «Guretzat, aldia amaitzean dena amaitzen da. Orduan, erabakia argia izan zen: denei dirua itzuli, eta kito! Aurten berriz denek aukera bera izango dute izena emateko». Bidezkoena iruditzen zaie.

Datorren urtean ere, hiru proba izango dira jokoan; Ehunmiliak (168 kilometro eta +11.000 metro), Goierriko Bi Handiak (88 kilometro eta +6000 metro) eta Marimurumendi Maratoia (42 kilometro eta +2300 metro). Azken urteetan izen emateek izan zuten gorakada kontuan hartuta, Valdibielsok dortsal guztiak bukatuko diren itxaropena du. «Ia ziurra da G2H eta Marimurumendi lasterketetan hala izango dela, eta Ehunmiliekin zalantzak ditugu. Egun berean beste lasterketa berri batzuk daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.