Aiara Garaialde eta Adrian Losarcos izan dira Euskal Herriko mendi duatloiko txapeldun

Idiazabalen jokatu den EHMDZko zazpigarren proban garaile izan dira biak. Mailaz mailako gainerako txapelak ere banatu dira. Bi proba baino ez dira geratzen denboraldia bukatzeko: larunbat honetan Bidania-Goiazkoa eta hilaren 28an, Adunakoa.

Ainhoa Markinez, Aiara Garaialde eta Maitane Garmendia, Idiazabalgo helmugan. ASIER ZALDUA / GOIERRIKO HITZA
Ainhoa Markinez, Aiara Garaialde eta Maitane Garmendia, Idiazabalgo helmugan. ASIER ZALDUA / GOIERRIKO HITZA
ramon olasagasti
2026ko azaroaren 17a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko (EHMDZ) zazpigarren proba jokatu zen larunbatean Idiazabalen (Gipuzkoa), eta Euskal Herriko Txapelketa, aldi berean. Guztira 85 duatloilari lehiatu ziren, 29 bakarka eta 28 bikote erreleboka. Proba Aiara Garaialde segurarrak (Gipuzkoa) eta Adrian Losarcos tafallar gazteak (Nafarroa) irabazi zuten, eta, horrenbestez, Euskal Herriko txapel nagusiak ere Garaialdek eta Losarcosek jantzi zituzten.

Mailaz mailako txapelei dagokienez, 25 urtez azpikoetan Ane Aranburu eta Losarcos bera izan ziren txapeldun; elite mailan Aiara Garaialde eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra –proban bigarren izan zen Urrestarazu–; 35 urtetik gorako emakumezkoen kategorian, Maitane Garmendia izan zen txapeldun, eta 40 urtez gorako gizonezkoetan, Eneko Gurrutxaga.

Errelebokako modalitatean ere banatu zituzten Euskal Herriko txapelak: bikote mutiletan, Unai Altuna eta Haritz Artano (Xaxiziklistak) izan ziren txapeldun, eta bikote mistoetan, Ainhoa Arruti eta Mattin Sanzberro (Agerre). Bikote nesketan, Haizea Erguin eta Oneka Goiburu (Zepaiko neskak) izan ziren probaren irabazleak, baina bikote bakarra lehiatu zenez, ez zen txapelik banatu.

Probari berari dagokionez, lehia polita izan zen Idiazabalgoa. Korrikako lehen saioan, Ainhoa Markinez legazpiarra (Gipuzkoa) izan zen azkarrena, baina mendiko bizikletan, Aiara Garaialdek galdutako tartea jan zuen, eta, horrez gain, abantaila polita atera zuen korrikako azken saio laburrean lehen postuari eusteko. Markinez bera izan zen bigarren eta Maitane Garmendia ibartarra (Gipuzkoa) hirugarren.

Idiazabalgo mendi duatloiko hiru aurrenekoak
Josu Urrestarazu, Adrian Losarcos eta Gexan Albisu, hiru aurrenekoak Idiazabalen. ASIER ZALDUA / GOIERRIKO HITZA

Mutiletan ere ederra izan zen lehia. Korrika, Josu Urrestarazu herritarra izan zen azkarrena. Behobia-Donostia lasterketan 1.10eko langa jaistetik zetorren idiazabaldarra, eta agerian geratu zen bere sasoia herriko mendi duatloian ere. Mendiko bizikletan, ordea, txirrindularitza mundutik datorren Adrian Losarcosek ia bi minutuko aldea atera zion Urrestarazuri, korrikako azken tartean lehen postuari eusteko nahikoa. Kexan Albisu izan zen duatloian hirugarren.

Aiara Garaialdek iaz parte hartu zuen lehen aldiz EHMDZko proba batean, Kanpezun, eta geroztik «buruan sartatuta» zuen Idiazabalgo lasterketa. «Izugarrizko ilusioa egin dit txapel honek», aitortu dio Goierriko Hitzari. Josu Urrestarazu, berriz, iazko EHMDZko txapeldun izan zen. Aurten, aldiz, beste helburu batzuekin ibili da, eta herrikoa izan da denboraldiko bere lehen mendi duatloia, «Euskal Herriko txapelketa zen aurtengo nire zerrendan markatutako azken data berezia, eta mendi duatloietako estreinaldiak zapore ezin hobea utzi dit», adierazi zion Goierriko Hitzari.

Idiazabalgo probako sailkapen guztiak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.

Bi proba baino ez dira geratzen aurtengo EHMDZ bukatzeko: larunbat honetan, azaroak 21, jokatuko da Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) lehen mendi duatloia, eta azaroaren 28an izango da Adunako (Gipuzkoa) azkena, ohiko sagardotegia, sari banaketa ekitaldia eta amaierako festa barne direla. Sailkapen nagusian, emakumezkoetan, estu daude kontuak: behin-behinean, Izarne Maioz da liderra, 118 punturekin, Maite Murgia bigarren, 115 punturekin, eta Ainhoa Markinez hirugarren, 95 punturekin.

Gizonezkoetan, berriz, Eneko Gurrutxaga da sailkapenaren buruan, 135 punturekin, Aitor San Sebastian bigarren, 97 punturekin eta Endika Mantecon hirugarren, 66 punturekin. Erreleboka, berriz, gizonezkoen bikoteetan, Unai Altuna eta Haritz Artano (Xaxiziklistak) dira liderrak, 122 punturekin eta alde nabarmen samarrarekin.

Bikote mistoetan, berriz, estuago daude kontuak: Ainhoa Arruti eta Mattin Sanzberro dira liderrak, 50 punturekin, eta bigarren eta hirugarren, beste bi bikote daude 45 punturekin, Ane Galarza eta Enaitz Rotetak osatutakoa bat, eta Nora Larreak eta Aitor Larreak osatutakoa, bestea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA