Ainara Arkarazo eta Julen Martinez de Estibariz gailendu dira Hiru Handiak proban

Gizonezkoetan, korrikalari arabarrak hirugarren aldiz jarraian lortu du garaipena Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen dituen lasterketan (101 km, 5.320 m+), eta hobetu egin ditu azken bi ekitaldietako denborak.

2025eko Hiru Handiak. Ainara Arkarazo irabazlea helmugaratzen
Ainara Arkarazo abadiñarra helmugaratu da aurrena Murgian. MANUEL IRADIER
ramon olasagasti
2025eko urriaren 11
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eguraldi bikaina lagun, gaur egin da Hiru Handiak probaren 24. ekitaldia, Asparrenan hasi (Araia, Araba) eta Murgian bukatu (Zuia, Araba). Aurten ere, gauerdiaz geroztik, mila korrikalari lehiatu dira Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen dituen lasterketa gogorrean, eta ez da ezusteko handirik izan: gizonezkoetan, azken bi ekitaldietako irabazlea helmugaratu da aurrena, Julen Martinez de Estibariz hermuarra (Barrundia, Araba), eta emakumezkoetan, Ainara Arkarazo abadiñarra (Bizkaia) izan da garaile, Euskal Herriko ultren Kopako aurtengo irabazlea.

Martinez de Estibarizek 10.28.38ko denboran osatu ditu 101 kilometroak. Bigarren Jokin Garcia Garcia de Bikuña aguraindarra izan da (11.05.38), eta hirugarren, Andoni Azkarate arrasatearra (11.07.30). Martinez de Estibarizek, gainera, hobetu egin ditu aurreko bi ekitaldietako denborak, baina ez du hautsi Iker Karrera amezketarrak 2012an ezarritako errekorra (10.23.08).

2025eko Hiru Handiak proba
Aurreneko hiru gizonezkoak: Jokin Garcia Garcia de Bikuña bigarrena, Julen Martinez de Estibariz irabazlea eta Andoni Azkarate Moreno hirugarrena. MANUEL IRADIER

Korrikalari arabarrak belauna minduta bukatu zuen 2023ko lasterketa, eta geroztik meniskoak ez dio nahi bezala entrenatzen utzi, baina lortu du lesioa gainditzea. «Proba hurbildu ahala, berriro ere gogoa piztuz joan zitzaidan, eta maiatzean prestatzen hasi nintzen. Aurten zentzuz aldatu da lasterketaren noranzkoa, eta proba azkarragoa izan da. 10 ordutik gertuko denboretan egin dut lasterketa guztia, baina azken kilometroak gogorragoak egin zaizkit. Aurrean joanda, ez daukazu erreferentziarik, ez dakizu erritmoari eusten ari zaren, atzekoak hurbiltzen ari zaizkizun, baina azkenean lortu dut garaipena», adierazi du irabazleak.

Emakumezkoetan, Ainara Arkarazok 12.48.40ko denbora egin du, eta hiru segundo eskasengatik ez du hobetu Maite Maiora mendaroarrak 2018an ezarritako errekorra (12.48.37). Bigarren Maria Ricondo izan da (Ramales de la Victoria, Kantabria), irabazlearengandik ia ordubetera (13.46.21), eta hirugarren, oso gertu, Izaskun Sanz Elduaien getzearra (Nafarroa) helmugaratu da (13.47.18).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.