Araian abiatu eta Murgian bukatu, mila korrikalari lehiatuko dira Hiru Handiak proban

Urriaren 11n izango da Aizkorri, Anboto eta Gorbeia lotzen dituen lasterketa (101 km, 5.320 m+). Abiapuntuko aldaketaz gain ibilbidean ere zenbait moldaketa izango direla jakinarazi dute Manuel Iradier elkarteko kideek eta babesleek gaurko aurkezpenean.

Ane Zabala, azken ekitaldiko irabazlea. MANUEL IRADIER
ramon olasagasti
2025eko irailaren 30a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur aurkeztu dute Manuel Iradier Txangolari Elkarteko kideek Hiru Handiak proba, Vital Fundazioa kulturgunean. Urriaren 11n izango da lasterketa, eta aurten hainbat berritasun izango dira: proba Araiatik (Asparrena, Araba) abiatuko da urriaren 11n, 00:00etan, eta Aizkorri, Anboto eta Gorbeia igo ondoren, Murgian (Zuia, Araba) izango da helmuga. Horrez gain, ibilbideko hainbat pasabide ere aldatu dira, korrikalarien eskaerei erantzunez. Hala jakinarazi du Fernando Casik, Manuel Iradier Txangolari Elkarteko presidenteak. Ondoan izan ditu Vital Fundazioko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako, Eusko Jaurlaritzako eta udaletako ordezkariak, probari beren babesa adierazteko.

Aurten ere mila korrikalari lehiatuko dira iraupen luzeko proba aitzindari honetan. Nolanahi ere, izena emandako hirutik bat kanpoan geratu da, 3.000 lagun baino gehiago baitzeuden dortsalen zozketarako izena emanda. Boluntarioak ere ez dira gutxi izango, bostehun inguru.

Urriaren 11ko hitzordua goizaldean hasiko da, hau da, 00:00etan, Araiatik. Aizkorrira igoko dira aurrena, eta, hortik aurrera, hauek dira aurreikusitako orduak mugarri bakoitzean: Levear-Axpuru (02:15), Landa (04:10), Kruzeta mendatea (05:10), Anboto (06:18), Otxandio (07:02), Zubialde (08:31), Gorbeia (09:26) eta Murgia (10:23).

Azpimarratzekoa da aurten emakumezko korrikalarien kopurua %19 handitu dela. Nabarmentzekoa da, halaber, Manuel Iradier Txangolari Elkarteak, jasotzen duen babesa eskertzeko, kausa solidario bati ematen diola laguntza, eta aurten Elikagai Bankua GKEari emango diola. Helburua: zero hondakin. «Gainera, aurten tokiko produktu askoz gehiago izango da anoa guneetan, Hazi Fundazioarekin egindako akordio bati esker».

Hiru Handiak mendi lasterketa
Antolatzaileak eta erakunde babesleetako ordezkariak, probaren aurkezpen ekitaldian. MANUEL IRADIER T. E.

Naturarekiko errespetua

Arantxa Ibañez de Opakua Vital Fundazioko zuzendariak azpimarratu du Euskal Herrian proba aitzindaria dela Hiru Handiak: «Mendia maite duen orok eta trailetan aritzen den lasterkari orok parte hartu nahi du lasterketa honetan. Ingurune natural paregabeak zeharkatzen ditu, eta zorrotz errespetatzen da ingurumena».

Aizkorri, Anboto eta Gorbeia —gainditu beharreko hiru gailurrak— Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoetan daude, eta lurralde horietako foru aldundiak ere laguntzaile dira proba honetan. Hala nabarmendu du Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputatuak: «Orografia eta ingurune natural apartak ditugu, eszenatoki paregabeak horrelako kirol ekitaldiak hartzeko. Ibilbide hau bere gogortasunagatik eta gure paisaien berezko edertasunagatik nabarmentzen da».

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gorka Iturriagak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, «etengabeko bilakaera duen tradiziozko proba izaten jarraitzea» eskertu die Manuel Iradier elkarteko antolatzaileei. «Erakundeok eta antolatzaileek, elkar hartuta, auzolanaren aldeko apustua egiten dugu proba honetan, eta nabarmentzekoa iruditzen zaigu alderdi hori. Kirola eta jarduera fisikoa funtsezko elementuak dira eraldaketa sozialerako, betiere ikuspegi positiboan, eta horren alde ari da Hiru Handiak ere».

Gipuzkoako Aldundiaren izenean, Libe Otegi Turismo zuzendariak azpimarratu du «irmo» ari direla lanean lurralde hau traileko eta mendiko kiroletako erreferentziazko jomuga bihurtzeko. «Horretarako beharrezko osagaiak ditugu: paisaia apartak, azpiegitura egokiak eta komunitate sutsua. Gainera, jasangarritasuna, ingurumenarekiko errespetua eta proba igarotzen den herri bakoitzaren izaera berezia ere nabarmendu eta zaindu nahi ditugu. Horrelaxe egiten du Hiru Handiak probak ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.