Ainhoa Garikano eta Oier Zubeldia garaile EMFren txapelketan

Bediako Kolazino Egunak hartu zituen larunbatean Euskal Herriko Kopako lehen proba eta lineako Euskal Mendi Federazioaren txapelketa. Eguraldi kaskarra izan zuten. La Palma uharteko Acantilados del Norte proban, aise irabazi zuen Sara Alonsok.

2026ko Kolazino Eguna
Kolazino Eguneko hiru lehenak: Onditz Iturbe bigarrena, Ainhoa Garikano txapelduna eta June Zenitagoia hirugarrena. @EERRKKII
ramon olasagasti
2026ko martxoaren 20a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Negutik udaberrirako zubian gauden honetan, mendiko lasterketen egutegia ere martxan da dagoeneko. Aurreko larunbatean jokatu zen Bedian (Bizkaia) Kolazino Eguna, Euskal Herriko Txapelketa lineako modalitatean eta Euskal Herriko Kopa osatuko duten zortzi probetan aurrenekoa. Partaideek eguraldi narrasa, euria eta hotza izan zuten 24 kilometro eta 1.770 metroko desnibeleko ibilbidea osatzeko.

Emakumezkoetan, estua izan zen hiru aurrenekoen arteko lehia. Lehen kilometroetan, Jone Zenitagoia (Aiaramendi) joan zen buruan, baina Ainhoa Garikanok (Soronea-Amma) ondo eutsi zion, eta, behin aurrea hartuta, aldea areagotu egin zuen helmugaraino (2.45.00). Atzetik, lehia estua izan zuten Onditz Iturbek (Domusa Teknik) eta Zenitagoiak berak. Azkenean, Iturbe izan zen bigarren (2.48.14), eta Zenitagoia hirugarren (2.48.35).

Gizonezkoetan, Oier Zubeldia (Soronea-Amma) gailendu zen Kolazino egunean. Amezketarrak hasieratik bukaerara lasterketaren buruan osatu zuen proba (2.12.49). Aitor Zunzunegi (Osin Trail) izan zen bigarren (2.15.01), eta Beñat Ibañez (Soronea-Amma) hirugarren (2.16.12).

2026ko Kolazino Eguna
Aitor Zunzunegi, Oier Zubeldia eta Beñat Ibañez, hiru aurrenekoak. @EERRKKII

Lasterketa laburrean (17 km), June Agirrezabala (Soronea-Amma) eta Kimetz Aranburu gailendu ziren. Gazteen artean, berriz, Norah Muzas eta Arnaitz Kortajarena izan ziren irabazle; kadeteetan, Lide Roman eta Beñat Iraola; juniorretan, June Agirrezabalaga eta Kimetz Aranburu; eta promesetan, Nerea Urteaga eta Aritz Kortazar.

Euskal Herriko Kopako lehen proba ere bazen Kolazino Eguna, eta, beraz, Ainhoa Garikano eta Oier Zubeldia dira Kopako lehen liderrak. Zortzi proba izango dira guztira. Hemen egutegi osoa.

Kolazino Eguneko sailkapen guztiak esteka honetan.

Sara Alonso La Palma uharteko 'Acantilados del Norte' proban irabazle
Sara Alonso garaile La Palma uharteko Acantilados del Norte proban. SKYRUNNING

Sara Alonso, La Palma uharteko Acantilados del Norte proban

Larunbatean jokatu zen La Palma uharteko (Kanariak) Acantilados del Norte lasterketa ere (29 km, 2000 m+), Skyrunner World Series zirkuituko hirugarren lasterketa. Hainbat euskal ordezkari izan zen proba horretan. Emakumezkoetan, Sara Alonso donostiarra gailendu zen hasieratik bukaerara, eta 15. kilometrotik aurrera aldea areagotuz joan zen pixkanaka (3.00.43). Amaieran, sei minututik gorako aldea atera zion Patricia Pineda bigarrenari, eta zazpi minututik gorakoa Marta Martinez hirugarrenari. Euskal selekzioko kideak ere aurrean ibili ziren: Oihana Zubillaga anoetarra zortzigarren izan zen; Ainara Alcuaz, hamahirugarren; eta Irune Velez de Mendizabal, hamazazpigarren.

Euskal selekzioaren ordezkariak La Palmako 'Acantilados del Norte' proban
Euskal selekzioaren ordezkariak La Palman: Paul Ormaetxea, Oihana Zubillaga, Ainara Alcauz, Irune Velez de Mendizabal eta Hodei Samaniego. EMF

Gizonezkoetan, Manuel Merillas espainiarra izan zen irabazle (2.31.54), Frederic Tranchand frantziarra bigarren (2.33.12), eta Alain Santamaria hirugarren (2.36.09). Euskal korrikalariak ondo aritu ziren La Palmako lasterketan. Paul Ormaetxea lehia estuan ibili zen laugarren posturako, baina azken hatsean, seigarren izan zen. Gontzal Murgoitio bederatzigarren izan zen, Ibai Larrea hamargarren, eta Hodei Samaniego hamahirugarren.

Sailkapenak, esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!