Ibarrako (Gipuzkoa) Piparra mendi duatloiaren hamaseigarren ekitaldia jokatu zuten larunbat arratsaldean, Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko (EHMDZ) seigarren proba. Gaur egun, egutegiko proben artean bide luzeena egina duena da Ibarrakoa. Larunbatean, 86 partaide izan ziren guztira, 38 bakarkako lehian eta 24 bikote erreleboka. Eguraldia lagun izan zuten duatloilariek, eta ibilbidea ere lehor samar. Hiru sektoreko proba prestatu zuten Ibarran: lehenbizi 5,6 kilometro korrika (178 m+); horren ondoren, 14,1 kilometro bizikletarekin (436 m+); eta azkenik, beste 1,8 kilometro korrika (56 m+).
Emakumezkoetan, Ainhoa Markinezek irabazi zuen (01.36.28). Legazpiarrak (Gipuzkoa) alde polita atera zien aurkariei korrikako lehen sektorean. Gero, mendiko bizikletan, Izarne Maioz, Maitane Garmendia, Jone Gomez eta Ainhoa Urteaga azkarrago ibili ziren, baina, azkeneko korrikaldian, Markinezek egin zuen berriro ere denborarik onena. Azkenean, beraz, Ainhoa Markinez izan zen garaile, Izarne Maioz asteasuarra (Gipuzkoa) bigarren (01.37.20), eta Maitane Garmendia herritarra hirugarren (01.37.32).
Gizonezkoetan, berriz, Eneko Gurrutxaga amasarra (Gipuzkoa) izan zen irabazle (01.14:36). Korrikako lehen sektorean oso estuak izan ziren aldeak. Lehen zortziak minutu bateko tartean helmugaratu ziren, Gurrutxaga zazpigarren. Mendiko bizikletan, berriz, ohi duen trebezia eta indarra agertu zuen Gurrutxagak, eta denborarik onena egin. Azkeneko korrikaldi laburrean, ondo kudeatu zuen aldea. Gurrutxagaren atzetik, Aitor San Sebastian zizurkildarra (Gipuzkoa) izan zen bigarren (01.15.00) eta Pello Olaberria mutiloarra (Gipuzkoa) hirugarren (01.15.07).

Erreleboka, Unai Altuna eta Haritz Artano izan ziren azkarrenak, Alberto Gomez del Rio eta Eneko Gonzalez bigarrenak, eta Andoni Guridi eta Aitor Urizar hirugarrenak. Bikote mistoetan, berriz, Ainhoa Arrutik eta Mattin Sanzberrok osatutako bikoak lortu zuen garaipena (01.18.02), eta haien atzetik helmugaratu ziren Ane Galarza eta Enaitz Roteta (01.20.48), eta Libe eta Emaitz Artola neba-arrebak (01.32.10).
Ibarrako mendi duatloiko sailkapen guztiak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.
Hiru proba baino ez dira geratzen aurtengo EHMDZ bukatzeko. Sailkapen nagusian, emakumezkoetan, oso estu daude kontuak: Izarne Maioz da liderra (105 puntu), baina puntu bakarrera du Maite Murgia lazkaotarra (104 puntu). Ainhoa Markinez da hirugarren (75 puntu), parte hartu duen hiru probak irabazita (Durango, Kanpezu eta Ibarra).
Gizonezkoetan, Eneko Gurrutxagak alde polita aterea die (124 puntu)Â Aitor San Sebastian (97 puntu) eta Endika Mantecon (66 puntu) lehiakideei. Erreleboka, gizonezkoen bikoteen artean Unai Altuna eta Haritz Artano dira sailkapen nagusiaren buruan (97 puntu), eta mistoetan, Ane Galarza eta Enaitz Roteta (45 puntu).
Hurrengo mendi duatloia azaroaren 14an izango da, Idiazabalen (Gipuzkoa); Idiazabalgoa, gainera, diziplina horretako Euskal Herriko Txapelketa izango da. Azaroaren 21ean, bestalde, Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) lehen mendi duatloia jokatuko da, eta azaroaren 28an izango da Adunako (Gipuzkoa) azkena, ohiko sagardotegia eta amaierako festa barne.