Ainhoa Markinez eta Eneko Gurrutxaga izan dira irabazle Kanpezuko mendi duatloian

Mendiko bizikletako saioetan erabaki ziren emakumezkoen nahiz gizonezkoen probak. Guztira ia 70 partaide aritu ziren lehian, euri langar finaren pean. Hurrengo mendi duatloia larunbat honetan bertan izango da, Aian (Gipuzkoa).

Ainhoa Markinez Kanpezuko mendi duatloian
Ainhoa Markinezek tarte zabala lortu zuen bizikletako saioan. ZABALAFOTO
ramon olasagasti
2026ko urriaren 19a
22:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituko (EHMDZ) laugarren proba jokatu zen larunbat arratsaldean Kanpezun (Araba). Guztira 68 partaide aritu ziren lehian, 36 banaka eta 16 bikote erreleboka, horietatik bi mistoak. Euri langarra eta eguraldi narras samarra izan zen larunbat arratsaldean Kanpezun, baina lokatz handirik ez zen pilatu zirkuituan. «Dena martxa onean joan zen, anbulantziaren beharrik ez zen izan, inork ez zuen minik hartu, eta partaideak pozik agertu ziren ibilbidearekin. Antolatzaileok ere gustura geratu ginen», azaldu du Ibai Iriartek, Ioar Kirol Elkarteko ordezkariak.

Kanpezuko duatloian hiru sektore izan zituzten duatloilariek: lehenbizi, 6,4 km korrika (219 m+), ondoren 19 kilometro mendiko bizikletan (624 m+), eta, azkenik, beste 1,5 km korrika (18 m+). Bi trantsizio beraz.

Emakumezkoen artean, estua izan zen Ainhoa Markinez idiazabaldarraren eta Maite Murgia asteasuarraren arteko lehia. Korrika Murgiak egin zuen denborarik onena bi saioetan, baina ez zuen behar adinako alderik ateratzea lortu. Markinezek, aldiz, mendiko bizikletan bi minututik gorako tartea atera zion Murgiari, eta horrekin aski izan zuen azken garaipena lortzeko. Nolanahi ere, Maitane Garmendia ibartarrak (Gipuzkoa) egin zuen denborarik onena mendiko bizikletan. Hirugarren egin zuen Garmendiak sailkapen nagusian, aurtengo Zirkuituko bere lehen parte hartzean.

Eneko Gurrutxaga Kanpezuko mendi duatloian
Eneko Gurrutxagak korrika galdutako denbora berreskuratu eta denborarik onena egin zuen mendiko bizikletan. ZABALAFOTO

Gizonezkoen artean ere mendiko bizikletan erabaki zen proba. Eneko Gurrutxaga amasarrak, ohi duen moduan, korrikako lehen saioan galdutako denbora berreskuratzeaz gain, tarte zabal samarra ireki zuen lehiakideekiko. Bizikletan denborarik onena egin zuen Gurrutxagak. Julen Balerdi idiazabaldarra (Gipuzkoa) izan zen bigarren eta Endika Mantecon segurarra (Gipuzkoa) hirugarren. Zirkuituko orain arteko liderra, Aitor San Sebastian zizurkildarra (Gipuzkoa), ez zen Kanpezun izan, ezta Alexander Ordeñana ere, Durangoko probaren irabazlea.

Binaka, Eneko eta Koldo Herrera Urroz anaiak gailendu zitzaizkien Iban Goikoetxea eta Ekhi Sukia eta Iñigo Alvarez de Arkaia eta Ruben Miguel Otxoa bikoei. Bikote mistoetan, berriz, Mireia Leniz eta Haritz Erasun izan ziren irabazle.

Sailkapen guztiak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.

Probaren aurretik, duatloi herrikoi txiki bat izan zen haurrentzat eta 2 eta 13 urte arteko ume mordoxka atera zen. Duatloiaren ondoren, bertako produktuen zozketa oparoa egin zuten Ioar Kirol Elkarteko kideek, eta amaitzeko, oilasko hegalak eta txistorra eskaini zuten partaide eta ikusle guztientzat.

Bosgarren proba larunbat honetan bertan izango da, Aian (Gipuzkoa). Oraindik irekita daude izen emateak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA