Ainhoa Urteaga eta Eneit Bertiz izan dira garaile Aiako seigarren mendi duatloian

Aurtengo zirkuituan lehen aldiz aritu dira bi garaileak. Aurreko probetan baino partaide gutxiago izan da Aiakoan. Lau proba geratzen dira: Ibarrakoa, Euskal Herriko Txapelketa Idiazabalen, Bidania-Goiazkoa eta Adunakoa.

Ainhoa Urteaga triatloilaria Aiako mendi duatloian
Ainhoa Urteaga, korrikako saioan. ZABALAFOTO
ramon olasagasti
2026ko urriaren 26a
08:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituak (EHMDZ) erdibidea egin du jada: larunbat arratsaldean jokatu zen Aian (Gipuzkoa) bosgarren proba, eta beste lau geratzen dira orain. Aiakoan, aurten zirkuituan lehen aldiz aritu diren bi duatloilari gailendu ziren: Ainhoa Urteaga zumaiarra (Gipuzkoa) eta Eneit Bertiz sunbildarra (Nafarroa). Iaz baino partaide gutxiago izan zen Aiako seigarren mendi duatloian: 25 kirolari banaka eta 14 errelebokako proban, 53 guztira. Ibilbide azkarra prestatu zuten Aian, bi sektoretan banatuta: lehenbizi sei kilometro korrika (275 m+), eta ondoren 13,2 kilometro bizikletan (642 m).

Emakumezkoetan, korrikako saioan, elkarrekin joan ziren denbora askoan Maite Murgia lazkaotarra (Gipuzkoa), Izarne Maioz asteasuarra (Gipuzkoa) eta Ainhoa Urteaga. Azken aldera, Murgiak 48 segundoren aldea lortu zuen, baina ez zen nahikoa izan mendiko bizikletako saioan Urteagari aurre egiteko. Bi gurpilen gainean, zumaiarrak ia hiru minutuko tartea lortu zuen, eta garaile gurutzatu zuen Andatzako plazako helmuga. Urteagak, gainera, gurpila luzatuta bukatu zuen mendiko bizikletako saioa. Bigarren Maite Murgia izan zen bigarren, eta Izarne Maioz hirugarren.

Eneit Bertiz triatloilaria Aiako mendi duatloian
Eneit Bertiz izan zen azkarrena bai korrika eta bai mendiko bizikletan. ZABALAFOTO

Gizonezkoetan, Eneit Bertiz hasieratik aurreratu zen, eta hala korrika nola bizikletan bera izan zen azkarrena. Eneko Gurrutxaga amasarra (Gipuzkoa) izan zen bigarren, ia lau minutura, eta Aitor San Sebastian zizurkildarra (Gipuzkoa) hirugarren, bost minutu pasatxora.

Erreleboka hamahiru bikote aritu ziren, eta ez zen bikote mistorik izan. Unai Altuna eta Haritz Artano izan ziren garaile. Iñigo Eizagirre eta Mikel Usandizaga bigarren, eta Alberto Gomez del Rio eta Eneko Gonzalez hirugarren.

Sailkapenak, Euskadiko Triatloi Federazioaren esteka honetan.

Izarne Maioz, Maite Murgia eta Ainhoa Urteaga Aiako mendi duatloian
Izarne Maioz, Maite Murgia eta Ainhoa Urteaga, lehia estuan korrikako saioan. ZABALAFOTO

Lau proba geratzen dira 2026ko EHMDZ bukatzeko. Hurrengo mendi duatloia larunbat honetan izango da, Ibarran. Azaroaren 14an Idiazabalen (Gipuzkoa) izango da zazpigarrena; Euskal Herriko Txapelketa izango da, gainera, Idiazabalgoa. Azaroaren 21ean Bidania-Goiazko (Gipuzkoa) lehen mendi duatloia jokatuko da, eta azaroaren 28an izango da Adunako (Gipuzkoa) azkena, ohiko sagardotegiarekin eta amaierako festarekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA