Alkaiaga Trail, III. Bortzirietako Kopako bigarren proba uztailaren 25ean izango da

Abuztuaren 1ean, berriz, Berako Gau Krosa egingo da, Kopako hirugarren proba. Haurrentzako lasterketak, taldekakoak eta kuadrillen artekoak izango dira tartean.

Alkaiaga Trail
Alkaiaga Trail probaren aurreko urteko irudia. BORTZIRIETAKO KOPA
ramon olasagasti
2026ko uztailaren 21a
09:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekainaren 27an eman zitzaion hasiera Lesakan III. Bortzirietako Kopari. Zubigaineko Kros Herrikoia izan zen lehen proba, eta datozen asteetan, beste bi hitzordu izango dira: uztailaren 25ean, larunbatean, Alkaiaga Trail eta abuztuaren 1ean, larunbatean, Berako Gau Krosa (Nafarroa).

Alkaiaga Trail lasterketak bi distantzia izango ditu: 14 urtetik beherakoek 3 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta gainerakoek 7 kilometrokoa, 300 metroko goranzko desnibelarekin. Horrez gain, haurrentzako lasterketak izango dira.

Arratsaldeko bostetan hasiko dira haurrentzako lasterketak, eta 17:30ean helduenak.

Izena emateko bi aukera daude: alkaiagatrail@hotmail.com helbidera mezu bat bidaltzea izen-abizenak, NAN zenbakia eta jaiotze data adierazita, edo egunean bertan.

Izen ematearen prezioa 7 euro izango da, parte hartzaileentzako ogitartekoa eta istripu asegurua barne.

Alkaiaga Trail Bortzirietako Kopako bigarren proba izango da. Oraingoz, Maitane Melero eta Javi Menta doaz sailkapenaren buruan, eta taldeka, berriz, Eziñin.

Gau Krosa, abuztuaren 1ean Beran

Abuztuaren 1ean, berriz, Berako Gau Krosa izango da, Kopako hirugarren proba. Partaideek 7,8 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Izen ematea www.pb-organisation.com webgunean egin daiteke uztailaren 31ra arte, 12 euroren truke. Gehienez 280 dortsal izango dira, eta derrigorrezkoa izango da kopetako argia erabiltzea.

Sailkapen bakoitzeko lehenengo hiru korrikalariek eta lehen bi kuadrillek Biokeko sariak jasoko dituzte. Kuadrillei dagokienez, hobekien sailkatu diren hiru korrikalarien puntuak hartuko dira aintzat, eta gutxienez emakume bat izan beharko da horien artean.

Horrez gain, lehenengo bi jubenilek (emakumezkoen zein gizonezkoen sailkapenean) saria jasoko dute, eta partaide gehien dituen 18 urtetik beherako kuadrillak lau lagunentzako bazkaria lortuko du Mendiko Jatetxean, Ibardin Fundazioak emanda.

Korrikalari guztien artean, Ptzel markak emandako 8 kopetako argi zozkatuko dira.

Gau Krosak 2025eko ibilbide bera izango du. Hain zuzen, ibilbidea ezagutu nahi dutenentzako, uztailaren 28an, 21:30ean, Frantxia Haltzuet Plazan elkarretaratzea eginen da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA