IKUS-ENTZUNEZKOAK

Amaia Agirreri omenaldia egingo diote bihar eta etzi Urnietan

FEDMEko Emakumezkoen Alpinismo Taldeko haren lagunek proiekzioa egingo dute bihar. Urnietakoaz gain, beste hainbat proiekzio eta emanaldi ere izango dira egunotan Iruñean, Andoainen, Elgoibarren, Basaurin...

FEDMEko Emakumezko Alpinisten Taldea
FEDMEko Emakumezkoen Alpinismo Taldeko kideak aurten Groenlandian: Angela Altaba, Julia Casanovas, Uxue Loizu, Ruth Fornos, Maialen Rojo, Miriam Marco zuzendaria eta Amaia Segurola. FEDME
ramon olasagasti
Euskal Herria
2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun

Bihar eta etzi, omenaldia egingo diete Amaia Agirre herritarrari eta Iker Bilbao durangarrari Urnietan. Bi alpinistak aurtengo urtarrilean zendu ziren, Patagoniako Fitz Roy mendian (3.405 m), elur jausi baten ondorioz. Zanpatuz mendi elkarteak bi emanaldi antolatu ditu omen ekitaldirako. Bihar, azaroak 22, Uxue Loizu eta Amaia Segurola alpinistek Abriendo camino (Bidea irekitzen) proiekzioa eskainiko dute. Proiektu horren bidez, Espainiako Federazioko (FEDME) Emakumezkoen Alpinismo Taldeko kideek eskalada bide berriak ireki nahi dituzte, eta dagoeneko bi espedizio egin dituzte: 2022an Jordaniako Wadi Rum basamortuko hormetara egindakoa, eta aurtengo abuztuan Groenlandiara egindakoa. Bietan, goi mailako hainbat bide ireki dituzte. Hain zuzen, bi espedizio horietako jardueren berri emango dute biharko proiekzioan.

Talde horretako kidea zen Amaia Agirre, eta iazko espedizioan han zen bera ere, Wadi Romeko hormetan. Loizuk, Segurolak, Maialen Rojok eta gainerako taldekideek lagun min-mina zuten Amaia Agirre, eta haren oroimena biziaraziko dute biharko emanaldian.

Ostegunean, azaroak 23, berriz, Ekaitz Maiz eta Joseba Iztueta izango dira Urnietan, aurtengo udan Ladakheko (Indiako Himalaia) Amaiur Peak mendian (5.760 m) eginiko jarduerari buruzko proiekzioarekin. Bi ekitaldiak 19:30ean hasiko dira, Sarobe arte eszenikoen gunean.

Mendia eta Abentura zikloa Iruñean

Iruñeko Bullicio Pamplones eta Alegria de Iruña peñek urtero mendi emanaldiak antolatzen dituzte azaroan, Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federazioaren laguntzarekin. Azaroaren 10ean hasi zen aurtengo zikloa, eta bi emanaldi geratzen dira. Ostiralean, azaroaren 24an, Shafat ibarrean (Indiako Himalaia) eginiko eskaladei buruzko ikus-entzunezkoa emango du Ibon Mendia eskalatzaileak Alegria de Iruña peñaren egoitzan. Eta abenduaren 1ean, azkenik, Luis Arrietak zuzendutako 212 mountains filmaren estreinaldia izango da. Xabier Zarranz mendiko korrikalariak (Barañain, 1981) Pirinioetako hiru mila metroko mendietan eginiko bidaia eta haren gogoetak jasotzen ditu Arrietaren film berriak. Emanaldiaren ondoren, solasaldia izango da protagonistekin. Abenduaren 1ean Civivox Condestable aretoan izango da, 19:30ean.

'AMAIUR PEAK'
Ostiralean, Shafat ibarrean eginiko eskaladei buruzko proiekzioa egingo du Ibon Mendiak. EKAITZ MAIZ

Basauriko Baskonia taldearen jardunaldiak

Azaroan, Basauriko (Bizkaia) Baskonia Mendi Taldeak antolatutako jardunaldiak egiten ari dira asteartero. Gaur bertan, azaroak 21, Ana Isabel Martinezek Picu Urrielluko emakumeak ikus-entzunezkoa emango du Ibaigane Kultur Etxean, 19:30ean. Gaur zortzi, azaroaren 28an, azkenik, Jose Martin Santiagok Baskonia mendi taldea Manaslun proiekzioa emango du, Ibaigane kultur etxean, 19:30ean.

Elgoibarren, Drangnag-Ri mendiaren eskalada

Elgoibarko Morkaiko mendi taldeak 2019. urtetik galduta zeuzkaten ekintzetako bat berreskuratu du aurten: udazkeneko mendi emanaldien zikloa. Morkaikoko eskaladako taldeak hartu du bere gain ziklo horren ardura. Azaroaren 3an, Mendi Tourreko filmen emanaldia izan zuten; azaroaren 10ean, Westfjords, Islandia ezezaguna bizikletaz proiekzioa egin zuen Igone Mariezkurrenak; azaroaren 15ean, Julio Villar eta Ibon Gaztañazpi izan ziren, E, Petrel liburuari, mendiari eta itsasoari buruz hizketan, eta bihar, azaroak 22, Drangnag-Ri mendiaren (6.081 m) eskaladari buruzko ikus-entzunezkoa izango da. Iñaki Arakistain, Joseba Larrañaga, Alberto Fernandez eta Mikel Zabalza izan ziren partaide espedizio hartan. Biharko proiekzioa kultur etxean izango da (Kalebarren plaza), 19:00etan.

Andoaingo Euskalduna taldearen 58. mendi astea

Andoaingo Euskalduna mendigoizale taldea 58. Mendi Astea egiten ari da atzodanik. Atzo, Koldo Zubimendi eta Vicente Barcena erandioztarrek Kharut II. Lehenengo igoera baten istorioa proiekzioa eman zuten Bastero kultur etxean. Gaur asteartea, azaroak 21, Julen Esnaolak Transpirenaika: 13 egun Pirinioak mendiko bizikletan zeharkatzen emanaldia egingo du, 19:00etan, Euskalduna M.T.-ren egoitzan. Bihar asteazkena, bazkideen ohiko eta ezohiko batzar nagusiak izango dira 19:00etan, Basteron. Eta ostegunean, azkenik, 40 urte Komunismo gailurrera igo ginenetik ikus-entzunezkoa emango du Jose Antonio Arruabarrenak, 19:00etan Euskalduna M.T.-ren egoitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.