Mendiko eskiko Euskal Herriko probarik zaharrena da Andres Regil zeharkaldia, baita munduko zaharrenetakoa ere. 1969an, Andres Regil, kirol horren zale amorratua, mendiko eskiko probak bultzatzen hasi zen Europako Mendietan. Hurrengo urtean, ordea, zorigaiztoko istripua izan zuen Gorbeian eskiatzen ari zela, eta hil egin zen. Anaiek eta lagunek, orduan, Andresen legatuari jarraipena eman eta haren oroimenezko Andres Regil Kopa antolatu zuten 1971. urtean. Gaurdaino iraun duen proba.
Regil zeharkaldia bikoteka egiten da, hori da probaren berezitasun nagusietako bat. Bikoteka, Euskal Herriko Txapelketa izango da aurten, baita Euskal Herriko Kopako hirugarren eta azken proba ere. Antolatzaileek 110 eskiatzaile edo 55 bikoteko muga dute ezarria, eta uneotan 48 bikote daude izena emanda. Beraz, dortsal gutxi batzuk geratzen dira oraindik, inork izena eman nahiko balu.
Aurten, elur baldintzak «oso onak» direla jakinarazi du Gabi Regilek, Andresen seme eta probaren antolatzaileetako batek. «Atzo eta gaur, talde handi samar bat dabil eremua aztertzen, ibilbideak markatzen, eta eguraldi eta elur baldintza onak izan dituzte. Biharko zertxobait nahasiagoa ematen dute iragarpenek, baina proba egiteko ez da arazorik izango».
Hiru ibilbide izango dira. A ibilbideak 21 km eskas eta 2.100 metroko goranzko desnibela izango ditu, Hamazazpi trantsizio edo aldaketa guztira. B ibilbideak, 17,3 km eta 1.300 metroko goranzko desnibela (hamahiru trantsizio), eta C ibilbideak, azkenik, 10,8 km, 800 m+ eta sei trantsizio. «Agian azken orduko aldaketaren bat izan daiteke, gaur mendian dabilen jendeak esaten duenaren arabera. Partaideen segurtasuna izaten da gure lehentasun nagusietako bat. Gaur, 20:30ean, Ikasketa Lebaniegoen Zentroan, ibilbideak azaltzeko bilera izango da, eta hor emango dira xehetasun guztiak. Ondoren, probaren sare sozialetan argitaratuko dira ibilbideak», jakinarazi du Regilek.
Informazio osoa probaren webgunean.
Egitaraua
Ostirala, martxoak 13
19:00-22:00. Harrera, dortsal banaketa eta izen emateak Infantado hotelean (Ojedo, Kantabria, Espainia). 20:30ean ibilbideak azaltzeko bilera izango da Ikasketa Lebaniegoen Zentroan, eta ondoren, probaren sare sozialetan argitaratuko dira.
Larunbata, martxoak 14
8:00. Harrera eta azken izen emateak Fuente Deko kafetegian.
9:00. Teleferikoaren lehen igoera partaideentzat.
9:45. Azken orduko bilera teknikoa (irteeran).
10:00. Irteera teleferikoaren goiko geltokitik. Helmuga eta anoagune nagusia ere bertan izango da.
19:00-20:30. Ikasketa Lebaniegoen Zentroa (Potes).
Babesle eta laguntzaileek emandako oparien zozketa. Sari banaketak.
21:00. Afaria Infantado Hotelean (Ojedo)