Anetoko gurutzea desagertu da

Apirilaren 8tik 14rako tartean norbaitek zerra erradial batekin ipurditik ebaki eta mendian behera amilarazi zuela uste du kasua ikertzen ari den Guardia Zibilak. Duela 75 urte jarri zuten Pirinioetako gailur garaieneko ikur hori.

Anetoko gurutzea, neguan.
Anetoko gurutzea, neguan, elurretan hondoratu samar.
ramon olasagasti
2026ko apirilaren 21a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anetoko gurutzea falta da Pirinioetako gailurrik altuenetik (3.404 m). Guardia Zibila ari da kasua ikertzen, eta hipotesi nagusia da norbaitek zerra erradial batekin ipurditik ebaki eta mendian behera amilarazi zuela apirilaren 8tik 14rako egunetako batean. Apirilaren 8an igo zirenek diote han zegoela eta 15ean igo zirenek, aldiz, falta zela. Tarte horretan desagertu da, beraz, eta ez da agertu. Geroztik elurra egin du, altueran elur geruza lodia dago oraindik, eta, urtzen hasi arte, agian denbora dezente igaroko da agertzerako.

Anetoko gurutzeak 75 urte beteko zituzkeen aurten Pirinioetako sabaian. 1951ko abuztuaren 12an jarri zuen Centre Excursionista de Catalunyak, taldearen 75. urteurreneko ospakizunen artean. Alpeetako gailur handietako ohiturari jarraituz, Anetok ere bere ikurra izatea nahi zuten. Bost urteren buruan, berriz, Pilareko Ama Birjinaren irudi txikiago bat ere jarri zuten tontorrean, hura Aragoi zela garbi gera zedin.

Gurutzea hiru metrotik gora garai da, eta besoak, bi metro zabal. Pisua, berriz, 100 kilo inguru da. Aluminiozkoa da; erradial batekin erraz ebakitzeko modukoa, beraz. Duela 75 urteko hartan, laurogei boluntariok igo zuten, piezaka, eta gailurrean bertan muntatu zuten. 2023ko irailean, berriz, Benasqueko Udalaren ekimenez, kendu egin zuten zaharberritzeko, eguraldi gogorraren eta hainbat ekintza bandalikoren ondorioz hondatu samar baitzegoen. Gurutzeak Benasquen duen esanahiaren adierazle, kalean ibili zuten prozesioan. Ia bi urteko zaharberritze prozesu konplexuaren ondotik, 2025eko abuztuaren 6an atzera bere lekuan jarri zuen gurutzea Benasqueko GREIMek. Doi-doi zortzi hilabete iraun du zutik.

Gertaerak zurrunbilo handia eragin du mendizaleen artean, batez ere Benasqueko haranean, eta gailurretako elementuen inguruko eztabaida harrotu du beste behin. Egunotan jakin da, gainera, Anetokoaz gain, Guarako mendilerroko Gratal tontorrean zegoen beste gurutze bat ere desagertu dela. Anetokoaren kasuan, gurutzeak izan zezakeen kutsu erlijiosoa alde batera, mendizaleen artean jada sinbolo bat zela nabarmendu dute, besteak beste, Benasqueko Udaleko eta Aragoiko Mendi Federazioko arduradunek. Hori dela eta, berriro jarriko dutela jakinarazi dute, jatorrizkoa agertzen ez den artean, erreplika bat. Hainbaten iritziz, gailurretako elementu hauek alpinismoaren historiako ondare bat dira, eta beste hainbaten iritziz, oso eztabaidagarria da elementu hauek natura inguruneetan sortzen duten inpaktua.

Euskal Herrian ere gertatu da antzekorik. 2024ko urriaren 12an, adibidez, Udalatx tontorreko gurutzea ebaki zuten, eta gertaerak eztabaida handia eragin zuen, batez ere Arrasaten eta Debagoiena osoan. Ekintzaren egileek olerki hauxe utzi zuten, ebakitako gurutzearen oinarrian:

«Izan zitekeen harri, zutargi, mugarri edo oroigarri.
Izan zitekeen egur, enbor, lore edo landare.
Izan zitekeen arrano, ahuntz, bele edo sai.
Izan zitekeen aizkora, piolet, lai edo igitai.
Baina ez. Gurutze Santua da. Zen.
Horrek dakarren guztiarekin. Hartzen duen pisuarekin.
Eta bai. Hau ere omenaldi bat da. Orduan, eta harrezkero, zendutako mendizaleei eginikoa, ere bai.
Burdin puska honek daukan zama arinduta gainera. Historia guzti hori kentzen da haien motxiletatik.
Hegan egin ditzaten, haien ametsek, Marirekin batera, geure mendi eta bailaretan.
Libera ditzagun guztiak; arbasoen ametsak, sorginak, mendia eta Lurra, botere zapaltzaile guztien atzaparretatik at.»

Gailurretako gurutzeen gai hau jorratua du BERRIAk aurrez ere, erreportaje honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA