Mendiko eskiko Bandres-Karolo Memoriala egin da gaur Erronkariko Pirinioetan, baita Euskal Herriko Txapelketa ere. Hego haize zakarra izan dute partaideek, eta horrek dezente zaildu du lasterketa, baina, zailtasunak zailtasun, ibilbidearen edertasuna nabarmendu dute guztiek, baita gogortasuna ere. Berrehun eskiatzaileak Belaguako aterpetxetik abiatu dira, eta Roncaliako El Ferial eski estazioan amaitu dute. A ibilbideko partaideek 20 kilometro pasatxo eta 2.000 metro desnibel zituzten, eta B ibilbidekoek 15 kilometro eta 1.300 metro inguruko desnibela.
Asier Labairu iruindarra eta Claudia Rodriguez asturiarra gailendu dira Bandres-Karolo proban. Labairu pozik zen garaipenarekin. «Ibilbide gogorra izan da oso, mendi-mendikoa: jaitsiera teknikoak zituen, oinezko tarteak, eta trantsizio asko, baina niri horrelakoak gustatzen zaizkit. Ederra izan da». Claudia Rodriguez ere pozarren zen helmugaratu berritan. «Bigarren urtea izan dut hau Bandres-Karolon, iaz ikaragarri gustatu zitzaidan, eta aurten are gehiago. Sekulako lasterketa izan da. Mendiko eskiak eduki behar duen guztia eduki du. Elurra gogortxo zegoen, baina jaitsierak nahiko ondo zeuden, eta oso gustura ibili naiz».
Euskal Herriko Txapelketa ere izan da Bandres-Karolo Memoriala. Gizonezkoetan, Labairu bera izan da txapeldun, eta emakumezkoetan, berriz, Nahia Quincoces mendexarra. Pozik zen Quincoces, bai Euskal Herriko txapela lortzeagatik eta bai lasterketan egindako lanagatik: «Espero baino gogorragoa izan da. Haizeak gogor jo du, elur baldintzak ez ziren samurrak, eta hoztuta ere ibili gara batzutan, baina oso ibilbide ederra prestatu dute. Gainera, aurreneko hiru neskak bateratsu ibili gara, orain bat aurreratu, orain bestea, eta oso polita izan da. Mendiko eskiaren esentziari eusten dioten lasterketak gero eta gutxiago dira, eta plazer bat da beste urte batez hemen egotea».

Gizonezkoen arteko lehian, Ander de Miguel nafarra ere aurre-aurrean ibili da lasterketa gehienean, baina Kortaplanako jaitsieran eskia katigatu eta aurreko lotailua askatu zaio. Horren ondorioz, lehiaz kanpo geratu da De Miguel. «Pena izan da, baina tira, horrelakoak dira mendiko eskiko probak. Okerragoa izango zen min hartzea. Ea bihar, Boi Taullen, arantza ateratzen dugun».
Gizonezkoen arten, euskal selekzioko Loic Thevin izan da bigarren helmugan, baina, azken jaitsieraren hasieran kranpoiak galdu, eta epaileek lau minutuko zigorra ezarri diote helmugan, derrigorrezko materialarekin ez bukatzeagatik. Horrek aldatu egin du sailkapena. Jon Ander Aranburu izan da bigarren Memorialean eta Euskal Herriko Txapelketan. Zumarragarra lasterketa osoan orpoz orpo ibili da Thevinekin. Hirugarren, berriz, Asier Alonso oñatiarra geratu da, helmugara laugarren iritsi bada ere.
Goizean lasterketa egin ondoren, arratsaldean Izabako zineman jarraitu dua urrera egitarauak. Eguneko tarterik berezienetako bat Bandres-Karolo saria banatu dutenekoa izan da. Sari horren bitartez, aitortza egiten zaie mendiko eskia sustatzeko lan egin duten norbanakoei eta elkarteei. Aurten, Feliu Izard katalanari eman diote. Izard mendiko eskiaren zale amorratua da aspaldiko urteetan, eta beti egon da kirol horri estu lotua. Zinemako ekitaldia amaitzeko, Unai Jauregibeitiak zuzendutako Tras la huella noruega dokumentala proiektatu dute. Joan den mendearen hasieran iritsi zen eskia Euskal Herrira, norvegiarren bidez, eta kirol horrek ordutik gaurdaino izandako bilakaera erakusten du Jauregibeitiaren lanak.
BANDRES-KAROLO MEMORIALA
Emakumezkoak
1.- Claudia Gutierrez Lueje 3.01.26
2.- Nahia Quincoces Altuna 3.02.00
3.- Uxue Loizu Askaso 3.07.22
Gizonezkoak
1.- Asier Labairu Dominguez 2.31.01
2.- Jon Ander Aranburu Zabalo 2.33.34
3.- Asier Alonso Korkostegi 2.35.07
EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
Emakumezkoak
1.- Nahia Quincoces Altuna 3.02.00
2.- Uxue Loizu Askaso 3.07.22
3.- Uxue Fraile Azpeitia 3.18.38
Gizonezkoak
1.- Asier Labairu Dominguez 2.31.01
2.- Jon Ander Aranburu Zabalo 2.33.34
3.- Asier Alonso Korkostegi 2.35.07
U23
1.-Oier Moreno Lizarraga 3.03.30
2.- Aritz Kortazar Madariaga 3.38.43
3.- Oier Irazusta Aristizabal 3.48.58
U20
1.- Markel Barrio Escudero 2.59.55
2.- Oier Urkiola Azurmendi 3.29.00
3.- Unax Hernardo 3.42.24
U18
Mutilak
1.- Kimetz Korta Iñarra 2.45.00
U16
Neskak
1.- Ane Rubio Larrañaga 3.33.43
2.- Nagore Azanza Bergera 4.28.53
U14
Mutilak
1.- Kai Lopez Tomillo 3.26.55
M40
Emakumezkoak
1.- Nahia Quincoces Altuna 3.02.00
2.- Uxue Fraile Azpeitia 3.18.38
3.- Lur Basterretxea Kerexeta 4.03.55
Gizonezkoak
1.- Loic Thevin Thevin 2.37.17
2.- Mikel Navarro Aranzadi 2.51.27
3.- Aitor Otxoa Biain 2.57.25