Asteburua hiru egunera luzatuta, berrikuntzaz beteta dator maratoia

Munduko Koparako puntuagarria ez ezik, Europako Txapelketa ere izango da aurten Zegama-Aizkorri.Kilometro bertikala ere izango du

Kilian Jornet kataluniarra, iaz, jendartean, Sancti Spiritun gora. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Maiatzaren 17an izango da. Gipuzkoako herri txiki izateari utzi, eta mundu osoko mendi lasterkarien arretagune bihurtuko da egun horretan Zegama. Egun horretan jokatuko baita 14. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Atzo aurkeztu zuten «munduko mendi lasterketa onena», Munduko Koparako puntuagarria, eta aurten, gainera, Europako Txapelketa ere izango da. Berritasunez gainezka dator 2015eko Zegama-Aizkorri, eta, Ainhoa Txurruka zuzendariak azaldu duenez, «ibilbidean, formatuan eta proban» izango dira aldaketak.

Distantzia eta desnibel berberak izango ditu maratoiak, baina, 9. kilometroan dagoen pista zatia saihesteko, ibilbidea aldatu egingo dute aurten zati horretan. Horrez gain, formatuan ere badira aldaketak; ohi bezala, Munduko Koparako puntuak lortzeko balioko du Zegama-Aizkorri probak, baina aurten, gainera, Europako Txapelketa ere izango da. ISFko (International Sky Federation) eta Munduko Kopako puntuaketa modua aldatu egin da, eta orain, Munduko Koparako puntuak lortu ahal izateko, hiru probatan ez ezik kontinente bateko txapelketan ere parte hartu behar dute korrikalariek. Hori horrela izanik, antolatzaileek «ia ziurtzat» jo dute Munduko Kopan lehen postuetan dabiltzanak Zegaman egotea, aurreko urteetan ere gehienek parte hartu duten arren.

Ildo horretan, Kilian Jornet kataluniarra Zegamako irteera puntuan egotea espero dute antolatzaileek; hura da iazko txapelduna, errekorraren jabea eta proba zazpi aldiz irabazi duena. Harekin batera izango dira Maite Maiora mendaroarra iaz hirugarren amaitu zuen korrikalaria, eta Oihana Kortazar Zegaman irabaztea zer den badakien elgetarra. Txurrukak azaldu duenez, ez da erraza mailari eustea. «Geroz eta lasterketa eta zirkuitu gehiago daudelako». Baina, urtero bezala, munduko korrikalari onenak erakartzea espero dute. Hori guztia gutxi ez, eta aurten mendiko lasterkarien jaia asteburu osora hedatuko da, lehenengoz kilometro bertikala jokatuko baita, ostiral arratsaldean. Laugarren kilometroan 1.000 metroko malda gainditu beharko dute parte hartzaileek: «Maratoia luze suertatzen zaien korrikalariek kilometro bertikala izango dute aukeran, baina badira bietan parte hartuko dutenak ere. Asteburua osatzeko, beste festatxo bat izango da ostiralekoa», gehitu du Txurrukak.

Izen ematea, astelehenetik

Beraz, maiatzaren 15ean hasiko da aurten Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren asteburua. Sorpresak sorpresa izaten dira beti, eta antolatzaileek ez dituzte argitzen inoiz, noski. Baina, Jornetek ezagun egin zuen «Zegama beti da Zegama» leloa gogoan hartuta, aurten ere ezuste gogoangarriak izango dira, seguru. Urtarrilaren 19an irekiko dute kilometro bertikalean eta maratoian aurrez izena emateko epea, www.kirolprobak.com atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.