Mendi-mendiko eskia Erronkarin

Bandres-Karolo Memorialaren aurtengo ekitaldia «gogorra bezain ederra» izan dela nabarmendu dute partaideek. Asier Labairu eta Claudia Gutierrez izan dira irabazle, eta Feliu Izard mendiko eskiatzaile kataluniarrari egin zaio aitortza.

2026ko Bandres Karolo Memoriala
Partaideetako bat Lakhura gailurretik behera, azken jaitsierari ekin aurretik. JOSEBA ARLEGI
ramon olasagasti
2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lakhura, Binbalet eta Kartxela mendien iparra eta hegoa, Nafarroa alde batera, Zuberoa bestera. Hori da joko eremua, ez txikia eta ez handia. Belaguako aterpea abiapuntu, eta Larra-Belaguako iraupen eskiko estazioa helmuga. Aurtengoan bi aterpe izan dira Euskal Herriko mendiko eskiko proba bakarra aterpetzeko. Eta arratsaldean, beste aterpe bat: Izabako zinema. Erronkariko Pirinioen neurrikoa da Bandres-Karolo Memoriala. Edo Izabako zinemarena. Ez txikia eta ez handia. Hori bai, mendi-mendikoa. Antolakuntza barnetik eta ikuspegitik eginiko kronika laburra da segidakoa.

Ostegunean 09:30ean da hitzordua, Izaban. Euria goian-behean. Bai, goian ere bai. Begirada etsia; mendian ere euria da, eta ez elurra. Gorakoan, geldialdia Juan Pito bentatik gorako bihurgune batean, Kartxela eta Binbalet aldeko hego isuriari begiratu bat emateko. Latas muinoa soiltzen hasia da. Pikutara hasierako asmoa, Juan Pitotik gorantz abiatzekoa. GPS gailuak bezala, ibilbidea birkalkulatzen hasi da berehala ibilbidearen arduraduna, Fermin Illarregi. Belaguako aterpera igo eta han ere euria zarra-zarra, eta haizea harro. Autoetatik atera orduko tximu eginda denak. Larra-Belaguako eski estaziora igo dira. Han ere ez da giro. Julen Garjon estazioko zuzendariak egin die harrera. «Eguraldi petrala duzue mendirako. Astelehenean 30 litro bota zituen, dena euria, eta gaur ez da gutxiago izango. Azkar doa elurra».

Erraztasun guztiak eskaini dizkie Garjonek antolatzaileei: «Beheko garajea erabil dezakezue kontsignarako, eta goiko aretoa luntxerako eta sariak banatzeko ekitaldirako. Zubian zabalduko dugu elurra makinarekin, eskiatzaileen helmugaratzea estazioan bertan egiteko. Eta, Lakhura iparralde horretan edo Eraizen zerbait gertatuz gero, elurretako motorrarekin gerturatu gaitezke ebakuatzera». Antolatzaileek eskertu egin dute Larra-Belaguako estaziokoen eskuzabaltasuna eta lankidetza.

2026ko Bandres-Karolo Memoriala
Probaren bezperan, boluntario batzuk ibilbidea markatzen eta sokekin jaitsierak prestatzen. BANDRES-KAROLO

Ostirala, euriak eragindako triskantza ebaluatzeko eguna. Euriak, alde batetik, elur asko eraman du, baina, bestetik, negu honetan bata bestearen atzetik pilatu diren elur geruzak trinkotu ere egin ditu, eta horrek nabarmen txikitu du elur jausien arriskua. «Bada elur nahikoa ibilbide polit bat ateratzeko», lasaitu ditu Fermin Illarregik lanera bildutakoak. Ugatzak ere hegaldi dotoreaz agurtu ditu mendirantz abiatu direnak. Hirutan banatu da taldea. Suhiltzaileak eta ondarroarrak Kortaplana eta Lakhurako ertzera joan dira, iparreko jaitsieretan sokak finkatzeko eta plataformak egiteko. Bigarren taldea Kartxela eta Binbalet aldeko bi isuriak markatzera joan da, Mintxo Astiz eta Iñaki Mariñoren gidaritzapean. Hirugarrena, Fermin Illarregi buru, Kortaplanako igoera eta jaitsiera eta Eraizeko lautadako tartea markatzera.

Izabako zineman ere gogotik ari dira lanean Nagore Salaberria, Gotzon Larrea, Lierni Apeztegia eta beste hainbat. Partaideen dortsalak eta poltsak prestatu, larunbateko emanaldiak eta teknologia guztia doitu eta lotu... Menditik bueltan, Izaban batu dira guztiak. Rafa Armendarizek, Nafarroako suhiltzaileen Erreskate Talde Teknikoko kideak, hala esan die agurrean taldeko besteei eta gainerakoei: «Bihar ezin naiz etorri, guardia dut eta. Beraz, espero dut zuek ikusi beharrik ez izatea». Seinalerik onena litzateke, bai.

Partaideak ari dira pixkanaka iristen eta dortsalak jasotzen. Lorpen galtzerdien ordezkariek erakusmahaia atondu dute zinemaren kanpoaldean. Produktu estimatuak dira eskiatzaileen artean. Ondoren, ibilbideen inguruko informazioa eman dute zineman bertan: A ibilbideak 20 km pasatxo izango ditu, eta 2.100 metro inguruko desnibela; B ibilbideak, berriz, 14 km inguru eta 1.400 metroko desnibela. Zurrumurrua hedatu da aretoan. Batzuek sobera ezagutzen dute ibilbideen arduraduna.

Larunbata. Iritsi da eguna. 10:00etan da irteera. Mendiko kontroletan daudenak 8:00etan abiatu dira, batzuk Yeguaceros ingurutik, besteak Belaguako aterpetik eta beste batzuk Larra-Belaguako estaziotik. Hotz da kanpoan: 2-3 gradu zeropetik Eraizen. Okerrena, ordea, haizea da. Hego-mendebalak oso zakar jotzen du, eta bisutsak txapel gris batean bilduta dauka Lakhura mendigunea. Ez da giro goietan. Sentsazio termikoa oso-oso hotza da. Negu honetan pilatutako elur geruzak baino geruza gehiago jantzi beharra dago geldi egonean mendiko kontroletan egoteko.

2026ko Bandres Karolo Memoriala
Hainbat partaide Lakhurako ipar ertzean, bisutsak bilduta. JOSEBA ARLEGI

Irteerako eta helmugako taldeak ere gogotik eta gogoz ari dira lanean. Josu Iztueta, partaideen autobusak antolatzen. Ipe Lizarraga, irteerako eta helmugako taldeak koordinatzen. Lan itzela haiena. Belaguako aterpe inguruetan ARVA kontrola pasa eta irteera neutralizatuan abiatu dira 200 eskiatzaileak. Horixe da antolakuntzak ezarritako muga, 200 partaide, eta azken urteotan buelta horretan ibiltzen dira eskiatzaileak. Partaide kopuruaren irizpide hori eta gainerako guztiak betetzen ditu Bandres-Karolo Memorialak lasterketa etikoen aldeko Etiketa Berdea egitasmoan egoteko. Eskiko proba bakarra da proiektu horretan.

Helmugaratzen lehenak

12:30ean hasi dira iristen lehen partaideak. Bi ordu eta erdi pasatxoko ahalegin bizia izan da aurrean iritsi direnentzat, eta hiru ordutik gorakoa gehien-gehienentzat. Asier Labairu helmugaratu da aurrena, Loic Thevin bigarren, eta harengandik oso hurbil, Jon Ander Aranburu hirugarren. Asier Alonso ere berehala helmugaratu da. Gerora, epaileek hiru minutuko zigorra ezarri diote Thevini, azken jaitsieran kranpoiak motxilatik erori eta derrigorrezko materialik gabe iritsi delako helmugara, eta horrek aldatu egin du gizonezkoen podiuma.

«Mendiko eskiaren esentziari eusten dioten lasterketak gero eta gutxiago dira, eta, horregatik, plazer bat da beste urte batez hemen egotea»

NAHIA QUINCOCES Mendiko eskiko Euskal Herriko txapelduna

Emakumezkoetan, Claudia Gutierrez asturiarra iritsi da aurrena, eta, oso hurbil, Nahia Quincoces bigarren eta Uxue Loizu hirugarren. Besarkada batean lotu dira hirurak. Gutierrez izan da, beraz, Memorialean irabazle, eta Quincoces Euskal Herriko txapeldun, Euskal Herriko Txapelketa ere bai baita proba.

Helmugaratu ahala, ibilbidearen edertasuna eta gogortasuna goraipatu dute eskiatzaileek. «Hau da benetako mendiko eskia», nabarmendu du Gutierrezek. Olinpiar Jokoen eraginez azkenaldian nagusitzen ari diren mendiko eskiko esprint horiei izena aldatu beharko zaiela ere esan du batek baino gehiagok, hori ez dela mendiko eskia. Nahia Quincocesek ere horixe azpimarratu du: «Mendiko eskiaren esentziari eusten dioten lasterketak gero eta gutxiago dira, eta, horregatik, plazer bat da beste urte batez hemen egotea». Labairurentzat ere, urtero egutegian ongi gordetako eguna da Bandres Karolo. «Nahiz eta hotza izan eta haizeak gogor jo, ibilbidea oso ona izan da, eta hori eskertzekoa da. Goiz osoa mendian igaro duten boluntarioei eskerrak eman nahiko nizkieke. Aurten lehenengoz irabazi dut Memoriala, eta bigarren urtez jarraian Euskal Herriko txapela, baina benetan ahaztuko ez dudana lagunartean pasatutako eguna izango da. Aupa zuek!».

Uxue Frailek, Aitor Otxoak, Mikel Navarrok, Joseba Tobarrek, Ibai Goñik, Lur Basterretxeak eta urteroko topaketari leial eusten dioten beste hainbat eta hainbat mendiko eskiatzailek nabarmendu dute baldintzak gogorrak izan direla, baina «ederra» izan dela. Mendi-mendiko eskia.

Gotzon Larrea eta Nagore Salaberria aritu dira denborak hartzen, haiek ere hotzari aurre eginez. Gero, sailkapen guztiak atera, mailaz maila bereizi, Memoriala batetik, Euskal Herriko Txapelketa bestetik, adinaren arabera banatu... A zer lana. Probaren webgunean daude sailkapen guztiak.

Bitartean, Marijo, Kristian, Alaitz, Antuneztarrak, Sonia eta seme-alabak... jatekoa prestatu eta prestatu, partaideek, iritsi ahala, mokadu bat egin dezaten. Eta, ondoren, dena jaso, garbitu eta Izabara.

2026ko Bandres-Karolo Memoriala
Feliu Izard, aurtengo Bandres-Karolo sarian aitortza jaso duen eskiatzailea, proban parte hartutako bi gazteenei lekukoa ematen. BANDRES-KAROLO

Arratsaldean, zineman, Feliu Izard mendiko eskiatzaile kataluniar historikoak jaso du Bandres-Karolo saria, mendiko eskiaren sustapenean egindako lan handiagatik. Koadro eder bat eman diote antolatzaileek Karmelo Oñatek margotua. Belaguako Goi-mendiko Ibilbide historikoaren elastiko zahar bat soinean duela igo da taula gainera, eskiak eskuetan. «Ez dakit meritu nahikorik egin dudan, baina asko eskertzen dut aitortza hau». Umore finez zipriztindutako hitzen ostean jendeak jo dion txalo zaparradak argi erakutsi du baietz, nahikoa eta sobera meritu egin duela. 80 urte betetzear, goizeko proban parte hartu duten eskiatzaile gazteenak igoarazi ditu taulara, Kai Lopez Tomillo (2012) eta Nagore Azanza Bergera (2011), eta, haiei lekukoa emateko, foka larru batzuk oparitu dizkie. Mendiko eskiak jarrai dezan, eta jarrai dezan mendiko eskia izaten.

«Ez dakit meritu nahikorik egin dudan, baina asko eskertzen dut aitortza hau»

FELIU IZARD Mendi eskiatzailea

Jorge Garcia-Dihinx eta Panticosako Tablato mendian elur-jausi batek harrapatuta hil ziren besteak ere gogoan izan dituzte antolatzaileek, eta mendiko eskiaren alde egindako lan handia eskertu nahi izan diote. 

Unai Jauregibeitiak zuzendutako Tras la huella noruega dokumentala proiektatu da gero. Eskiatzaileek interesez ikasi dute maite duten kirola nondik eta nola sortu zen. Aitor Sarriegi eta Ander Uria bertsolariek borobildu dute saioa, zineman bertan aurrena eta bertso-poteoan gero. Uriak, umorez, ibilbideen gogortasuna aipatu du: «B ibilbidea ez al zen luzea, eta A luzeegia?». Sarriegik boluntarioen lana eskertu du. Eta, gisa berean, osteko afarian, Mintxo Astizek horixe aitortu nahi izan die boluntario guztiei: «Proba hau aurrera ateratzeko, bi gauza dira ezinbestekoak: elurra eta talde oso hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA