Bi Patxi, bi garai, bi eredu, bi ikuspegi

Munduko bi eskalatzaile handi, Patxi Arozena eta Patxi Usobiaga, aitzindaria lehena eta belaunaldi gazteagokoa bigarrena, kirol eskaladaren bilakaeraz eta elkarren indarguneez aritu dira berriki Urretxun, Xabier Ormazabal Mendi Festako solasaldian.

Ioritz Gonzalez Lertxundi, Patxi Usobiaga, Patxi Arozena eta Andoni Ormazabal
Ioritz Gonzalez Lertxundi, Patxi Usobiaga, Patxi Arozena eta Andoni Ormazabal. Alboetako biek gidatu zuten Patxi bien arteko solasaldia. PATXI USOBIAGAK UTZITAKOA
2026ko ekainaren 1a
07:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xabi Ormazabal Mendi Festan izan zirenek Patxi Arozena (Tolosa, Gipuzkoa 1965) eta Patxi Usobiaga (Eibar, Gipuzkoa, 1980) eskalatzaileen arteko solasaldia ikusteko eta entzuteko aukera izan zuten. Elkarrizketa Andoni Ormazabalek eta idazten ari den honek gidatu zuten, eta bertaratu zirenek azpimarratu zuten giroa «gertukoa» izan zela, «paregabea». Egun osoko lagunarteko giro bero hori bera izan zen bi eskalatzaile handi horien arteko hizketaldian ere.

Euskal Herriak eman dituen eskalatzaile handietako bi dira Arozena eta Usobiaga, bi-biak ere punta-puntakoak mundu zabalean. Arozena aitzindarietako bat izan da Euskal Herriko eskaladan: zenbait mugarri ezarri zituen, zortzigarren graduko (8a, 8a+, 8b...) aurreneko igoera askok eta askok haren sinadura baitaramate hala Euskal Herrian nola beste leku batzuetan, eta Euskal Herrira ekarri zuen kirol eskalada librearen kontzeptua. Txapelketei dagokienez, Munduko Kopako probetan hamar aldiz sartu zen finalean, garai hartako munduko eskalatzailerik indartsuenaren aurka aritu zen, eta proba batean bigarren postua lortu zuen, besteak beste.

Usobiaga, berriz, munduko txapeldun izandakoa da —2009an heldu zen eskaladaren gailur horretara, Txinako Xining hirian—,  Munduko Kopako txapeldun bi urtez jarraian, munduko txapeldunorde hiru aldiz jarraian, eta Europako txapeldun, besteak beste. Horretaz gain, kirol eskaladako historian lehenengo aldiz, 8c+ bide bat bistaz kateatzea erdietsi zuen, Etxaurin Ekaitz Maiz etxauriarrak ekipaturiko Bizi euskaraz bidea, hain zuzen. Eta ez hori bakarrik, munduko marka hautsi zuen urte bakar batean kateatutako 8b+ bide kopuruan; horietako zazpi bistaz eskalatu zituen, gainera. Haren ibilbidean, ezin konta ahala dira kateatu dituen goi mailako bideak; tartean dira Il Domani (9a), La Rambla (9a+) eta Pachamama (9a+/b).

Ekipatzaile lanetan ere bide luzea egindakoak dira biak. Horren harira, zera esan zuen Andoni Ormazabalek: «askotan ez gara konturatzen zer mailatako pertsonak ditugun inguruan, alpinismoan edo eskaladan historia egin duten izen handiak, mundu zabalean eredu izan direnak, belaunaldi askotan eragina izan dutenak…».

«Ez dut uste kolektibo moduan okerrago gaudenik, baino berekoiagoak bihurtu gara. Helduak ere bai, ez soilik gazteak. Esango nuke kolektibo moduan nortasuna galtzen ari garela»

PATXI AROZENA Eskalatzailea

Bi eskalatzaileak hastapenetatik abiatu ziren, eta azaldu zuten eskalada, hau da, hasieran aisialdiko jarduera huts zen hori noiz bihurtu zitzaien pasio. Arozena: «Egia esan, ez naiz une jakinak buruan gordeta edukitzen dituzten horietakoa…baina nik uste dut Santa Barbaran izan zela. Lehen aldia, berriz, Bixen Itxaso mendizale handiak eskolan geundela eman zigun eskalada ikastaro batean izan zen. Bixenek berak bidali ninduen sokaren buruan eskalatzera. Aurreneko aldi hartakoak –kontzentrazio hura, unea biziki sentitzea…– piztu zuen nigan benetako grina».

Usobiaga, berriz, telebistan ikusten zituen eskalatzaileei begira zaletu zen, eta haiei esker hasi zen eskalatzen. Bederatzi urte zituela, Miriam Garcia Pascual ikusi zuen Al filo de lo imposible saio ezaguneko kapitulu batean eskalatzen, eta hark piztu zion grina. «Igande arratsaldeak noiz iritsiko irrikatzen egoten nintzen, saio hartan eskalatzaileak ikusteko. Miriam ikusi nuen igande hartan, kanikak gordetzeko erabiltzen nuen poltsa bat hartu, irinez bete eta gurasoei esan nien eskalatzailea nintzela; horren ondoren, etxeko korridorean eskalatzen hasi nintzen. Hori izan zen nire aurreneko eskalada». Hortik aurrera, beste asko etorri ziren: Eibarko rokodromora joaten hasi zen, eta Roberto Telleria ezagutu zuen han. Hark Atxartera eraman zuen eskalatzera, eta ondoren, jada bere kabuz bidea egiten hasita, beste eskalada eskola, bide eta proiektu asko etorri ziren, «gaur arte».

Kirol eskalada goraldi betean dagoen honetan agertu diren gazte belaunaldiei buruz galdetuta, Arozenak uste du muina aldatu egin dela. Eskalada gune batean norbait agurtu eta besteak ez erantzutea, adibidez, oraingo kontua da, haren esanetan. «Nik uste dut gaur egun kontsumo behar bat dagoela: norbere gidarekin joan, norbere bideak egin eta helburuak betetzea da jende askoren asmo bakarra. Ez dut uste kolektibo moduan okerrago gaudenik, baino berekoiagoak bihurtu gara. Helduak ere bai, ez soilik gazteak; onartu behar dut neuk ere jarrera hori izan dudala, eta esango nuke kolektibo moduan nortasuna galtzen ari garela».

«Alderdi fisikoa entrenatu egin daiteke. Indar psikologikoa berezkoagoa izaten da, eta Patxi [Arozena] eredua izan da alde horretatik»

PATXI USOBIAGA Eskalatzailea

Agian, eskalatzaile askoz gehiago izatearen ondorioa da hori, «eta ez heziketa kontua», zehaztu nahi izan du eskalatzaile donostiarrak —Tolosan jaioa izan arren, Donostiara joan zen bizitzera oso txikitan—. «Garai batean, esaterako, eskalada gune askotan lau katu egoten ginen, eta ondo moldatzen ginen inguruko herritarrekin. Gaur egun, aldiz, arazoak daude leku horietako askotan. Beti aurkitu daitezke lasaiago eskalatzeko lekuak, baino gero eta zailagoa da. Halere, eskalatzaileen artean ez agurtzea arrotza egiten zait, baina agian zahartzen ari naizelako izango da, kar-kar…».

Elkarren indarguneen aitortza egiten hasita, Usobiagak Arozenaren «indar psikologikoa» nabarmendu du. «Alderdi fisikoa entrenatu egin daiteke. Indar psikologikoa berezkoagoa izaten da, eta Patxi eredua izan da alde horretatik». Garai batean, Usobiagak berak eta hainbat lagunek eskalatzaile frantziarrak miresten zituzten, eta iruditzen zitzaien haien maila eskuraezina zela. «Arozena, aldiz, haiekin joaten zen eskalatzera, eta ez zuen uste haiek baino gutxiago zenik. Jarrera hori da benetako bertutea, nik miresten dudana. Guk guztiok baino pauso bat aurrerago egotea lortu zuen Patxik; munduko txapelketetako hainbat finaletan sartzea lortu zuen, besteak beste. Nik Patxirengandik ikasi nuen jarrerak zenbateko garrantzia duen, eta uste dut gu bion indargune nagusia horixe bera izan dela».

Arozena bat etorri da alderdi mentalak garrantzi handia duela. «Uste dut Patxik oso ondo azaldu duela. Semeari esaten diot beti izaten dela norbait hobea, baino hori ez dela txarra, ona baizik. Horrek ematen duela hobetzen jarraitzeko gogoa. Patxi oso indartsua izan da alde horretatik, eta irabazteko aukera izan duenean ez du huts egin; Patxi benetako killer-a izan da, errematatzailea, eta hori txalotzekoa da. Nik, berriz, hainbat aldiz lortu nuen munduko finaletara sartzea, baina batere irabazi ez. Benetan kaskarra izan behar da, kar-kar… ».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA