Aurreko larunbatean, beste behin, ehunka eskalatzaile eta lagun bildu ziren Urretxun, Xabier Ormazabal Mendi Festaren beroan, festa giroaz, eskaladaz, bizitzaz eta batez ere lagunarteaz gozatzeko asmoarekin. «Urtero-urtero irudipen onarekin eta gustura bukatzen dugu, baina oraingo honetan uste dut bereziki ederra izan dela. Jendetza bildu zen, herriko festak zirela ematen zuen, eguraldiak lagundu egin zuen, Euskal Herriko mendi giroko ordezkaritza oso zabala bertaratu zen, eta kanpotik ere jende asko etorri zen, Errioxatik, Kantabriatik, Asturiastik... Topaleku bihurtu da festa hau, belaunaldi guztietako jendea batzen da, eta guretzat oso ederra da», nabarmendu du Andoni Ormazabalek, Xabiren anaiak, larunbateko aje emozionaletik oraindik osatzeke.
Jon Maia bertsolariak Urretxu jaioterriko plazatik hitz batzuk egin zizkion Xabiri, olerki moduan, Gorka Hermosaren akordeoia hauspo. Hala esan zion: «Gerta liteke zure gorputza gelditzea baina zure proiekzioak aurrerantz jarraitzea. […] Hogeita bi urte eta gero, begira zure herriko plaza, nola ulertu daiteke hau? Nola iritsi zara honaino, Xabier?». Izan ere, denbora hizpide, «badira behin eta berriz bizi direnak, bai eta behin baino gehiagotan jaiotzen direnak ere», Maiaren hitzetan.
Gazterik joan zen Xabier Ormazabal, 23 urte zituela, baina mendiak metrotan edo bizitza urtetan neurtzeko ohitura horren inguruan hausnarrean, beste neurgailu batzuk proposatu zituen bertsolariak: «Denbora irribarretan, harriduratan, solasalditan, besarkadatan, ametsetan edo menditan ere neurtu daiteke. Imajinatzen? Zenbat irribarre bete dituzu?Zenbat mendirekin izan zinen ama? Zenbat besarkada ospatu dituzu aurten?».
Eta Xabiri hizketan jarraitu zuen gero Maiak, Elurretako Lehoinabarrari, Ormazabal izan baitzen Sobietar Batasun ohian goratzen ziren bost zazpimilakoak igo eta ohore hori eskuratu zuen lehen euskal herritarra. «Mila esker, Elurretako Lehoinabarra. Agian, elur maluta zen zure denbora unitatea, desegin eta lurrarekin bat egin arren urtero gailurretara itzultzen den malutarena». Halaxe, larunbateko giroaren eta jendartearen beroan, urtu zen Xabi ere.
«Uste dut aurtengoa bereziki ederra izan dela. Jendetza bildu zen, Euskal Herriko mendi giroko ordezkaritza zabala tartean. Topaleku bihurtu da festa hau, belaunaldi guztietako jendea batzen da, eta guretzat oso ederra da»
ANDONI ORMAZABAL Xabier Ormazabalen anaia eta Mendi Festaren antolatzaileetako bat
Une hunkigarri dezente izan zen festan. Xabier Ormazabal ez ezik, Martin Ramirez de Alda eskalatzaile bergararra ere gogoan izan zuten bertaratu zirenek, hura aurtengo martxoan joan baita.
Beka, Ibon Mendiarentzat
Ekitaldien artean, Xabier Ormazabal Beka nork jasoko duen jakinarazi zuten larunbat iluntzean. Hogeita bost urtetik gorako gazteei mendiari lotutako proiektuak gauzatzen laguntzeko xedea du bekak, eta aurten lau egitasmo aurkeztu dira. Epaimahaiak aho batez erabakita, aurtengo deialdian Ibon Mendiak jasoko du 7.000 euroko laguntza, Patagoniako Cerro Torre mendiguneko orratzen zeharkaldia saiatzeko. Mendiak berak eta Mikel Inoriza eta Tasio Martin sokalagunek Cerro Torreko mendiguneko lau orratzak jarduera bakarrean lotzeko asmoa dute: Cerro Standhardt, Punta Herron, Torre Egger eta Cerro Torre. Zeharkaldi horretan, 1.650 metro inguru eskalatu beharko dituzte, izotzean, mistoan eta harkaitzean, eta estilo alpinoan jardungo dute, hau da, soka finkorik gabe, kanpoko laguntzarik gabe eta beharrezko material guztia gainean eramanez. Xabier Ormazabal Beka ez ezik, Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) Andres Espinosa Beka ere jaso du aurten Cerro Torreko proiektuak.
Mendiaren proiektuaz gain, Xabier Ormazabal Bekak beste egitasmo bat ere lagunduko du 2.000 euroko laguntzarekin: Onbelay aplikazioa, hain zuzen. Manuela Nieto, Kento Reinoso eta Ignacio Villanueva madrildarrek sakelakorako aplikazio bat sortu dute, eskalatzeko sokaldi bateragarriak osatzea errazteko edo eskalatzeko eta alpinismorako kideak bilatu eta kontaktua bideratzeko.
Bekaren laguntza, orotara, 9.000 eurokoa da. Urretxuko Udalak duela hamar urte egin zuen bekaren lehen deialdia, eta hasieratik 3.000 euro jarri zituen mendizale gazteen ekinaldiak bultzatzeko. Joan den urtean WOP-The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film jaialdiak bat egin zuten bekaren egitasmoarekin, eta bakoitzak 2.000 euroko ekarpena egin zuen. Eta aurten, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) beste 2.000 euroko ekarpena egingo dio Xabier Ormazabal Bekari, materialean erabiltzeko. Haiei guztiei eta festaren antolaketan laguntzen duten Irizar eta Smartlog Taldeei eta beste kolaboratzaile guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete antolatzaileek.
Festan, hainbat ekitaldi izan ziren: Juan Vallejok bere liburua aurkeztu zuen; Patxi Arozenak eta Patxi Usobiagak kirol eskaladari buruzko solasaldia egin zuten; belaunaldi arteko eskalada erronkan, gazteek eta ez hain gazteek lehia ederra eskaini zuten; Iker Uranga eta Mikel Saez de Urabain eskalatzaileek Izarren zaunka filma eman zuten, eta Silvia Vidalek Alaska: un pas mes dokumentala. Eta, bukatzeko, Doctor Deseo taldeko Francis Diezek kontzertua egin zuen, gitarristak eta saxofonistak lagunduta.
Andoni Ormazabalek eskerrak eman nahi izan dizkie, familiaren partez, boluntario guzti-guztiei eta festan parte hartu zuten artista guztiei. «Guztiak oso hurbil sentitu genituen. Adibide modura, Silvia Vidal proiekzioarekin hasi zenean, publikoaren artean eseri zen mikroarekin azalpenak ematera. Francis ere jendartean nahastu zen bere emanaldian. Jaialdi handietan segurtasun zorrotzeko irudiak ikustera ohiturik, Urretxuko plazan kontrakoa gertatu zen, eta hurbiltasuna adierazten zuten horrelako keinu pila bat egon ziren. Izugarri estimatzen dugu hori».