Mendia

Boulder probak eman dio amaiera Euskadiko kirol eskalada txapelketari

Irati Anda eta Markel Mendieta izan dira nagusi; 80 eskalatzailek parte hartu zuten larunbatean

Aretxabaletan jokatutako probako irabazleak. FELIPE RUIZ.
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Amaitu da Euskadiko Kirol Eskaladako Txapelketa. Orain bi aste zailtasun proba jokatu zen Barañainen (Nafarroa), eta iragan larunbatean bloke proba izan zen Aretxabaletan (Gipuzkoa).

Ikusmin handia, ilusio handia eta maila goreneko eskalatzaileak lehiatzeko prest. 80 partaide bildu ziren Ibarra kiroldegian, eta juniorretan, esaterako, parte hartzaile kopurua handia zela eta, sailkapen probak bi fasetan egitea erabaki zuten epaileek: 16 eta 18 urtez azpikoen txanda izan zen lehenengo, eta 20 urtez azpikoena eta seniorrena ondoren.

Goizeko probetan ez zen ezusterik izan, eta aurreikuspenak betez faborito nagusiak pasatu ziren arratsaldeko finalera. Arratsaldean asko berotu zen giroa Ibarra kiroldegian, Euskadiko finalak ikusle andana erakarri baitzuen. Munduko Kopan eta Txapelketan bezala, flash eran jardun behar izan zuten eskalatzaileek; hau da, arerioen lanik ikusi gabe. Euskadiko Mendizale Federazioa bloke ikusgarriak prestatzen saiatu zen, eskalatzaileak estutu eta ikusleentzat saio gozagarria egiteko.

Azkenean, hauxe izan zen podiuma: 16 urtez azpikoetan Andrea de Goñi eta Mikel Linazisoro izan ziren garaile; 18 urtez azpikoetan, berriz, Jone Ugartemendia eta Mikel Inoriza; eta 20 urtez azpikoetan, Itziar Zabala eta Ibai Isusi; azkenik, seniorretan, Irati Anda eta Markel Mendieta izan ziren indartsuenak.

Anda, gorenean

Gasteiztarrak urteak daramatza lehiatzen, baina goren-gorenean eusten dio kirol mailari. Euskadiko txapelketa irabazita, pozik azaldu da. «Oso pozik nago, baina pena izan zen seniorretan jende gutxi animatu zela parte hartzera. Gainerakoan, giroa oso polita izan zen. Jende asko etorri zen finala ikustera, eta asko eskertzen da hori, gu geu ere lehian gehiago sartzen garelako», azaldu du. Bloke probak «oso politak» iruditu zitzaizkion, eta ez uste zuen bezain gogorrak.

Andak txapelketetan parte hartzen segitu nahi du hemendik aurrera, baina lehen baino gehitxoago kostatzen zaiola aitortu du. «Hurrengo urtean ere lehiatu nahiko nuke, baina lan kontuengatik urtarrilera arte ez dut jakingo 2014a nola antolatuko dudan. Gainera, gero eta gehiago kostatzen zait lehengo erritmoari eustea. Egunean egunekoa egiten dut orain, baina, bai, lehiatzen jarraitzea da nire asmoa», adierazi du.

Bestalde, Mikel Linazisoro, Mikel Inoriza eta Ibai Isusik bi garaipen eskuratu dituzte Euskadiko Txapelketan, bloke proban bezala, zailtasun proban ere eurak izan baitziren trebeenak orain bi aste. Euskadiko Mendizale Federazioaren izenean, Burciok adierazi du larunbatean Aretxabaletako Ibarra kiroldegikoa «egun handia» izan zela, «eskaladarentzat, kirolarentzat eta, oro har, ikusle nahiz partaideentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.