Carlos Garciak eta Silvia Triguerosek irabazi dute lehen BUTS zirkuitua

Jon Erdaide eta Leire Martinez nagusitu dira Donostia-Bilbo proban. BUTSek jarraipena izatekotan, bi urtean behin egingo dute

Zirkuituko saridunen argazkia, Bilbon. BUTS.
Unai Ugartemendia.
2017ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Erregularrenak izan dira urte guztian. Sasoiari eta erregulartasunari eutsi diote otsailaren amaieran hasi eta urriaren lehen asteburura arte. BUTS Basque Ultratrail Series zirkuituko bi irabazleak dira Carlos Garcia Recondo irundarra eta Silvia Trigueros abadiñarra. Garcia Recondok zirkuituko lau probetatik bakarra irabazi du; Triguerosek, lautik hiru.

Zirkuituko azken proban, Donostia eta Bilbo artekoan, asteburu honetan, Jon Erdaide eta Leire Martinez bizkaitarrak izan ziren azkarrenak. Abantaila handiz helmugaratu ziren biak, eta agerian utzi zuten sasoi betean iritsi direla denboraldi amaierara. 18 ordu eta 53 minutu behar izan zituen Erdaidek ibilbideko 140 kilometroak osatzeko; Martinezek, berriz, 21 ordu eta 50 minutu.

1953. urtean, Sheve Peña mendizale tolosarrak Euskal Herriko lau hiriburuetako katedralak lotu zituen jarraian, mendiz mendi ibili eta gero. Haren omenez, 53 urte geroago, lau lasterketa jokatzea erabaki zuten, Fernando J. Perez kazetari eta mendizalearen gidaritzapean antolakuntza lanetan ibili den taldeak: Bilbo-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea, Iruñea-Donostia eta Donostia-Bilbo.

Denera, ia 500 kilometro egin behar izan dituzte lau lasterketetan parte hartu duten korrikalariek. 48k amaitu dituzte lau probak.

Fernando J. Perez antolatzailea pozik dago, jendearengandik jasotako iritziengatik eta laguntzagatik batez ere: «Antolakuntza aldetik eta logistika aldetik, izugarrizko erronka izan da zirkuitua antolatzea. Babesleen, laguntzaileen eta boluntarioen babesik gabe, ezinezkoa izango litzateke hau guztia aurrera ateratzea». Eskerrak eman dizkie, bereziki, hiriburuetako udalei eta erakundeei.

Izango al da bigarren Basque Ultratrail Series probarik? Perezek ez du ziurtatu. Hori bai, zehaztu duenez, argi daukate berriro egitekotan bi urtetik behin antolatutako dutela. «Euskal Herrian bestela ere ultra lasterketa batzuk badaude, eta ez genuke egutegia are gehiago kargatzerik nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.