Francisco Larrañagak Tolosan zuen erlojutegiaren dendaostean egosi zen dena. Patxi Txortxi bera buru zela —ezizen horrekin zen ezaguna Larrañaga—, mokadu bat janez tertulian aritzen zen askotan kuadrilla bat, denak gizonezkoak. Aldi haietako batean, Felipe Gorriti organo jotzaileak eta Eduardo Mokoroa haren dizipuluak —musikari aski ezagun eta handiak bi-biak—, Aralarren barna eginiko ibilaldiaz hasi ziren berriketan. Nola igo ziren Lekunberritik San Migelera, eta handik Uharte Arakilera jaitsi, hangoa baitzen Gorriti. Ahoa berotzen hasi zitzaien, egin behar zutela halako ibilaldi handi bat, baina Tolosatik bertatik abiatuta. Hala, asteen joanean, Tolosatik San Migelera joateko eta ondoren Igaratzatik eta Amezketatik barna Tolosara itzultzeko ibilbide posible bat marraztu zuten. Txangoaren neurriak beldurgarri samarrak ziren garairako: 70 kilometro eta 2.000 metroko desnibela, eta, kalkuluen arabera, 14 ordu inguruko ibilia. Baietz, ezetz, gai gaituk, ez gaituk, halako gizonkeria batetik abiatu zen dena.
Hainbat astetako prestakuntza lanen ondoren, 1925eko ekainaren 7rako finkatu zuten hitzordua. Larunbatean beteko dira ehun urte. Eguraldi iragarpenaren berri galdetu zioten Igeldoko Meteorologia Behatokiko Orkolaga jaunari, eta hark garbi ohartarazi zien: utzi bertan behera txangoa; ekaitz giroa dator. «Kasurik ez zioten egin, ordea. Tolosan oso zabalduta zegoen kontua, eta apusturik ez, baina zalantza handiak zeuden: hasteko, egin ote zitekeen halako ibilaldi luzerik, eta, bigarrenik, gai izango ote ziren 14 ordutan egiteko. Hala, goizeko 3:30ean elkartu ziren meza entzutera, eta 4:00etan abiatu ziren Gorritirantz», oroitu du Francisco Tudurik, lehen ibilaldi hartan parte hartu zuen Paco Tuduriren semeak. Hamalau mendizale hauek batu ziren: Francisco Larrañaga, Ramon Barrio, Joxe Albero, Paco Tuduri, Eduardo Laborde, Juan Jauregi, Anthon Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Diaz, Francisco Labaien, Ricardo Azaldegi, Manuel Laborde, Victor Arrillaga eta Simon Arrue.
«Apusturik ez, baina zalantza handiak zeuden: hasteko, egin ote zitekeen halako ibilaldi luzerik, eta, bigarrenik, gai izango ote ziren 14 ordutan egiteko»
FRANCISCO TUDURIAralarko Adiskideetako kidea
Gauez igaro ziren Gaztelutik. Kukuaren kantu ozenak baino ez zuen urratzen isiltasuna. Lokaztuta eta zopa eginda heldu ziren Gorritira. Han, ehiztarientzako ostatu batean gosaria prestatzen zieten bitartean, sukaldeko suan lehortu zituzten arropak. Goizeko 9:00ak pasatxo zirenean igaro ziren Azpiroztik. Aitona batek, harriturik, ea mendira jo zuen karlista saldo bat ote ziren galdetu zien, serio demonio. «Inondik ere gazte denboran Santa Cruz apaizaren partidan parte hartutakoa izango zen», idatzi zuen gerora Labaienek.
«Ibilaldia abentura harrigarri bat zen garai hartan. Ez zekiten osatzeko gai izango ote ziren. Bazkalordurako heldu ziren San Migeleko santutegira. Ekaitzak bete-betean harrapatu zituen azken zatian, eta blai eginda heldu ziren. Han ere mahaian eseri eta bapo bazkaldu zuten», oroitu du Xabier Agirrek, 14 Ordutako Ibilaldiari buruz egunotan ikusgai izan den erakusketaren komisarioak. Joxe Alberok, lehen martxa hartako gazteenak, «kafe, kopa eta puru, legeak agintzen duen moduko bazkaria» izan zela jakinarazi zion Euskaldunon Egunkariari duela 25 urte egindako elkarrizketan. San Migeleko otordu hartan, «Iruñeko emakume mendizale batzuekin berriketa alaian aritu ziren 14 mendizaleak, eta une batez zalantzan ere egon ziren, haiekin Uharte Arakilera jaitsi ala ez, baina zeruan ostarte batzuk zabaldu eta abiatzea erabaki zuten, 16:00ak aldera», azaldu du Tudurik.
Ekaitza lehertu zitzaien berriro ere Igaratzara bidean. Arratsaldeko 18:00ak aurretxoan igaro ziren mikeleteen antzinako postutik; artean ez zegoen aterperik Igaratzan. Ekaitz atergabea zela-eta urez nahiko aseta ordurako, Igaratzako iturriko ur freskoaren ordez zahatoko ardo gorria hobetsi zutela dio Labaienen kronikak. Amezketara iristear, asto gainean beren mendiko bordetara zihoazen artzainekin gurutzatu ziren, eta 20:13an sartu ziren Fernando Amezketarraren herrian. Han ere ahamen oparoa eginda, 21:30ak pasatxoan abiatu ziren Tolosarantz. Eta gaua ondo sartuta, 23:40an heldu ziren Beotibar frontoiaren parera. Jende mordoxka elkartu zen «heroi adoretsu» haien zain, Labaienek bere kronikan idatzi zuenez.

Hurrengo urtean, 1926an, berriro egin zuten 14 orduko martxa beste hamalau lagunek. Aurreko urtekoetatik lauk baino ez zuten errepikatu. «Antza, haien zangoen memoriak atzera eginarazi zien besteei. Hala ere, haietako batzuk San Migelera igo ziren hainbat puntutatik, eta han elkartu ziren besteekin, bazkaltzeko», jakinarazi du Tudurik.
Gerra osteko urte latzen ondoren mendizaletasuna berriro suspertzen hasi zenean, han eta hemen iraupen luzeko martxak antolatzen hasi ziren, eta, halaxe, Aralarko Adiskideak elkarteak ere 14 Orduko Lehen Ibilaldi Neurtua antolatu zuen 1943an, 1925eko lehen txango hartako ibilbide berari jarraituz, nola ez. Beraz, hamalau lagun haiek duela mende bat eginiko ibilia izan zen, nolabait, iraupen luzeko ibilaldi neurtuen aitzindaria.
«Aranaren pare bat argazki badira 1943ko martxakoak, eta garbi samar ikusten da ez zirela debekua zorrotz betetzen saiatu; areago, konplizitate dezente ere izan zela harekiko»
XABIER AGIRRE'14 Orduko Ibilaldia' erakusketaren komisarioa
1943ko ibilaldi hartan, hiru lagunez osatutako 37 talde atera ziren, ehun lagunetik gora. «Lehia kutsukoa izan zen martxa hura; mendizaleak dortsalarekin atera ziren, baina irabazteko egin beharrekoa ez zen lehena iristea edo azkarrena izatea, batez besteko denborara gehien hurbiltzea baizik», azaldu dute Tudurik eta Agirrek. Horretarako, gutxieneko denbora tarte bat —13 ordu eta erdi— eta gehieneko bat —15 ordu eta erdi— ezarri zituzten, eta denbora horiek aintzat hartuta, formula matematikoen bidez, Jesus eta Periko Elosegi anaiek batez besteko denbora sekretu bat zehaztu zuten aldez aurretik. «Hala, denbora horretara gehien hurbiltzen ziren taldeak izaten ziren garaile».
Emakumeentzat debekatua
1943ko lehen ibilaldi neurtu hartarako araudi bat ere egin zuten. Honela zion bigarren oinarriak: probaren gogortasuna dela eta, emakumeek eta 20 urtetik beherakoek debekatua dute parte hartzea. «Garaiko pentsaera baten isla da araudia. Arau horiek Espainiako federazioak onartu behar zituen, eta nik uste hortik etorri zela debekua», azaldu du Tudurik. Alabaina, Maritxu Arana tolosarrak, arau eta debeku guztien gainetik, lehen martxa neurtu hartan parte hartzea erabaki zuen, Donostiako Hamaikak Bat taldeko kide gisa. «Ez daukagu inolako lekukotzarik, baina Aranaren pare bat argazki badira martxa hartakoak, eta irudietan garbi samar ikusten da ez zirela debekua zorrotz betetzen saiatu, ezta gutxiago ere; areago, konplizitate dezente ere izan zela harekiko, Berazubi estadioan Aralarko Adiskideetako presidenteak ohore guztiekin egin baitzion harrera», jakinarazi dute Tudurik eta Agirrek.

Lehen ibilaldi neurtu hura egin zenean, Pepi Gorostidik (Tolosa, 1939) hamalau urte baino ez zituen, eta ezin izan zuen parte hartu, baina hurrengoan, 1967koan, bai. Pantxo Labaien 1925eko aitzindarietako baten oroimenezkoa izan zen laugarren hura, urte hartan hil baitzen Labaien. 1967ko hartan, 244 mendizale atera ziren, emakumeak zazpi. Gorostidi haietako bat. «Niri betidanik gustatu izan zait mendia, eta 19 urte nituenean asko ibiltzen ziren beste batzuekin ateratzen hasi nintzen. Altua eta hanka luzea izan naiz beti, eta gorputzak, egia esan, laguntzen zidan. Harrotasunak ere bai. Zortzi-hamar mutilekin joaten nintzen, eta ez nuen nahi izaten niregatik atzean geratzerik. Inoiz entzun izan nuen, ‘aizue, neska batekin goazela, joan gaitezen lasaiago’, eta nik esaten nien, ‘ez, ez, ez, zuek segi zuen martxan, nik segituko dizuet eta’. Beraz, 1967ko 14 Orduko Ibilaldian ateratzea pentsatu genuenerako, aurreko urteetan, geure kabuz, egina genuen behin baino gehiagotan, gure motxilarekin eta janariarekin».
«Inoiz entzun izan nuen, ‘aizue, neska batekin goazela, joan gaitezen lasaiago’, eta nik esaten nien, ‘ez, ez, ez, zuek segi zuen martxan, nik segituko dizuet eta’»
PEPI GOROSTIDIMendizalea
Emakumeek prakekin ibiltzea debekatuta zuten orduan, baina Gorostidik, sarritan, prakak azpitik zituela, gona janzten zuen gainetik, eta gero mendian erantzi. «Alde ederreko eroso ibiltzen ginen». Pauso azkarrean ibiltzera ohituta, 1967ko martxa hartan geldiarazi egin behar izan zituzten pare bat aldiz. «Gogoratzen naiz Gorritiko kontrolera iritsi eta Periko Elosegik nola esan zigun azkarregi gindoazela, eta zigilua jartzeko itxaronarazi egin zigun. Eta Amezketan ere berdin. Ez gindoazen korrika, baina bizi samar ibiltzen ginen oinez. Oso oroitzapen politak dauzkat martxa hartaz», ekarri du gogora Gorostidik.

Hiruko taldea Javier Alkorta senarrarekin eta Jose Antonio anaia gaztearekin osatu zuen Gorostidik, eta Berazubira ere haiekin sartu zen. «Gogoan dut Aralarko Adiskideak elkarteko buruak, Tudurik, nola esan zidan txantxetan: zuk ez daukazu meriturik, umerik gabe zoaz eta; non utzi duzu alaba? Izan ere, alaba zaharrenak hiru urte zituen ordurako, eta beti hura bizkarrean hartuta ibiltzen nintzen mendian, eta horregatik esan zidan Tudurik hori, txantxetan, noski».
1925eko, 1926ko, 1943ko eta 1967ko lau martxa haien ondoren, 1972. urtetik aurrera, Montrealgo Olinpiar Jokoetatik aurrera, 14 Orduko Ibilaldia urte olinpikoekin bat etorriz hasi ziren antolatzen Aralarko Adiskideak. «Orduan hasi zen ibilaldiaren aro modernoa, nolabait», Agirreren esanetan. Urteen joanean, ibilaldiaren arrakasta handitzen joan da, eta izan dira 3.000 mendizale atera izan diren urteak. Joan den urtean 1.583 atera ziren, horietatik heren bat (506), emakumeak. Maritxu Arana erdi ezkutuan atera zen garai haietatik, beraz, egin da bide pixka bat. Gaur egun 14 Orduetako Ibilaldia ez da jada abentura bat, baina erronka handia da oraindik ere, eta «mendiko festa ederra», Agirre, Tuduri eta Gorostidiren esanetan.
HITZALDIA ETA PROIEKZIOA, BIHAR
- Osteguna, ekainak 5. Bihar,
19:00etan, Tolosako Topicen,
'14 Orduen mendeurrenean' hitzaldi-proiekzioa emango du Francisco Tudurik, martxaren jatorriari eta bilakaerari buruz. Azalpenekin batera, hainbat argazki eta dokumentu erakutsiko ditu.
Ondoren, Pablo Dendaluzek (Tolosako Kaxoia) ibilaldiari buruz eginiko bideo bat emango du.