Ehun urtez mendizaleen ahotsa eta memoria

Mendea bete du 'Pyrenaica' aldizkariak, eta euskal mendizaletasunaren bozeramaile, historiaren gordailu eta topagune da, 1.400 lagun inguruk musu truk egindako lan eskergari esker. Aldizkariaz gain, bestelako lan sendoak ere eman ditu argitara.

Cesar Llaguno marrazkilariak 'Pyrenaica'-ren mendeurreneko zenbakiaren azalerako eginiko ilustrazioa
Cesar Llaguno marrazkilariak 'Pyrenaica'-ren mendeurreneko zenbakiaren azalerako eginiko ilustrazioa. CESAR LLAGUNO NOVALES
ramon olasagasti
2026ko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahotsa. «Umil, umil, gure mendiko barne bizipenak jasotzera dator Pyrenaica. Mendiaren inguruan dugun debozioaren erlikia ontzia izango da. (....) Urteak igarota, Pyrenaica-ko bildumari erreparatzen diogunean, oroitzapen gozoak etorriko zaizkigu, mendian igarotako egun zoriontsu eta bizien akorduak. Literatura arrandiarik gabe, gure ohiturak bezain soil, guztion artean idatziko dugun memoria kolektiboa izango da Pyrenaica». Hala dio 1926an argitaratutako lehen zenbakiaren editorialak. Elgetan Euskal Herriko Mendizale Federazioa jaio eta bi urtera sortu zen euskal mendizaletasunari ahotsa emango zion agerkaria, oraintxe 100 urte. Mende bat geroago, mugarri bat ageri da mendeurreneko aldizkariaren azaleko marrazkian, eta berriro ere memoria kolektibo horren aldarria, tituluan: «Guztiona, guztiontzat».

Lehen zenbaki hartan, besteak beste, Manu Sota EAJko buruzagi eta kultura sustatzaileak eta Angel Sopeña alpinista historikoak artikulu bana idatzi zuten. Urriellu Haitzeko eskaladari buruz idatzi zuen Sopeñak lehen ale hartan. Aurrez, Frailea haitza eskalatua zuen Sopeñak, Euskal Herriko lehen eskalada. Sotak, berriz, Pyrenaica-ren zuzendari kargua hartu zuen 1928tik 1930era, garai ezpaltsuan, indarrean baitzen Primo de Riveraren diktadura. 1930ean, bost urteko etena etorri zen, 1935ean bi zenbaki argitaratu zituzten, eta 1936an bakarra. Ondotik, Espainiako Gerrak zauri mingarri bat sortu zuen, baita euskal mendizaletasunaren eta Pyrenaica-ren historian ere.

Biziraupen hutseko urte horien ondotik, mendizaleak berriro ere taldeetan elkartzen eta mendira joaten hastearekin bat, errautsetatik berpiztu zen Pyrenaica. Angel Sopeña bera, zeina erregimenaren ildo ofizialera lerratua baitzegoen, eta Patxi Ripa eta Jose Maria Peciña izan ziren gar hura hauspotu zutenetako batzuk. Zentsuraren oztopoak gainditu eta baimena lortu arren, Espainiako Mendi Federazioaren Euskal Herriko «buletin erregionala» izan zen Pyrenaica garai hartan.

1953ko uztailean, Peciñaren garra itzali zen, Mont Blancen lau euskal mendizaleren heriotza eragin zuen istripu lazgarri hartan. Jose Uriak hartu zuen Peciñaren lekukoa, eta hark gidatu zuen aldizkaria 1953tik 1967ra. Urte hartan lehertu zen, Peruko Andeetako euskal espediziotik bueltan, ikurrinaren iskanbila. Espediziokideetako eta federazioko buruetako batzuk atxilotu egin zituzten Andeetako hainbat gailurretan ikurrina haizatzeagatik, eta EMFren zuzendaritzak, Pedrotxo Otegi buru zela, dimisioa eman zuen. Gertakariak Pyrenaica-ren jarduna eten zuen beste bost urtez.

«Ikaragarrizko lana egin zuen Antxon Iturrizak euskal mendizaletasunaren historia hiru liburutan jasotzen. Ez dakit inoiz behar bezala eskertuko ote diogun»

ANTONIO ORTEGA 'Pyrenaica'-ren zuzendaria 35 urtez

Casimiro Bengoetxea buru zela, 1972an hasi zen gaur arteko etapa jarraitua. Aldizkariaren mende osoko ibilbidean, Antonio Ortega (Bilbo, 1954) izan da gidaritzan urte gehien egin dituena, 35 urte luze (1980-2015). Bera zuzendari zela argitaratu dira gaur arteko zenbakien erdiak baino gehiago (%57). «Zuri-beltzetik kolorerako trantsizioa egokitu zitzaidan –nire aurrekoak, Jesus Polok, abiatu zuen prozesua–, baita aldizkariaren ekonomia oneratzea ere. 1981eko laugarren zenbakia ordaintzeko dirurik ez genuen, eta 2014ko amaieran, 113.472,81 euroko aldeko saldoarekin utzi nuen», oroitu du Ortegak.

1982an hasi ziren Pyrenaica informatizatzen. Garai hartako 600.000 pezeta –3.600 euro inguru– ordaindu zuten lehen MZ-803 ordenagailu trauskil hura. Harekin heldu ziren mendiko artikulu eta argazkien lehiaketak. «Auzolan erabatekoa zen aldizkaria. Aleak zorroetan sartzeko, adibidez, kuadrillako lagunei deitu behar izaten genien», ekarri du gogora Ortegak. Alpinista entzutetsuen doako kolaborazioak ere orduan hasi ziren jasotzen: Kurt Diemberger, Kart Herligkoffer, Renato eta Goretta Casarotto, Chris Bonington, Jeronimo Lopez, Conrad Blanch eta Reinhold Messner bera ageri dira garai hartako sinadura distiratsuen artean.

Pyrenaica aldizkariko erredakzio taldearen bilera
Erredakzio taldearen bilera, 2009an, Chris Bonington alpinista britainiar ezaguna tartean dela. ANTONIO ORTEGAK UTZITAKOA

Bestelako argitalpenak ere bultzatu ditu Pyrenaica-k urteotan guztiotan, hala nola Luis Alejosen Pirinioetako ibilbideen koadernoak, Kepa Lizarragaren osasun gomendioen inguruko lanak, Patxi Galeren Euskal Herriko gailurren katalogoa eta abar. EMFren 75. urteurrenaren ondoren, berriz, Antxon Iturrizak euskal mendizaletasunaren historia biltzeko lan eskergari heldu zion, eta Pyrenaica-k hiru liburuki mamitsutan eman zuen argitara 2000ko hamarkadaren hasieran. «Ikaragarrizko lana egin zuen Antxonek. Ez dakit inoiz behar bezala eskertuko ote diogun. Uste dut Pyrenaica-ren ibilbide osoan erredakzioko lantalde onena izateko zoria izan nuela», nabarmendu du Ortegak. Bere zuzendaritzaren azken urteetan, Pyrenaica-ren zenbaki guztiak digitalizatu zituzten –www.pyrenaica.com webgunean kontsulta daitezke–, eta sare sozialen bideari ere heldu zioten.

Euskaraz, %9,4 baino ez

Pyrenaica-ren mende beteko ibilbidean, ordea, bada hutsunerik ere. Euskararena, nabarmenenetako bat, non-eta tradizioz oso euskalduna izan den ingurune batean. Jakina, 1980ko hamarkadara arteko Espainiako jokaleku politikoak ere eragina izan zuen horretan. Mikel Arrizabalaga (Donostia-Eibar, 1957) hamabost urtez izan zen Pyrenaica-ko erredakzioko kide, eta aurrez eta ondoren kolaboratzaile beste hainbat urtez. Eta urte hauetan guztietan aldizkarian euskarari dagokion lekua ematea izan da Arriazabalagaren eta beste hainbaten ekina.

Orriz orri eta zorrotz aztertu ditu Arrizabalagak 100 urteotako aleak, eta datu argigarri hau atera du: guztira 427 artikulu izan dira euskaraz, argitaratutako guztien %9,4; zehatz-mehatz, Pyrenaica-n orain artean argitaratutako 20.594 orrialdetatik 1.939 izan dira euskaraz. «Azken hiru hamarkadetan bikoiztu egin da euskararen erabilera Pyrenaica-n, baina, bistan denez, oraindik ere bide luzea daukagu egiteko», adierazi du Arrizabalagak. Hain zuzen, BERRIAren bi kolaboratzaile dira euskaraz artikulu gehien idatzi dituztenak: Arriazabalaga bera (44) eta Ioritz Gonzalez Lertxundi (24).

ALLEKO MENDIA
Mikel Arrizabalaga, Alleko mendian. M. ARRIZABALAGAK UTZITAKOA

Luisa Alonso Cires (Buyezo, Kantabria, 1955) 2009an hasi zen Pyrenaica-rako artikuluak idazten. «2009an, Luis Alejosek editorial bat idatzi zuen emakumezkoen parte hartzea eskatuz, eta, justu urte hartan Tatras mendigunean ibili ginenez, zerbait idaztera animatu nintzen. Artikulu haren harira, emakumeen artikuluak biltzea proposatu zidaten». Horrela sortu zuen Alonsok berak Pyrenaica-ko emakumeen bloga. «Hor ikusi nuen emakume asko ari zirela jarduera interesgarriak egiten, eta ondo moldatzen zirela idazten ere. Emakumeen kezkez eta zailtasunez hausnartzea, eta mendizaletasunaren eremu guztietan emakumeon parte hartzea zabaltzea izan zen blogaren ahalegina».

Pyrenaica-ren blog horretan hainbat emakume aritu ziren: Itziar Lazurtegi Mateos, Esti Kerexeta Fernandez, Ana Ruiz Perez, Miren Garmendia Etxenike, Miren Muñoz Trigo, Lorena Arrastua Barbado, Izaskun Estibariz Astarloa, Eider Elizegi Telletxea, Matilde Sanz Rebato, Esther Merino Ruano, Mariu Eguskiza Arroyo, Patricia Viscarret Goñi, Luisa Alonso Cires bera...

«Blogarekin hasi nintzenean, ikusi nuen emakume asko ari zirela jarduera interesgarriak egiten, eta ondo moldatzen zirela idazten ere. Emakumeen kezkez eta zailtasunez hausnartzea, eta emakumeon parte hartzea zabaltzea izan zen blogaren ahalegina»

LUISA ALONSO CIRES 'Pyrenaica'-ren zuzendari izandakoa

2014an, berriz, Antonio Ortegaren lekukoa hartu zuen Alonsok aldizkariaren zuzendaritzan. Lehen emakumezkoa izan zen, eta, oraingoz, bakarra. «Betiko oinarriei eutsita, aldizkaria 2015eko testuingurura egokitzea izan zen nire lana: euskarari eta ingurumeneko gaiei leku nabarmenagoa ematea, adibidez. Aldizkariaren itxura aldatu genuen, maketazioa Suaren esku utzi genuen, bidalketarako plastiko biodegradagarriak erabiltzen hasi ginen...».

1.400 lagunek musu truk egindako lan isila

BERRIAren mendiko kanaleko beste kolaboratzaile batek, Xabi Mujika Smithy-k, hala idatzi du bere sare sozialetan, Pyrenaica-ren mendeurreneko alea etxean jaso berritan: «Baliteke pertsona baten lan isilak isiltasuna ez haustea, baina milaka pertsonaren lan isila gehitzean sortzen den oihartzunak ehun urte iraun dezake». Gaur egun aldizkariaren erredakzio lantaldeko kidea da Mujika, eta ehun urteotan aldizkarian musu truk lanean jardun duten ehunka lagunen lana eta eskuzabaltasunaren adierazlea da haren esaldia. Ehun urteotan, «1.400 lagunek baino gehiagok kolaboratu dute aldizkariaren orrialdeak hezurmamituz; artikuluak eta argazkiak eginez», nabarmendu du Paulo Etxeberria gaur egungo zuzendariak azken zenbakiaren editorialean.

Luisa Alonso Cires mendizalea, Pyrenaica aldizkariaren zuzendari izandakoa
Luisa Alonso Cires mendizalea, 'Pyrenaica' aldizkariaren zuzendari izandakoa

Luisa Alonso Ciresen ustez, boluntariotza horri eustea da aldizkariaren erronka nagusia. «Uste dut 1926an aldizkaria sortu zutenen ideia oso gaur egungoa dela, baina funtsezkoa da jende gaztea sartzea, ezinbestekoa da emakume gehiago biltzea lantaldeetara, zuzendaritzetara, auzolan horri eustea, gaur egun euskal mendizaletasunean egon daitezkeen kezka horiei erantzutea... Funtsezkoa da hori, eta ez Pyrenaica-n bakarrik; mendi talde, federazio eta lantalde guztietan baizik».

«Paperak ―'Pyrenaica'-k― badu etorkizuna; ikuspegi digital soilak ezingo du inoiz auzolanean eta konpromisoan oinarritutako lan molde bat erabat ordezkatu, are gutxiago oraindik balio horiek bizirik mantentzeko lantalde bat badago»

MIKEL ARRIZABALAGA Erredakzio taldeko kide izandakoa eta kolaboratzailea

Etorkizunari begira, datozen 100 urteak miran, elkarlanerako deia ere egin du Alonsok: «Mendirako zaletasun handia dugu, mendizaletasunari loturik oso historia garrantzitsua dugu, baina gure lurraldea txikia da, eta ez gara asko. Hori dela eta, mendiko kulturaren eta mendizaletasunaren alde ari garenon artean lankidetzan jardun behar dugu: Pyrenaica-k, federazioek, mendi taldeek, Mendi Film-ek, EMMOA Fundazioak, Suak...».

Mikel Arrizabalaga, «baikor» agertu da Pyrenaica-ren etorkizunari begira, betiere 100 urte hauetan ezaugarritu duen lan filosofiari eusten badio. «Gainerakoan, akabera izango da. Nire uste apalean, paperak ―Pyrenaica-k― badu etorkizuna; ikuspegi digital soilak ezingo du inoiz auzolanean eta konpromisoan oinarritutako lan molde bat erabat ordezkatu, are gutxiago oraindik balio horiek bizirik mantentzeko lantalde bat badago». Oinarri sendo bat alegia, eskuzabala, beste ehun urtez euskal mendizaletasunaren memoria kolektiboa guztion artean idazten jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA