Ivan Ruiz

Bejondeigula, mendizaleok!

2026ko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hiletik behin bezala, irrikaz egon naiz azken egunotan postontziari begira, azken Pyrenaica noiz iritsiko. Oraindik ere, federatu berri nintzenean bezala, emozioz jasotzen dut aldizkaria, beste abentura baterako ideiak aurkitzeko, edota gure mendizaleen nondik norakoak ezagutzeko. Baina hilabete honetakoa ez da ale arrunta: Pyrenaica-k 100 urte bete berri ditu, eta aldizkariari berari eskainitako monografikoa da. Bejondeigula! Zorioneko gara euskal mendizaleak.

1926. urteko ekainean argitaratu zen lehenengo zenbakiaren editorialak argi zioen: «Pyrenaica, gure ohiturak bezain sinplea, denon artean idatziko dugun memoria kolektiboa izango da». Eta hala, euskal mendizaletasunaren azken 100 urteetako historia bertan biltzea lortu da; nondik gatozen eta gure balioak hasieratik zeintzuk diren jakitea ahalbidetu digu horrek. Askorentzat, Pyrenaica, «eskola liburu» baten modukoa izan da, mendia nola bizi eta nola zaindu erakutsi diguna. Are gehiago esango nuke: ezberdinen arteko elkargunea dela Pyrenaica; bertan, mendia eta bizitza bera modu ezberdinean bizi dutenek bat egiten baitute, Euskal Mendizale Federazioaren lotailu bihurtuz.

Aldizkariak, ordea, ez du beti bide erraza izan. Erredakzio taldean 11 urte aritu izanak ikuspegi zabala eskaini dit, eta zerbait argi badaukat, zera da: euskal mendizaleon maitasunari eta hainbat boluntariok egindako lanari esker dirauela bizirik aldizkariak. Denon artean egiten dugu aldizkaria, eta indibidualismoa nagusi den garai hauetan, eskerrak eman beharko genizkieke aldizkaria sortzen denbora ematen duten guztiei: artikulugile, erredakzioko kide, laguntzaile, zuzendari eta beste guztiei.

Neurrigabeko altxorra dugu Pyrenaica, euskal mendizaletasunaren ispilu. Beste ehun urtez zaindu dezagun, datozen belaunaldiek ere beren historia idatzita utzi ahal izan dezaten.

Zorionak, mendizaleak! Zorionak, Pyrenaica!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA