Ehunmiliak, Galarleiz... trail antolatzaileen neke eta ezinak

Mendi lasterketen aparraldi betean, Ehunmiliak probak etenaldi bat izango du, urteetako higaduraren eraginez batik bat. Aurrez, Galarleiz maratoiak ere agur esan behar izan zuen. Antolatzaileen poz, neke eta ezinez aritu dira bi proba horien arduradunak.

2025eko Ehunmiliak probaren abiatzea
2025eko Ehunmiliak probaren abiatzea, Beasaingo kaleetan. GORKA RUBIO / FOKU
Unai Ugartemendia - Ramon Olasagasti
2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehunmiliak probaren antolatzaileek etena egitea erabaki dute berriki. Lan ikaragarria dago horrelako trailen atzean: aurrekontu gero eta sendoagoak osatzea, boluntario talde handiak koordinatzea, baimenak lortu eta kudeatzea, hornidura guneetarako osagaiak eskuratzea, izen emateak kudeatzea, komunikazioa zaintzea, ibilbideak seinaleztatzea... Asko dira lanak, baita lotu beharreko xehetasunak ere. Mendiko trail handien antolakuntzan egitura profesionalak ari dira jada, baina gutxiengoa dira. Gehien-gehienetan, jendea musu truk ari da, eta urteak joan, urteak etorri, hobekien olioztatutako makina ere kirrinka egiten hasten da batzuetan. Ehunmilien antolatzaileek ez dute jakinarazi etena zenbatekoa izango den, baina argi adierazi dute hemezortzi urte hauetan «pilatutako nekea» izan dela geldialdia egiteko arrazoi nagusia.

Beste trail batzuk ere geratu izan dira bertan behera. Ezagunenak, agian, Azkaineko (Lapurdi) Skyrhune eta Galarleiz mendi maratoia, Ordunteko mendietan egiten zen proba historikoa. Huraxe izan zen Euskal Herriko lehen mendi maratoia, eta 22 ekitaldiren ondoren geratu zen bertan behera, 2016an, Bizkaiko Aldundiak ezarritako mugen eraginez.

Azkaineko Skyrhune probak, berriz, hamar urte iraun zuen, 2014tik 2024ra, baina sortzetiko printzipioei uko ez egiteagatik, agur esatea erabaki zuen iaz. «Ez dugu parte hartu nahi egungo sisteman. Gaur egun, dirua oso presente dago, eta, aurrera jarraitzeko, amore eman behar genuen hainbat kontutan. Besteak beste, dortsalaren prezioa bi edo hiru halakotu egin behar genuen, eta ez genuen halakorik egin nahi», jakinarazi zuten agurreko oharrean.

Gutxiago edo gehiago, neke, ezin, muga, buruhauste eta kezka bertsuak dituzte trail antolatzaile gehienek. Horiei guztiei buruz mintzatu dira Ehunmiliak eta Galarleiz probetako zuzendariak. Skyrhuneko arduradunak, berriz, nahiago izan du, esan beharrekoak esanda daudela eta, besterik ez gehitu.

Ehunmiliak

Nekearen ondoriozko higadura

Andoni Zubeldia (Beasain, 1979) izan da Ehunmiliak lasterketaren zuzendaria azken bi urteotan. Zubeldiak azaldu du «aurten» hartu dutela lasterketa bertan behera uzteko erabakia, hamalau ekitaldiren ondoren, eta «zaila eta hausnartua» izan dela. «Guztira hemezortzi urte joan dira proiektua martxan jarri genuenetik, eta urtez urte jardun gara beti. Proiektu sendoa izan arren, iraileko batzarretan erabakitzen genuen jarraitu edo ez, babesleekin, boluntarioekin eta gertuko jendearekin bildu eta gero. Azken bi urteetan, neke handia nabaritzen hasiak ginen jada».

Ehunmiliak egiteko herri, elkarte eta boluntario sare oso zabal baten laguntza eskerga behar da, batez ere probaren egunean, baina aurrez, sukalde lanean, astero-astero zazpi bat lagun elkartu izan dira aspaldiko urteotan. Lantalde horretan, Mikel Valdibielso izan da arduradun nagusia eta «lidergoa eraman duena», Zubeldiaren esanetan. «Mikel aspalditik zebilen bigarren lerrora pasatu nahi zuela esaten, erreleboa eskatzen. Kontua zen guk ez genuela geure burua horretan ikusten».

Andoni Zubeldia Ehunmilak probaren zuzendaria
Andoni Zubeldia Ehunmiliak probaren gaur egungo zuzendaria. GORKA RUBIO / FOKU

Zubeldiak jakinarazi du ez direla saiatu erreleboa bilatzen. «Hasierako urteetan, urtero eskatzen genuen laguntza antolaketa lanetarako, baina erantzun eskasa izaten zen beti. Orain, aldiz, ez dugu deialdirik egin inor batzeko. Erabakia argia izan da: gaur egungo antolakuntzak ez du jarraituko. Egin genezakeen deialdi bat, baina egoera atzera-bueltarik gabekoa zen. Urte hauetan guztietan pilatutako nekea izan da uzteko arrazoi nagusia. Bestalde, hasi ginenetik, familia kontuak tarteko, bizitza asko aldatu zaigu, eta gero eta zailagoa egiten zitzaigun elkartzea».

Aurrekontu aldetik, handituz joan da Ehunmiliak, eta urteren batean 280.000 euroko aurrekontua ere izan dute. Zubeldiak azaldu du proba «bideragarria» dela, baina lan asko egin beharra dagoela. «Adibidez, iraileko igande guztietan Zelatunera igo izan gara arropa saltzera. Guretzat askoz errazagoa litzateke korrikalari bakoitzari 10 edo 20 euro gehiago kobratzea, baina hori ez zetorren bat gure filosofiarekin. Eztabaida hori beti izan dugu mahai gainean, baina ez genuen horrelako irtenbideetara jo nahi. Nahiago izan dugu guk geuk lan egin».

Azaldu du «beti larri» ibili izan direla aurrekontua osatzeko, gastuak oso handiak direlako, eta apustuak ere egin dituztelako: adibidez, pantaila erraldoi batean zuzeneko irudiak ematea… «Oraindik ere bide asko ireki daitezke trailen munduan, baina, horretarako, dirua behar da. Korrikalarien alde egitea izan da gure apustua, batez ere: prezioei bere hartan eustea, zerbitzuak hobetzea, ikusleentzako autobusak jartzea, bezperako bazkaria, anoa gune guztiak estaliak izatea, osasun zerbitzuak edukitzea, GPS lokalizazioa…». Eta, hala, korrikalariek adierazi izan diete esker onik handiena.

«Guk zaintza intentsiboetako unitatean utzi dugu. Inor etorri eta lasterketa aurrera ateratzeko gai bada, dena eskura izango du. Gu ez egoteak ez du esan nahi hau desagertu denik»

ANDONI ZUBELDIA Ehunmiliak probaren zuzendaria

Beasaingo Udala izan da Ehunmilien babesle nagusia, eta Zubeldiak onartu du «ezustean» hartu dutela erabakia. «Ez zuten ulertzen erabaki hori hartu izana azken urtean dena borobil aterata ere. Izan ere, herrian jende gehien mugiarazten duen kirol ekitaldia da. Hala ere, diruarekin ez genukeen konponduko oraingo egoera. Hori bai, erreleboa etorriko balitz, gaur egungo antolakuntza batzordeko kideak prest egongo ginateke laguntzeko».

Lantalde horretako kideek argi adierazi dute «lasterketa larri» dagoela, baina ez hilda. «Guk zaintza intentsiboetako unitatean utzi dugu. Inor etorri eta lasterketa aurrera ateratzeko gai bada, dena eskura izango du. Gu ez egoteak ez du esan nahi hau desagertu denik. Bateren bat gogotsu etorriko balitz, gu prest geundeke laguntzeko. Hasi ginenean, gauzak askoz ere zailagoak ziren. Gaur egun, ordea, dena bideratuago dago. Ederra da, adibidez, izen emateak ireki eta minutu batzuen buruan dena beteta dagoela ikustea, eta babesleek ere hor jarraitzen dutela sentitzea».

Galarleiz

Proba aitzindariaren irakasgaiak

Galarleiz mendi maratoia izan zen Euskal Herriko trailen artean aitzindaria. Aurreko mendean egin zen lasterketaren lehen aldia, 1995ean, eta 2016an azkena, 22.a. Horregatik dago aditza iraganean. Pedro Galarza (Zalla, Bizkaia, 1956) izan zen probaren sortzailea eta arima. «1988an eta 1989an New Yorkeko maratoia korritu nuen, eta han, korrikalarien azokan, Davosko (Suitza) mendi lasterketa baten iragarkia ikusi nuen. Neure artean pentsatu nuen guk Ordunteko mendietan bagenuela horrelako maratoi bat egiteko moduko ibilbidea. Azkenik, lesio bat tarteko, 1995ean animatu nintzen antolatzera». Luis Fernando Leizea lehengusuaren eta bien artean prestatu zuten aurreneko hura. Hortik Galarleiz, bien abizenen uztarketatik.

Galarleiz mendi maratoia Ordunteko mendietan
Galarleiz mendi maratoiko partaideak Ordunteko mendietan. GALARLEIZ

Enkarterrin daude Ordunteko mendiak, Burgosen eta Bizkaiaren arteko mugan. Euskal Herriko mendebaldean, tontor maitatuak dira lerro horretakoak: Zalama, Baljerri, Maza de Pando, Kolitza... Agertoki paregabea maratoi baterako. Otsoak nola –animalia hori zen probaren sinboloa– ,Burgostik Bizkairako bidea egiten zuten korrikalariek, Burgosko San Pelayo herrian abiatu eta Zallako Otxaran auzoan bukatu. Aurreneko urtetik, aukera eman zuten ibilbidea oinez, korrika eta mendiko bizikletan egiteko, eta ordu hartan jada seiehun partaidek eman zuten izena.

Hasierak, ordea, ez ziren errazak izan. «Baimenen kontua bideratzeko, Bizkaiko Mendi Federaziora jo nuen, eta ezetz esan zidaten, mendia ez zela korrika egiteko, oinez ibiltzeko baizik. Pentsa nola aldatu diren gauzak. Gerora, trailaren munduan izan zen boomak eraginda, sekulako goraldia etorri zen, eta hainbat urtetan 2.500 partaide inguru ere izan genituen», oroitu du Galarzak.

Galarza zen probako sukalde burua, eta patatak zuritzen zituena, eta ondoren platerak garbitzen zituena. «Bai, nik nuen ardura nagusia, baina jendeak asko lagundu zidan hasiera-hasieratik. Antolaketa lan guztietan, oinarri nagusietako bat boluntarioak dira, eta jende hori zaindu eta mimatu egin behar da». Adibidez, igandeko probaren atarian, ostiralean, afaria egiten zuten Galarleizeko boluntario guztiek, ardurak eta lanak banatzeko, eta, ondoren, urrian, bazkari bat. «Eta ia guztiak elkartzen ginen otordu horretan. Hasierako alditik azkenekora, ia jende bera aritu ginen beti, hutsik egin gabe. Hori zen hobekien gastatutako dirua. Bazkari horretan, sariak banatzen genituen, anoa gune onenarena eta abar. Motibazio horri eustea, boluntarioak partaide sentiaraztea, familia moduko bat osatzea... Hori guztia funtsezkoa da kirol probak antolatzeko orduan».

Pedro Galarza Galarleiz mendi maratoiaren zuzendaria
Pedro Galarza, Galarleiz maratoiaren zuzendaria. 

Korrikalariak ere asko zaintzen zituztela nabarmendu du Galarzak: «Poltsa ona banatzen genuen, eta aldizkari bat argitaratu; Gabonetan, seme-alaben laguntzarekin, bi milatik gora CD grabatu eta bidali genizkien partaideei, sailkapenekin eta abarrekin; dominen zintak emazteak eta koinatak josten zituzten, Galarleiz izenarekin...». Ia urte osoko ardura izan arren, «gozatu» egiten nuen Galarzak, «ilusioak mendiak mugitzen baititu», haren hitzetan.

Azken hiru ekitaldietan, hau da, 2014an, 2015ean eta 2016an «oso gaizki» pasatu zuten, ordea. «Diputazioan bereizi egin zituzten Nekazaritza eta Ingurumen Sailak, eta Ingurumenekoek asko zorroztu zituzten baldintzak. Ikuskapenak egin, eta presio handia ezarri ziguten. Azkenean, esan ziguten sai zuriarengatik lasterketa ezin genuela egin  martxoaren 15etik irailaren 15erako tartean. Eta Burgosen urrian sute arrisku handia izaten denez, urrian ere ezin genuen egin. Beraz, ia neguko hilabeteetan baino ezin genezakeen egin proba, eta Ordunteko mendietan, hilabete horietan ezin genezakeen bermatu korrikalarien eta boluntarioen segurtasuna. Gainera, ez nuen beste probaren baten egun berean egin nahi». Horregatik, «min handiz», proba bertan behera uztea erabaki zuen Galarzak.

«Antolaketa lan guztietan, oinarri nagusietako bat boluntarioak dira, eta jende hori zaindu egin behar da. Haiek partaide sentiaraztea eta familia moduko bat osatzea funtsezkoa da kirol probak antolatzeko orduan»

PEDRO GALARZA Galarleiz mendi maratoiaren zuzendaria

Galarzak ulertzen du sai zuriarengatik muga batzuk jarri beharra, baina uste du lasterketak ez zuela «aparteko trabarik» sortzen. «Egun bakar batean eta hiru bat orduz igarotzen ziren korrikalariak Kolitzatik, eta ez dut uste sai zuriari traba handirik egiten genionik. Ekainean, Balmasedako jai oso garrantzitsu bat egiten da Kolitza tontorreko ermitan, eta horra 4.000 lagun joaten dira, txosnak muntatzen dira, musika... baina horrekin ez dago arazorik».

Uzteko erabakia «gogorra» izan zen Galarzarentzat, eta, horregatik, gaur egun ez da gai lasterketetara joateko. «Joan izan naizenetan, ‘Pedro, egin behar dugu’, ‘antolatu behar dugu berriro’ eta halakoak esaten dizkidate, eta niri korapilo bat egiten zait sabelean. Zallako Udalak, Enkarturrek... askok esan didate berriz abiarazi behar dugula, baina jada ez. Batetik, lasaiago bizi naiz, familia ez dut hainbeste endredatzen, eta bestetik, gaur egun beste lasterketa bat dugu Balmasedan, Kolitza Balmatrail, eta ibilbidearen zati bat Galarleizeko bera da. Horrekin aski dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.