Datorren urtean ez dute egingo Ehunmiliak lasterketa

Antolakuntza batzordeak azaldu du erabaki «zaila eta hausnartua» izan dela. Nekea, errelebo falta eta diru kontuak aipatu dituzte arrazoien artean.

Korrikalari batzuk Ehunmiliak lasterketan, aurten. GORKA RUBIO / FOKU
Korrikalari batzuk Ehunmiliak lasterketan, aurten. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko urriaren 1a
19:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehunmiliak mendi lasterketaren antolatzaileek etena egitea erabaki dute. Horrenbestez, datorren urtean ez dira egingo horri lotutako hiru probak: Ehumiliak bera (168 kilometro), Goierriko Bi Handiak (88 kilometro) eta Marimurumendi (42 kilometro). Sare sozialetan zabaldu dute berria, eta bertan azaldu dute erabaki «zaila eta hausnartua» izan dela. 

Ondoren, arrazoiak aletzen joan dira. Gogorarazi dute 2008tik ari direla antolakuntza lanetan: «Beasainen kokatuta dagoen talde txiki bat gara, eta taldekideek osatzen dugu batzordea; urte hauetan boluntario gisa aritu gara lanean. Ordu asko eskaini dizkiogu proiektu honi». Baina «zail» ikusten dute bide beretik jarraitzea: «Proiektua martxan jarri zenetik antolakuntzako taldekideon egoera pertsonala eta familiarra asko aldatu da, eta, ondorioz, zail egiten zaigu beharrezko denbora eskaintzea». 

Bestalde, azken urteak «nekagarriak» izan direla azaldu dute. «Erabaki zail asko hartu behar izan ditugu, eta horrek zama handia sortu digu. Nekeak eta ordezko faltak eragin handia izan du taldean». Gainera, datozen urteetarako ere «oinarrizkoak» diren beste hainbat kideren falta aurreikusten dute. 

Diru kontuek ere izan dute eragina erabakia hartzeko orduan: «Diru sarrerek ez dute gastuen bilakaera bera eduki. Proiektuaren mailari eusteko, gastuek gora egin dute etengabe, eta ez dugu jakin diru sarrerak neurri berean egokitzen. Ondorioz, urtea galerarik gabe amaitzeko, ahalegin handiak eta lan gehigarriak egin behar izan ditugu». Egoera hori kontuan hartuta, uste dute ezingo luketela kalitatezko lasterketarik antolatu. 

Eskerrak eman dizkiete urte hauetan lagundu dieten erakunde, babesle, korrikalari eta boluntarioei. «Haiek gabe hau guztia ez litzateke posible izango». Gainera, ateak zabaldu dizkiote proiektuarekin aurrera jarraitzeko interesa duen edozeini: «Gure laguntza eta erabili dugun materiala eskuragarri izango dute».

Hamalau ekitaldi

2010ean egin zen lehenbiziko Ehunmiliak proba. Aurtengoa hamalaugarren ekitaldia izan da, eta aurten ere milatik gora partaide lehiatu dira Ehunmiliak, Goierriko Bi Handiak, eta Marimurumendi lasterketetan, zehazki 1.260 korrikalari. Andoni Zubeldiak, lasterketaren zuzendariak, emakumezkoen partaidetzan urtez urte izan den gorakada azpimarratu zuen aurkezpenean, eta aipatu zuen atzerritarren parte hartzea ere inoiz baino handiagoa izango zela aurten: 13 herrialdetako korrikalariak aritu ziren uztaileko bigarren asteburuan.

2020. eta 2021. urteetan, pandemia zela eta, ez zen lasterketarik egin. 2022ko edizioan, pandemiaren aurreko ekitaldietan bezala, dortsalak amaitu egin ziren, baina probaren atarian BERRIAri eskainitako elkarrizketan, Mikel Valdivielso orduko zuzendariak aurreratu zuen «zailtasun handiak» izan zituztela aurrekontua osatzeko. Probak Goierrin ez ezik Euskal Herri osoan duen esanahi berezia ere azpimarratu zuen Valdivielsok elkarrizketa hartan. «Goierrirentzat baino gehiago, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herriarentzat zer esan nahi duen esango nuke. Goi mailako proiektu bat tinko izateak asko esan nahi du. Ekonomikoki ere bultzada bat ematen dio inguruari. Goierrikoentzako ilusio ikaragarria da, eta Beasainen, esaterako, eguraldi ona hasten den bezala, jendeak Ehunmilietako elastikoak ateratzen ditu kalera. Etxe gutxi izango dira Goierrin Ehunmilietako elastikorik gabe».

Aurtengo ekitaldian, Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra (Bizkaia) eta Maria Victoria Soler espainiarra gailendu dira Ehunmiliak proban. Ekaitz arriskua zela eta, irteera ordua atzeratu, eta ibilbidea 125 kilometrora laburtu zuten. Gerrikaetxebarriak 15.04.06ko denboran osatu zuen 125 kilometroko ibilbidea. Herriko seme bat izan zen bigarren, Unai Dorronsoro beasaindarra, hain zuzen; bi minutura iritsi zen hura. Eta Fidel Fernandez iazko irabazlea izan zen hirugarren.

Maria Victoria Solerrek 21.52.13ko denboran osatu zuen 125 kilometroko ibilbidea. Eva Lizarralde oiartzuarra (Gipuzkoa) izan zen bigarren (22.16.46), eta Cristina Bataller kataluniarra, hirugarren (22.17.43).

Goierriko Bi Handiak proban, berriz, Olatz Azazeta izan zen lehen emakumea (13.48.53). Altsasuarra bigarren izan zen iaz. Raffaela Ciavola gasteiztarrak (14:32:15) eta Leire Martinez santurtziarrak (14.46.45) osatu zuten G2H probako podiuma.

Gizonezkoetan, berriz, Ander Iñarra lezoarra izan zen lehena helmugan (10.42.43). Iñarra garailearen atzetik iritsi ziren Mikel Intsausti beasaindarra (11.09.49) eta Aitor Zunzunegi legorretarra (11.22.29).

Probaren webgunean daude zehaztuta urtez urteko irabazleak eta sailkapen guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.