Amaitu da mendi lasterketen Euskal Herriko Kopa lineako proben modalitatean ere. Asteburuan jokatu da Balmasedan zortzigarren eta azken lasterketa: Kolitza Balmatrail. Balmasedako proban, hainbat distantziatako lasterketak jokatu ziren, baina proba nagusia 26 kilometrokoa izan zen (1.500 m+). Ibilbidean, Balmaseda inguratzen duten mendi enblematikoenak igo behar izan zituzten partaideek: Garbea, Kolitza, Sabugal, Cerro del Castillo eta Terreros.
Kolitza Balmatrail proba nagusi horretan, Eider Zubeldiak (2.31.17) eta Jon Betolazak (2.01.04) irabazi zuten. Emakumezkoetan, Elia Vidal kataluniarra izan zen bigarren, eta Maria Mercedes Salas andaluziarra hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Iraitz Legorburu izan zen bigarren eta Robert Marsal kataluniarra hirugarren.
Euskal Herriko Kopako sailkapen nagusian, berriz, zortzi probetako emaitzak batuta, Eider Zubeldia eta Iraitz Legorburu izan dira txapeldun. Promesa esaten zaion kategorian, Unai Romano gailendu da; kadeteetan, Amaiur Etxeandia eta Peru Luengo; gazteetan, Norah Muzas eta Xabier Arranz; juniorretan, Kimetz Aranburu, eta beteranoetan, azkenik, Jone Urkizu, Julen Aguado eta David Roman.
Kolitzako Errekorra deritzon proban, berriz, lasterkariak erlojupeko lasterketan lehiatzen dira: San Severino plazatik abiatu, Kolitzako San Roke ermitara igo eta jaitsi —12 kilometroko distantzia eta 720 metroko goranzko desnibela—. Erlojuaren aurkako lehia horretan, Lola Oiartzabal (1.07.25) eta Ibai Larrea (51.00) izan ziren azkarrenak. Emakumezkoetan, Maider Unanue izan zen bigarren (1.07.45) eta Elia Vidal hirugarren (1.09.31). Gizonezkoetan, berriz, Aitor Ajuria izan zen bigarren (52.08) eta Javier Gutierrez hirugarren (53.10).
Proba hori bera selekzioen arteko lehia izan zen lehen aldiz —Kolitza Adarra izendatu zuten proba—, eta horretan lau selekzio aritu ziren nor baino nor: Katalunia, Madril, Andaluzia eta Euskal Herriko selekzioa. Selekzioko emakumezkoen eta gizonezkoen denborak aintzat hartuta ebatzi zen sailkapena, eta lehen bi postuak euskal selekzioko kideentzat izan ziren: Lola Oiartzabal eta Ibai Larrea txapeldun eta Maider Unanue eta Aitor Ajuria bigarren.
Kolitza-Balmatrail lasterketetako sailkapen guztiak probaren webgunean.

Maite Maiora irabazle Mallorcan
Asteburuan bertan jokatu da Balear Uharteetan Mallorca by UTMB lasterketa. 64 herrialdetako 2.400 lasterkari aritu ziren lehian lau distantziatan, eta SDT deiturikoan —138 km eta 5.600 m+— Maite Maiora izan zen irabazle. Mendaroarrak 18 ordu eskasean (18.01.27) osatu zuen ibilbidea. Celine Finas frantziarrari ordu eta erdiko aldea atera zion, eta Andrea Vlasakova txekiarrari bi ordu eta laurdenetik gorakoa.
Pozaren pozez, Tramuntanako mendilerroan jotzen duen haizeari buruz idatzi du Maiorak bere sare sozialetan. «Euskal Herrian, hego haizeak erotu egiten gaituela esaten dugu. Hemen, Mallorcan, berdina esan liteke ipar haizeari buruz. Mallorcara etorri, haize ero hauei aurre egin, mendi eta paisaia hauek bisitatu eta ibilbide zoragarri hau egiteak indarberritu egin nau. Irabaztea beti da berezia, are gehiago helmugara iritsi eta jende asko pozarren eta zoriontsu ikusten duzunean zu besoak goratuta iritsi zarelako. Jende horrek badaki zein zaila den irabaztea; izan ere, halako proba luze batean gauza asko atera daitezke gaizki, eta talde lanari esker, gutxi atera ziren. Adoretzen eta zoriontzen nauzuen guztiok, nigatik pozten zareten guztiok, eta, nola ez, hurbilen zaudetenok osatzen duzue taldea. Zuengatik da garaipen hau».