Iaz atzera egin zuten. Aurten ez, aurten azkenean burutu dute beren asmo handia. Egiazko alpinismoaren adierazpide gorena. Tragediaz eta kondairaz umotutako mendia da Ekialdeko Jannu (7.468 m); hogeita hamar urte eta hamalau ahalegin behar izan dira norbait tontorrera iristeko. Eta iritsi direnak ez dira edozein, gaur egun munduan den soka indartsuenetako bat baita alpinismoaren mugarri hori jarri duena: Benjamin Vedrines eta Nicolas Jean frantsesek osatutako uztarria. Izan ere, gailurrera iristea bat da, eta egin duten moduan egitea beste bat. Estilo alpino garbian —aurrez kanpalekurik ezarri gabe eta sokarik finkatu gabe—, lau eguneko ahaleginean heldu dira Jannuren erpinera, ipar horman gora hasieran eta ekialdeko ertzeko erlaitzei jarraituz gero.
«Batzuetan, igoera batek bizitza oso bat alda dezake, eta uste dut hau horietako bat dela», idatzi zuen Benjamin Vedrinesek igandean bere Instagrameko kontuan, hormatik jaitsi eta gero. Estilo alpinoaren etika eta minimalismo azkarraren mentalitatea izan dira igoera harrigarri horren bultzada. «Hiru egun baino gehiago behar izan ditugu gailurra jotzeko, baina, berez, pasioz betetako bizitza oso bat behar izan dugu mendi mitiko horren ertz malkartsuak zeharkatzeko. Irudimena behar da amets egiteko, eta pazientzia, pasioa eta eromen dosi doia ametsak egia bihurtzeko», Vedrinesen arabera.
«Bizitza oso bat behar izan dugu mendi mitiko horren ertz malkartsuak zeharkatzeko. Irudimena behar da amets egiteko, eta pazientzia, pasioa eta eromen dosi doia ametsak egia bihurtzeko»
BENJAMIN VEDRINES Alpinista
Iazko udazkenean, Leo Billon taldekidearekin saiatu ziren Vedrines eta Jean. Hormaren beheko partean bide onetik joan zen dena, baina, lehen bibakaren ondoren (6.300 m), Billon ondoezik jartzen hasi zen bat-batean, altueraren eraginez, eta hirukoa beherantz hasi zen. Orduantxe, horma horretan bertan ziren Mike Gardner eta Sam Hennessey estatubatuarrak ere, beren ahalegina egiten. Frantsesek, jaitsieran, Hennessey ikusi zuten horman, bakarrik. «Seinale bat egin zigun, zerbait adierazi nahian», oroitu du Vedrinesek. Hurbildu zirenean, Hennesseyk jakinarazi zien Gardner erori egin zela. Hormaren azpian zetzan haren gorpua. Jaitsiera ez zen batere samurra izan.

Iazko ahaleginetik hainbat ikasgai atera zituzten fransesek, eta, aurten, horiek barneratuta joan ziren Jannura, irailaren hasieran. Aurrez, gorputza altuerara egokitzeko, Anidesh Chuli (6.808 m) mendia igo zuten estilo alpinoan, hori ere aurrez inork igo gabeko gailurra.
Lau egun muturreko baldintzetan
Behin betiko ahaleginean, urriaren 12an atera ziren kanpaleku nagusitik, eta lehen gaua hormatzarraren azpian igaro. Biharamunean ekin zioten eskaladari, eta bi egun eta erdian zabaldu zuten gailurrerainoko lerroa: lehen bibaka 6.200 metrotan egin zuten, eta bigarrena, 6.900 metrotan. Urriaren 15ean jo zuten tontorra, 13:40an. «Azken 500 metroak ikaragarri zailak izan ziren», Nicolas Jeanen hitzetan. «Gerriraino genuen elurra, malda handia zen, erlaitzak ia gaindiezinak, eta benetako tontorra bilatzea ere ez zen batere erraza izan. Ekialdeko Jannuren gailurra zela uste genuen hori brankaren muturra besterik ez zen; punturik altuena mendebalderago zegoen. Oso-oso nekatuta heldu ginen gailurrera».
Jaisteko ere beste bi egun —tartean beste bibak bat— eta berrogeita hamar rappeletik gora behar izan zituzten.

Lau egun eman zituzten zentzumen guztiak zorroztuta, non-eta hutsegiterik txikiena onartzen ez duen horma laiotz eta tente batean, piolet kolpe bakoitza ondo iltzatuz, oin bakoitza kranpoi hortzetan ondo bermatuz, bibaketarako kokagune egokiak aukeratuz... Horregatik, ez da harritzekoa, lau egunen buruan eremu horizontal batera iritsi eta adrenalina hori guztia bere onera etorri zenean, Vedrinesek zera esan izana, «bizitza oso bat alda dezakeen igoera» izan dela Ekialdeko Jannukoa. Nicolas Jeanek ere adierazi du txikitako ametsa egia bihurtu dela: «Inork igo gabeko gailur bat, horma handi bat, estilo alpinoa, alpinismo teknikoa eta, batez ere, sokalagun bikain bat. Muturreko lau egun hauek, orain arte, nire ibilbideko lorpenik handiena izan dira».
Himalaiako gailur gutiziatuetako bat zen Ekialdeko Jannu, igo gabe geratzen diren mendi handietan zailena, ikusgarriena, basena. Esloveniarrak izan ziren saiatzen lehenak, 1991. urtean, ekialdeko aurpegitik. Ondorengo hamalau urteetan, gutxienez beste zortzi talde esloveniar saiatu ziren, guztiak ekialdeko aurpegitik. Zorigaiztoak ere izan ziren: Damjan Vidmar hil zen 1992an, eta Bojan Pockar eta Ziga Petric 1996an. 2004an, Tomaz Humar bera ere hil ala bizi jaitsi zen hormatik, ekaitz betean. Euskal herritarrak ere saiatu izan dira mendi horretan: Mikel Zabalza, Ekaitz Maiz, Iker Madoz eta Mikel Inoriza 2022ko udazkenean ahalegindu ziren, baina etengabeko elurteen eta arriskuaren eraginez, etsi egin behar izan zuten.